Entzulearengan «harridura» sortu nahi duen diskoa kaleratu du Mirua taldeak
Lehen disko luzea dute, estilo desberdinekin osatu dutena, «antologia moduko bat», hirukote tolosarraren esanetan
Maitane Iruiñ eta Malentxo eta Mattin Zeberio anai-arrebek elkarrekin musika sortzen hastea erabaki zuten 2019an. «Etxeko salan ez zegoen lekurik denontzat eta aliatzea erabaki ... genuen», dio Mattinek. Arrakala proiektuarekin zebiltzan Maitane eta Malentxo orduan, eta beraien abestiei Mattinek proposatutako doinu elektronikoak jarri zizkieten. Horrela sortu zituzten 'Arnasten du hemen' eta 'Koloreek' abestiak, azken honekin 2021. urtean Gaztea irratiko maketa-lehiaketan Harrobia saria irabazi zutelarik. Ondoren iritsi zen sei abesti bildu zituen EP-a, 'Mirua' (2023), taldearen izena jaso zuen lana. Orain, «prozesu luze» baten ondoren, hiru gazte tolosarrek berain lehen album luzea atera dute, Miruenea izena eman diotena. «Gure etxeko ateak zabaltzen ditugu lan honetan jendea sar dadin zer egiten dugun ezagutzera», diote.
aurtzarotik lagun izan dituzten erreferentziak eta gaur egun entzuten dituzten soinu eta musika desberdinekin osatu duten «antologia moduko bat» da diskoa, «txikitatik aldean izan ditugun doinuak eta gaur egun entzuten ditugunak», Malentxoren esanetan. «Zentzu horretan, diskoak kontzeptu garbi bat baduela sentitzen dugu, baina abestiak oso desberdinak dira beraien artean», dio. Askotariko estiloekin sortutako hamabi kantu dira, euskal folklorearen sustraien eta orainaren arteko zubi originala eraikitzen dutenak.
Datuak
-
Mirua: Maitane Iruiñ eta Malentxo eta Mattin Zeberiok elkarrekin musika sortzen hastea erabaki zuten 2019an.
-
'Miruenea': Taldearen lehen album luzea da, hamabi abesti «oso desberdinek» osatzen dutena.
-
Zuzenekoa: Manu Gaigne perkusionista beraiekin izango da oholtzan uda honetan eskainiko dituzten kontzertuetan.
'Mugaz Gaindi' eta 'Salda badago' aurrerapenekin entzuleek antzeman zuten taldearen bide berria. «Abesti bakoitza mundu bat da eta entzulearengan harridura hori sortu nahi dugu, harreman berezi bat eraiki, gure publikoak ez dezala espero zer entzungo duen», azaltzen du Mattinek. «Estilo arteko eklektisismo» bat da lan hau, baina era «oso naturalean» gauzatu dena, «gurekin beti izan ditugun eragin horiek moldatzea oso era naturalean egin dugu», gaineratzen du Malentxuk.
Hiru urteko lana
Miruenea aipatutako bi aurrerapenek inauguratzen dute, eta nobedadeak hirugarren abestian hasten dira 'Guda dantza'-rekin, instrumentazioz beteriko anbizioari buruzko abestian. Mungiako TOC taldearekin elkarlanean grabatutako 'Lau Begi Eder'-ekin jarraitzen du diskoak, non Miruak bere alderdi rockeroena ateratzen duen. Galerari buruz hausnartzen du 'Kolpatzear den aizkora' abesti intimoak jarraian, eta 'Morroxko dator'-ekin berriro ere tonu dibertigarria berreskuratzen dute, Hernaniko parranda gau dibertigarri bat kontatzen duen abestia, arin arin erritmoan. 'Bihotz bat', 'Gauerdiko kantorea' eta 'Loreak Mendian' kantek estilo lasaiagora bueltatzen dute entzulea.
Azkenik, 'Artilea'-k Mattinen ahotsean islatzen du album osoa besarkatzen duen iraganaren eta gure egunen arteko zubiaren metafora. 'Zazpiak bat', Tapia eta Leturiaren 'Loiolako Porrusalda' abestiaren bertsioak, ixten du diskoa, azken hamarkadetan euskal folklorea ordezkatzen duten hainbat lagunekin. Leturia, Kiliki, Maixa eta Leire Leturiarekin hain zuzen. «Musikari eta abeslari askori proposamena egin genien diskoan parte hartzeko, eta ia denek baietz esan ziguten», gogoratzen du Mattinek.
Askotariko estiloekin sortutako hamabi kantuk osatzen dute, «bakoitza mundu bat da», diote
«Poliki-poliki» eraikitzen joan diren proiektua da Miruenea, hiru urteko lana abestiak sortzeko eta ondoren grabatzeko. Horretarako, dirua aurreztu eta «pixkanaka erabili dugu diskoa egitekoa», aitortzen du Mattinek. Honek ahalbideratu du «nahi duguna, nahi dugunarekin eta nahi izan dugun moduan egitea», izan ere, lana haur «guretzat ditugun leku, soinu, musikari, gogoeta eta sentimendu bilduma bat da», laburbiltzen dute.
Aurkezpen bira
Orain, «emaitzarekin disfrutatu» eta jendeari doinu berriak erakusteko garaia iritsi da. Uda honetan hainbat emanaldi eskainiko ditu taldeak, batzuk aretoetan, beste batzuk kalean eta jaialditan. Bira honetarako kontzertuak «berplanteatu» eta laugarren kide bat izango dute oholtza gainean, Manu Gaigne perkusionista. Malentxok aurreratzen duenez, «perkusioa oso presente dago diskoan, eta danbor erraldoi batzuk izango ditugu». Gainera, «abesteaz gain, instrumentu gehiago jotzera ere ausartuko gara, biolina, biola, gitarra, teklatuak... eta baita sorpresaren bat», azaltzen du.
Laugarren kide bat izango dute eta «instrumentu gehiago jotzera ere ausartuko gara»
Zuzeneko berriak dagoeneko eskaini dituzte Errenterian, Iruñean eta Tolosan –Hernaniko kontzertua bertan behera geratu zen eguraldi txarra zela-eta–, eta uztailaren 10ean Bilbao BBK-Live jaialdian parte hatuko dute. Lehenago, Usurbilen eta Bordelen ere izango dira. Alegi, Lakuntza, Amasa-Villabona, Donostia, Deba, Artia eta Bidebarrieta izango dituzte hurrengo geltokiak.
¿Tienes una suscripción? Inicia sesión
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.