Hamar urteren buruan, bueltan da Nazioarteko Trikitixa Jaialdia
Euskal Herriko Trikitxa Elkarteak antolatuta, Errenterian egingo da larunbatean, eta Galdakaon igandean
Asteazkena, 2 azaroa 2022, 15:08
50 urte trikitilariak aurrenekoz jaialdi batean propio elkartu zirenetik. 20 urte lehenengo Nazioarteko Trikitixa Jaialdia egin zenetik. 10 urte egiteari utzi zitzaionetik. Urteurren borobil horiek denak elkartuta, hamarkada beteko etenaren ondotik, «ospakizun giro honetan, trikitia berriz ere nazioarteko erakusleihoan» jarriko du EHTE Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak, datorren asteburuan egingo den Nazioarteko Txikitixa Jaialdiaren bitartez. Bi tokitan egingo da: Errenterian larunbatean (Niessen Kulturgunean, 18:30etatik aurrera) eta Galdakaon (Torrezabal Kultur Etxean, 17:30ean) igandean.
Ainhoa Urretabizkaia kazetariak aurkeztuko dituen jaialdietan «ibilbide oparoko atzerriko bi soinu-jotzailerekin batera, Euskal Herriko hiru trikitilari berritzaile» ariko dira. Azken horiek dira Fredi Pelaez pianista lazkaotarrarekin batera ariko den Eneko Dorronsoro soinu-jotzaiñle ataundarra; emanaldi hauetan «jendaurrean lehen aldiz eta primizian, soinu txikia soinean hartuta» ariko den Eneritz Furyak eta azkenaldian Süne izenarekin ari den Josune Arakistain, Huntza taldeko soinu jotzailea eta hainbat trikitixa txapelketatako irabazlea, alboan Aitor Huizi biolin-jotzailea izango duena.
Liv Hallum soinu-jotzaile kataluniarra, berriz, ibilbide oparua duen musikari eta irakaslea da, eta oraingoan haizezko tresnen jotzaile bikaina den Ivan Carok lagundurik dator, Pirinioetako herrietako plazetan jotzen zen dantzarako musikan inspiratutako piezekin. Larunbat goizean Errenterian Masterclass bat eskainiko duen Damien Mullane irlandarra, berriz, «abangoardiako estiloa duen jotzaile birtuoso» gisa aurkeztu izan dute. Gaztea izan arren, aipatzeko moduko ibilbidea osatzen ari da.