Loreen hizkuntza pitokeria bat da?
Loreen hizkuntza pitokeria bat da? Ez da pitokeria bat. Hala uste nuen nik jaio aurretik, baina ezetz esan zidan amak, loreek hitz egiten dutela. Altzetan egunero berresten da hori, argia egunero urratzen den legez. Gainera, den guztiak hitz egiten duen bizitoki batean, nola ez dute ba loreek hitz egingo? Panteismoaren erreinua da hau, oro da, bere ttiki edo handian, oso, bakar, betegin. Dalia sentiberatasuna da; krisantemo gorria, oso maite zaitut; pasionaria, gaztetasuna; bioleta, leialtasuna; izaia, heriotza; kamelia urdina, izan iezadazu erruki. Ez dakizkit denak, baina eurek hitz egin arau asmatzen dut zer sentimendu edo zer mezu adierazi nahi didaten, ni, lehengoan idatzia utzi nuen bezala, poliglota bainaiz. Arbola asko aldatu ditugu Altzetan, eta baita Maitasunaren Arbola ere. Gero gingko biloba bat ere bai, ez Hiroshimatik ekarria, ez, gaixoa, euskal herriren batetik baizik, eta makal ibili da beti, ez malats. Ongarria eta pixa, ur bedeinkatua, simaurra, belar ondua, ezerk ez du berpizten. Baina hortxe irauten du, zutik, ezeren beldurrik gabe, ia goizero gregoriano pittin bat kantatzen didala, lau ahots nahasietara.