'Tulipen dantza', Ibon Martínen azkenaurreko 'thrillerra', euskarara ekarri dute
Idazle donostiarraren 'Isiltasunaren itsasargia' itzuli zuen Aiora Jaka Irizarrek euskaratu du gaztelaniaz 2019an argitaratu zen 'La danza de los tulipanes', Ane Cestero ertzaina protagonista duen lehen nobela
nerea azurmendi
Asteazkena, 30 azaroa 2022, 17:28
bon Martín (Donostia, 1976) idazleak helduentzako idatzi dituen sei eleberri ezagunenak maiz izan dira gaztelaniatik beste hizkuntza batzuetara eramanak. Hala ere, birritan baino ez dira heldu euskarara: 2019an 'Isiltasunaren itsasargia' argitaratu zen, 2014ko 'El faro del silencio'-ren itzulpena, eta asteazken honetan 'Tulipen dantza' aurkeztu da, 2019. urtean Plaza&Janések argitaratu zuen 'La danza de los tulipanes'-en euskarazko bertsioa. Biak ala biak Aiora Jaka Irizarrek (Donostia, 1982) euskaratu ditu, eta Elkarrek eman ditu argitara
Idazleak, itzultzaileak eta Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak partekatu duten aurkezpenean iradoki denez, ez dira ale solteak izango. Ez dute zehaztasun gehiagorik eskaini, eta itxura batean hari-mutur dezente daude lotzeko, baina Ibon Martínek aurreratu du gustatuko litzaiokela «liburu guztiak euskaratzen joatea». «Ilusioa egiten dit, eta garrantzitsua iruditzen zait», adierazi du. Baldintza bakarra jarri du: Aiora Jakarekin batera lanean jarraitzeko aukera izatea.
LIBURUA
-
Izenburua: 'Tulipen dantza'.
-
Idazlea: Ibon Martín.
-
Itzultzailea: Aiora Jaka Irizar.
-
Generoa: Nobela.
-
Orrialde kopurua: 528.
-
Salneurria: 21,50 euro.
Aiora Jaka Irizarrek esandakoaren arabera, erraz eta gustura lan egiten dute elkarrekin, nahiz eta «desabantaila izan idazleak itzulpena irakurtzea». Ibon Martínek, berriz, asko eskertzen du aukera hori izatea, baita itzultzaileak jatorrizkoa hobetzea ere. «Nire liburua euskaraz irakurtzen dudanean sentitzen dut Aiorak aberastu egiten duela, liburua hobea dela, eta hori oso zaila da», aitortu du.
«Ate asko ireki dizkit»
Bidaia liburuak idazten hasi zen Ibon Martín, eta 2013an fikziora jauzi egin zuenean aurretik zeukaten Travel Bug argitaletxe txikiarekin jarraitu zuen. Hala argitaratu zituen, 2014tik 2017ra, Leire Altuna idazlea protagonista izan zuten lau thrillerrak. Ane Cestero ertzainak bazuen presentzia istorio haietan, baina Urdaibaiko parajeetan girotutako 'La danza de los tulipanes'-en ekin zion bide propioari. Trama Txingudiko badiara ekarri zuen 'La hora de las gaviotas' izan zen bigarrena, eta Cesteroren hirugarrena, Gipuzkoa barnealdean garatuko den 'El ladrón de rostros', urtarrilaren 10ean aurkeztuko dute. «Ia itzulita dago», aurreratu du idazleak.
'Tulipen dantza', Ane Cesterori eskainitako aurreneko nobela izateaz gain, autoedizioaren estutasunetan zaildutako Martínek argitaletxe handi batekin kaleratu zuen lehen nobela ere izan zen. «Aurreko liburuak ere oso ondo saltzen ziren, baina honek ate asko ireki dizkit. Sekulako proiekzioa eman zidan, ez bakarrik estatu mailan, baita Europa mailan ere, bederatzi hizkuntzatara itzulita baitago. Hego Amerikan ere irakurle asko ditut», gogoratu du Ibon Martínek.
'Tulipen dantza', irakurleak harrapatzeko gaitasun aparta duen idazlearen gainerako lanak bezala, hilketa batekin abiatzen da. Kasu honetan, trenbidean trenak harrapa dezan uzten duten kazetari batenarekin.