Sherlock Holmes detektibearen memoriak, lehen aldiz euskaraz
Aitor Blancok itzuli eta Igela argitaletxeak plazaratu du Agatha Christie-ren 'Orient Expresseko hilketa' liburuarekin batera
Arthur Conan Doyle eta Agatha Christie klasikoetan klasiko badira ere, haien lan guztiak ez dago euskaraz topatzerik. Hutsune hori identifikatu ostean Igela argitaletxeak neguarekin batera 'Sherlock Holmesen memoriak' ('The Memoirs of Sherlock Holmes' jatorrizkoan) eta 'Orient Expresseko hilketa' argitaratu ditu «etxean goxo irakurtzen egoteko».
Conan Doyle Aitor Blanco txantrearrak ekarri du euskarara Igela argitaletxearentzat egindako lehen itzulpenean. «Sekulako poza dakargu itzultzaile gazte batek bere lehen pausoak gurean ematen dituela ikusteak», kontatu du Igelak. Liburuan Sherlock Holmes detektibearen eta Watson doktorearen azken hamabi istorioak izan behar zirenak jasotzen dira, aurrekoak baino «istorio ilunagoak, gogorragoak, estilo eta forma literarioan anitzagoak». Bakoitzak Adur Larrea bilbotarrak egindako ilustrazio bat du Viktoriar Aroko On Kixote eta Santxo Panzaren kordako bi lagunen abentura eta desbenturak laguntzeko.
Fitxa teknikoa
-
Izenburua: 'Sherlock Holmesen memoriak'.
-
Egilea: Arthur Conan Doyle.
-
Itzultzailea: Aitor Blanco Leoz.
-
Argitaletxea: Igela.
-
Orri kopurua: 280.
-
Salneurria: 19 euro.
Christie ere berriro irakurgai
Christeren 'Orient Expresseko hilketa' lana 2004an euskaratu zuen Ainhoa Eder Zabalak, baina jada agortua zen liburua eta «hilketaren erregina» irakurleen artean oso estimatua dela jakinda, idazle britainiarraren liburu ezagunena edizio berrituan argitaratzea deliberatu dute. Hori bai, ez dute argitu nor den itzultzailearen 'atzean' nor dagoen. Misterio hori beste baterako utzi dute. Azalaren egilea Danel Agirre izan da.
Liburuko lerrotan Jugoslaviako elurretan galtzen den trena, «munduan den trenik elegante eta arriskutsuena» ezagutuko du irakurleak eta ezartzen zaion erronka ez da atzean geratzen: hiltzailea nor den Hercule Poirot detektibeak baino lehen argitzen saiatzea.
Fitxa teknikoa
-
Izenburua: 'Orient Expresseko hilketa'.
-
Egilea: Agatha Christie.
-
Itzultzailea: Ainhoa Eder Zabala.
-
Argitaletxea: Igela.
-
Orri kopurua: 342.
-
Salneurria: 17 euro.
«Jaso ditugu jada elurteak, euriteak, uholdeak, lainoa. Birusaren transmisioa ez da eten. Sumendiren bat edo bi ezagutu ditugu, baita lurrikarak ere. Eta halere, martxoaren hogeirarte ez dator beste urtarorik. Ez da une hoberik», arrazoitu du Igela argitaletxeak. Hor geratzen dira gomendioak irakurlearentzat.