Manex Agirre aramaioarra, Arabako Bertsolari Txapelketako finalera
Etxean jokaturiko lehen finalaurrekoan garaipena lortu du, Peru Abarrategi herrikidearen aurretik
A. Urbieta
Donostia
Igandea, 25 otsaila 2024, 18:43
Manex Agirre aramaioarrak irabazi du larunbat honetan etxean, Aramaion, jokaturiko Arabako Txapelketako lehenbiziko finalerdia eta honekin batera finalerako sailkapena poltsikoratu du. Sei bertsolari aritu dira kantuan kultur etxean: Eli Zaldua Barquin (Gasteiz), Unai Anda Delika (Ametzaga), Iñaki Viñaspre Simon (Abetxuku), Ekaitz Samaniego Curiel (Gasteiz), Peru Abarrategi Sarrionaindia (Aramaio) eta garaile suertatu den Manex Agirre Arriolabengoa. Sarrera guztiak agortuta, jendez lepo izan da kultur etxea.
Eskatutako 14 bertso puntuagarriak kantatuta, Agirre izan da puntu gehien eskuratu dituena 372. Beste aramaioarra, Peru Abarrategi, geratu da bigarren 365,5 punturekin eta haren atzetik, Iñaki Viñaspre (354 puntu), Unai Anda ( 337 puntu), Eli Zaldua (331.5 puntu) eta Ekaitz Samaniego (305 puntu) sailkatu dira.
Hamahiru lagunez osatutako gai-jartzaile taldetik Etxaun Otaño Zinkunegi aritu da aurkezle lanetan Aramaion. Bigarren fase honetako epaimahaia horrela osatuta dago: Mikel Fernandez de Arroiabe, Fernando Sopelana, Iker Elexpuru eta Aitor Jimenez Tolosana. Endika Jimenez Enbeita dabil idazkari lanetan.
Martxoaren 2an Dulantzin hurrengo saioa
Arabako Txapelketako bigarren eta azken finalerdia martxoaren 2an izango da Dulantzin, bertako Kultur Etxean, arratsaldeko 17:30ean hasita. Bertsotan Aroa Arrizubieta, Asier Otamendi, Izar Mendiguren, Paula Amilburu, Xabi Igoa eta Aitor Ugarte arituko dira. Bigarren finalerdi honetako irabazlea ere zuzenean sailkatuko da finalera; hurrengoak, berriz, puntuazioaren hurrenkeran finaleko seikotea osatu arte.
Urtarrilaren 28an abiatu zen Arabako Bertsolari Txapelketa 18 bertsolarirekin; 2022ko Arabako Bertsolari Txapelketako finalean kantatu zuten bost finalistak (batek ez zuen izenik eman) eta 2023an jokatutako kanporaketetan sailkatu ziren 13ak. Horietatik 12 pasatu dira finalaurrekoetara eta sei bertsolari igoko dira oholtzara martxoaren 16an Gasteizko Printzipal Antzokian jokatuko den final handian. Manex Agirre izango da horietako bat. Aurtengoa edizio berezia du txapelketak, 40. urteurrena beteko baitu.