O'Hararen poesia «kosmopolita eta Miloszen barnezale eta tormentatua», euskaraz
Beñat Sarasola eta Patxi de Vicente Arbeloak Munduko Poesia Kaiera bildumako 54 eta 55 aleak itzulli dituzte
«Bi gizon zuri mendebaldar», haien poesien eta bizitzen artean «kontraste handia» izan zena eta lanak «osagarri direnak», dira Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak bildumako 2025eko «udaberriko labealdiko» itzulpenetan hautatu direnak. Zehazki, «bi hizkuntza ahaltsutan» ingelesez eta frantsesez hurrenez hurren, idatzi zuten Frank O'Hara (1926-1966) eta Oscar Milosz (1877-1939) poetak, azaldu du Maialen Berasategi Catalán bildumaren editoreak. Beñat Sarasolak eta Patxi de Vicente Arbeloak euskaratu dituzte. «Uzta oso interesgarria geratu zaigula uste dugu», iritzi du bildumako editore den Isabel Etxeberria Ramírezek.
Frank O'Hara poesia «kosmopolita» dela azaldu du Etxeberriak, New York duela gertaleku nagusi. «Kanpozalea da, poesia dibertitua da, bizitza eta maitasuna ospatzen dituena». Bestetik, Oscar Miloszena «jardinetan» gertatzen dela xehatu du, «Lituaniako ordokietan, gazteluetan batzuetan. Poesia barnezalea da, gizon tormentatu batena, denboraren joenari kantatzen dio eta arranguratzen da, Biblian edo kabalan bilatzen du bizitzaren zentzua».
'Frank O'Hara'

-
Egilea: Frank O'Hara.
-
Itzultzailea: Beñat Sarasola.
-
Argitaletxea: Susa, Munduko Poesia Kaierak 54.
-
Orrialdeak: 64.
-
Prezioa: 10 euro.
Ezagun du O'Hara Sarasolak, bildumako editoreek esan bezala haren poema batetik abiatuta ondu baitzuen poetaren «bizitzako pasarte batzuk fikzionatzen» dituen 'Coca Cola bat zurekin' (Susa). Kaieran, noski jasoa da. Aspaldian sartu zen egilearen literaturan -eleberriaren aurkezpenean esan zuen Sautrela saioan «ustez imajinatiboki» 'Lunch poems' gomendatu zuela, gaztelaniara itzuli zen lehena, hein batean bere literatur jarduna inspiratu zuelako- eta bildumari «kariño berezia» diola gehitu du.
Egileak poesia sakonarena aldean «azala» aldarrikatzen zuela azaldu du, ulertuz berau bertan zela. «Ez zuen bilatzen beste tradizio batzuetan aldarrikatzen den errealitate transzendentala, 'ni'-a azaltzen bada ere poesia konfesionalarengandik aldendu» zen Sarasolaren esanetan. Aldiz, surrealismoaren «kutsua edo eragina» presente da, batik bat lehenetan. Gerora heldu ziren II. Mundu Gerraren azken zatian parte hartu izanaren eragina, zenbait poematan zeharka azaltzen dena, eta gai nagusi edo presenteen daudenak: New York eta «musa» izan zituen maitaleak. «Poesia okasionala deitzen zion, eguneroko bizitzako akzioak. Gauza banalak iruditzen zaizkigunak ere azaltzen dira». Hirira 1951n heldu zen eta Manhatanengo giro artistiko «nahiko eskisitoa, nagusiki zuria» oso presente da.
'Oscar Milosz'

-
Egilea: Oscar Milosz.
-
Itzultzailea: Patxi de Vicente Arbeloa.
-
Argitaletxea: Susa, Munduko Poesia Kaierak 55.
-
Orrialdeak: 64.
-
Prezioa: 10 euro.
Txanponaren ifrentzua da Milosz, orain arte ez baitzen haren lerro bakar bat euskaraz eta «kolpean 1.700 ditugu, poesia osoaren erretratu orokorra». «Bene-benetan tipo bitxia zen, poeta-filosofo-bisionario gisa, zentzu peioratiboan», aurreratu du De Vicentek. Itzultzailearen hitzetan Miloszen poesia ulertzeko haren bizitzako zenbait pasarte ezagutu behar dira «mugarri izan zirelako». Batzuk jatorriarekin dute zerikusia. 1877an jaio zen egun Bielorrusia izango zen herri batean, aitaren aldetik lituaniarra sentitzen zen eta ama poloniarra eta judua zen. «Nahaste borraste handi samarra zuen, ikusten da toki askotakoa baina aldi berean inongoa ez zela». Sustrairik gabeko nortasuna hori poesian «etengabeko bilaketa» bezala nabari da. Gurasoengandiko «abandonu eta bakardade sentsazioak» areagotu zuen arlo hori, apenas baitzuen harremanik haiekin.
Jatorriaren alor judua, jasotako kultur erreferentziekin bezala, oso inportantea da ere Miloszen obran. «Exegesia edo testuen interpretazioa asko landu zuen eta zuzen-zuzenean jo zuen judaismoaren mistizismora, kabala aztertzera». Atal honetan 1914an izandako «bisio mistikoa» mugarri izan zen eta obra itxuraldatu zuen. «Metafisikara jo zuen, ontologiara, arketipo unibertsalak ezarri zituen, eredu eternalak, eta analogiaren bitartez benetako bizitzarekin lotu», xehatu du De Vicentek.
Etxeberria eta Berasategik azpimarratu bezala, Sarasola MPK bildumako «sortzaile eta zuzendaria izan zen lehen 40 zenbakietan» eta orduko jarduna zein oraingo itzulpena eskertu diote. 2022An hartu zuten erreleboa.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.