Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Zaborarren sinbolo den arropak estaltzen du zazpi aktorek 20 bat rol jokatzen dituzten oholtza. ainhoa resano

«Mendi bat etorri zitzaigun gainera, ikusleek sentitzen dute zama hori»

Zaldibarko zabortegiaren amiltzea eta pandemia lotu dituzte Artedrama eta Axut! konpainiek Harkaitz Canok idatzi duen 'Hondamendia'-n

nerea azurmendi

Osteguna, 20 urria 2022, 19:05

Comenta

Luhuson eta Markina-Xemeinen baino ez da oraingoz ikusi ostiraletik igandera bitartean, Donostia Kulturaren eskutik, Egiako Gazteszenan (19:30, 10 euro) antzeztuko den 'Hondamendia'. Axut! eta Artedrama taldeen antzezlan estreinatu berria Ximun Fuchsek zuzendu du, Harkaitz Canoren testuan oinarrituta.

Azken bi urteak (2020ko otsailetik 2022ko otsailera bitarteko tartea hartzen du aintzat) parentesi artean jarri dituzten eta guztion bizitzetan arrastoa utzi duten bi gertakari lotu dituzte: Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileen heriotza eragin zuen Zaldibarko zabortegiaren amiltzea eta artean izenik ere ez zeukan baina ordurako hedatzen hasia zen birus batek eragindako pandemia.

«Tragedia bat beste tragedia baten gainean», oinarrizko testua osatu ondoren zuzendariarekin eta talde bietako kideekin batera jatorrizko proposamena berrikusten, berregokitzen eta berridazten joan den Harkaitz Cano idazlearen hitzetan.

Bi urte horiek memoriatik zeharo ezabatzeko gai izan ezean, alegia, «asko dago prozesatzeko. Mendi bat etorri zitzaigun gainera, eta ikusleek bukaeran sentitzen dute zama hori. Esango nuke, gainera, modu pixka bat abrumadorean bizi dutela». Antzezlana ez da hala ere bi tragedia gainjarri horien kronika egitera mugatu, eta ikusleen oroimenean oso presente dauden gertakarietan oinarritutako fikzioak iraungitze datarik gabeko zenbait bide ireki ditu.

Ardura eta umorea

Arduraren inguruko gogoeta, esaterako. «Galdera asko planteatzen dira, eta gai printzipaletako bat ardura da; nola hainbat pertsonaiek ez dieten heldu nahi beren ardurei, edo zein mekanismo ditugun guk guztiok ardura horiek besteari pasatzeko edo gureak ez direla sinesteko», dio Canok.

Historian zehar zaborra eta gaixotasuna eskutik joan direla eta gogoratu du, baina oraingo honetan bien arteko lotura pertsonaien bitartez egin dute.

«Zabortegiko bi langile dauzkagu hasieran; erizaina; antzokiak itxi zaizkion dantzaria; kazetaria; politikariak, enpresariak... Zazpi aktore daude, baina 20 bat pertsonaia jokatzen dituzte denen artean. Batzuei eragiten die gehiago istripuak, beste batzuei pandemiak, baina azkenean pertsonaien peripeziek eta eboluzioak josten dute historia». Ander Lipus, Maite Larburu, Manex Fuchs, Ruth Guimerá, Eneko Gil, Ane Sagues eta Jon Ander Urresti dira agertokian biderkatzeko gai diren zazpi aktore horiek.

Keinu eta bizipen arruntei erreparatzean, «erraz errekonozitzen du bere burua publikoak». Eta egoera itogarri horretan tarteka «umore beltz eta absurdoak» eskaintzen dizkion arnasaldiak zinez eskertzen ditu, «gertatzen zaiguna ulertzen ez dugunean bizitzaren alde luminosoa besarkatu behar dela» baita mezuetako bat.

Konpainia biak ezaugarritzen dituen minimalismotik urrun dago lan hau. «Justu kontrakora joan dira. Arropa pila bat dago eszenatokian, eta normalean erabiltzen ez dituzten pantaila handiak ere bai», zer bizi izan genuen ez ezik nola bizi izan genuen ere gogoratuko baitigu hilaren amaieran Donostian itzuliko den 'Hondamendia'-k.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Mendi bat etorri zitzaigun gainera, ikusleek sentitzen dute zama hori»

«Mendi bat etorri zitzaigun gainera, ikusleek sentitzen dute zama hori»