Bengok single berria aurkeztu du, 'Ez Da Betiko'
«Etapa helduago edo pertsonalago» batean kokatzen da lana eta generoari dagokionez «hiri-generoaren» barruan sartzen da
J. A.
Osteguna, 4 uztaila 2024, 12:35
Aro berria ireki du Bengo artista oiartzuarrak musikan eta aleka argitaratzen ari den lana horren adibide argia izango omen da. Hala aurreratu zuen, lehen trazak nabaritu ahal izan ziren plazaratu zuen 'Beste behin' kantuan eta ildoa berretsi da 'Ez da betiko' abestian, bigarren single-a dena. Jada entzungai da plataforma digital nagusietan eta bideoklipa ikusgai YouTuben.
Julen Aduriz produktore gaztearekin batera eta, oraingo honetan, Yeray Lizarazurekin lankidetzan, egoera zaila bizi izaten ari den pertsona baten istorioa transmititzen saiatzen da Bengo. Denbora luzez jasaten ari den zurrunbilo emozional baten ondorio da protagonistak orain duen egoera, eta badaki, lehenago edo beranduago, aurre egin beharko diola zurrunbilo horri.
«Etapa helduago edo pertsonalago» batean kokatzen da lana eta generoari dagokionez «hiri-generoaren» barruan sartzen da eta, hitzek egoera zail bat islatzen duten arren, nolabaiteko in crescendo bat da abestia: gitarra batzuekin eta erritmo apalarekin hasten da eta, pixkanaka, irekiz eta indarra hartuz doa, errepikan nabarmentzen amaitzen duen arte. Horrela, hitzak eta erritmoa batera doaz, guztiarekin hautsi nahi izatearen sentsazio hori sortzea lortzeko, errepika frenetiko batekin amaituz.
Julen Adurizek (Ergobia) eta Yeray Lizarazuk ekoitzi dute abestia, Oiartzungo lokal txiki batean. Eñaut Gaztañagak nahasi eta masterizatu du 'Ez da betiko', Gaztain Estudioetan (Zestoa). Bideoklipa, berriz, Rita Gratacósek (Bartzelona) zuzendu eta editatu du, eta Orion eta Oiartzunen grabatu dute (Gipuzkoa).
2021ean '4 Taupada' izeneko Epa kaleratu zuen estreinu modura eta 2022an plataforma digitaletara hainbat abesti igo zituen. Urtebete beranduago oihartzun handia izan eta, besteak beste, artista hasiberri onenari Gaztea Saria jaso zuen 'Bizirik' diskoa plazaratu zuen. Orain dakarrena orduko zortzi abestiak baino «anitzago» bezala definiti du sortzaile oiartzuarrak. Orain, single eta ikus-entzunezkoa argitaratuta, 'Bizirik Bira' izenburuaren pean egiten ari den biran murgildua da Bengo.