Lubakien artean kantari
1936ko gerrari buruzko liburu oso-oso bizia da Iñaki Alkainen 'Gerrateko ibillerak'. Laster euskara batuan berrargitaratuko dute
1936ko gerra hasi eta handik gutxira, Iñaki Alkainek izena eman zuen Eusko Alderdi Jeltzalearen batailoi batean, Itxarkundia izenekoan. Artean 19 urteko gaztea zen. Gerra galdu zuen, preso hartu zuten, oraindik 20 urte bete gabe, eta handik aurrera, pixka batean langile-batailoi batean jardun ostean, nazionalekin borrokan jarraitzera behartu zuten. Bukatu zen gerratea eta Alkain etxera itzuli zen, Urnietako Berrasoeta baserrira, aita Fernandoren ondora. Aita-semeak bertsolariak ziren, eta Antonio Zavalak 'Alkain aita-semeak' liburua plazaratu zuen 1970ean bere 'Auspoa' bilduma ezagunean.
Zavalak liburu hura publikatu zuenean, Fernando hilda zegoen, 1960an ezkutatu baitzen mundu honetatik. Liburua osatzeko garaian, Zavala Alkaindar gazteaz baliatu zen, Iñakiz. Tolosako jesuitak ikusi zuen kontulari ona zela eta egun batean hau esan zion, gutxi gorabehera:
–Iñaki, zuk inoiz kontatu dizkidazu gerrako pasadizo polit askoak. Liburua egin behar zenuke. Nik lagunduko dizut.
Iñaki Alkain Urnietan bizi zen 1970ean eta Antonio Zavala Donostian. Iñakik orri batzuk bete-tzen zituen gerra-garaiko oroitzapenez, Antoniori eman eta honek «garbira pasatzen» zituen, testuari egitura narratiboa emateaz gain. Biltzen ziren egunean, Antoniok honelatsu esaten zion Iñakiri: "Esan didazun hori oso interesgarria da, eta idatzi ezazu. Eta datorren asteazkenean segituko dugu". Zavala ez zen joaten Iñakiren etxera; alderantziz, baizik: Iñaki etortzen zen Urnietatik trenez Donostiara, eta Donostian Antonioren gelan elkartzen ziren. Halaxe osatu zituzten Alkainek eta Zavalak 'Gerrateko ibillerak' obrako hiru tomoak. 1971n hil zen Iñaki. Artean erabat bukatu gabe baitzegoen lana, baina material asko zeukanez argitara ematea erabaki zuen Zavalak. Hala ere, handik hamar urtera, 1981ean plazaratu ziren hiru tomoak. Gure jesuita zentsuraren beldur baitzen.
Eta orain albistea da laster aterako dela obra hau euskara batuan Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen duen Hauspoa bilduman, aurretik Auspoa saileko beste bi atera ziren bezalaxe: Sebastian Salaberriaren 'Neronek tirako nizkin' eta Mikela Elizegiren 'Pello Errotaren bizitza bere alabak kontatua'.
Xabier Andonegi donostiarrak ekarri du euskara batura Alkain eta Zavalaren prosa. Foru Aldundian ari da lanean, eta esan liteke paratzaile egokiena aukeratu dutela, izan ere gizon honen amona Iñaki Alkainen arreba zen, eta txikitatik jakin izan du gure protagonistaren berri. Obra harrigarria utzi zigun Alkainek. Harrigarriak izan ziren gerra-garaian hark egindako batzuk ere. Iñaki eta bere lagun Andoaingo Merdillegi baserriko Joxe Etxeberria maiz pasatu ohi ziren etsaien sailera, ikusteagatik han zenbat lagun zeuden eta zer-nolako armak zeuzkaten. Gasteizeraino ere joan ziren gau batean.
Zavalak, bere hitzaurrean, behin Santos Mokoroak kontatu ziona dakar: "Billarreal [Legutio] aldean gertatua esango dizut. Gau batez, guardia egiten geunden, erne-erne noski, punta-puntan baikinen. Iñaki Alkain hori, inori ezer esan gabe, etsaiaren aldetik abiatuta, arrastaka eta lau oinean, isil-isilik, gu geunden punturaino etorri eta orduan 'Kaixo, jaunak!' esan. Berak horrela agurtu arte, guk batere sentitu ez. Ikaragarri abila zen azeriak bezala ibiltzen. Baina horixe zen batere premiarik gabe bizia arrisku gorrian jartzea eta jokatzea. Guk sentitu izan bagenu, lau tiroz garbituko baikenuen".
Oso kontakizun bizia da. Tartean badaude pasadizo oso bitxiak ere. Adibidez, Basalgo mendian etsaien saileko beste bertsolari batekin bertsotan jardun zuenekoa; behin baino gehiagotan, gainera. Kontua da Basalgo mendi hori Bergara eta Soraluze artean dagoela. Alkainek jakin du bertsolari hori Amezketakoa dela eta harentzat bera pertsona ezaguna dela, ordurako Amezketan San Bartolome egun batez bertsotan izana baitzen. Eta orain Alkainen kontakizuna: "Gau batez, hor tratua egin dugu, hurrengo gauerako holako lekutan elkarrekin juntatu eta egonaldi bat egiteko, bera lagun batekin eta ni ere bai. Leku hori, bi lubaki-zuloen erdian zegoen. Haiek ardoa eta zer jana ekarriko zutela; eta guk, botila pattarra. (...) Hurrengo egunean, Urdiña zenari [kapitainari] baimena eskatura, joan gara agindutako ordurako, gure botila pattarrarekin, esandako lekura. Eta ez dakit zenbat denbora zain, asko behintzat, eta inor azaldu ez. Ez zioten nagusiek baimenik emango. Azalduko zen, bestela".
'Beltxa' esaten zioten lagun tolosar batekin joana zen Alkain. Amezketarra azaltzen ez, eta ireki dute koñak botila hori. Edan ostean, 'inspiratu' da urnietarra eta bertso hau kantatu:
Gabon, bai, hor zeraden
euskaldun berezi,
ixilik ezin neike
nagon lekun bizi.
Etortzeko onuntza
zuei galerazi,
agur egiterikan
ez dute merezi.
Eta, halako batean, hor dator ustekabeko erantzuna:
Alkain gaztea, ez asarretu,
ni ez naiz zure etsaia,
esango dezu kontestatzeko
bazala zerbait garaia.
Gaurkoan beintzat ez digute utzi
egiten nai degun naia,
jakin beazu beti naizela
artalde mutil-artzaia,
ni juango nintzan pozikan baño
asarre zan nagusia.
Gau hartan ez zuten gehiago kantatu. Baina ondorengo egunetan etorri ziren beste saio batzuk, eta gainera bi lagun eramaten zituen Alkainek, biak tolosarrak: 'Beltxa' eta Elustondo; hau berriz, takigrafi apunteak egiten zekiena, eta hain zuzen ere Elustondoren lanari esker betiko gordeta gelditu ziren jasota gerra-giroko bertso-sorta batzuk.