Nobelak gizartean duen «oihartzun eskasa» erakutsi nahi duen 'Nobela errealista bat'
Joxean Agirreren hamargarren eleberria orain arte idatzi duen «liburu anbiziotsuena» dela uste du Xabier Mendiguren editoreak
Loiuko aireportuan lan egiten duen taxista ilustratu eta berritsua; haren emaztea; emaztearen maitalea, idazle zarauztar bat; frankismo garaiko hainbat ekintzaile ezagunen biografietatik hartutako printzak; Mikel Lejarza 'El Lobo'-ren inguruko eleberri argitaratu gabea; heriotza susmagarri bat; hori argitzeko ikerketa, segituan 'thriller' politiko itxura hartuko duena...
Hori guztia bildu du Joxean Agirrek (Azpeitia, 1949) Elkarrek argitaratutako 'Nobela errealista bat' eleberrian (200 orrialde, 19,50 euro). Askotariko osagai horiek istorio bakarrean batzeaz eta irakurlearengan «barre txikiak» eragiteaz gain, hainbat urtez kazetaritzan jardundako Agirrek nabarmendu nahi izan du, gai nagusi gisa, «literaturak eta nobelak gure gizartean duten oihartzun eskasa eta efikazia politiko urria».
'Nobela errealista bat'-en aurkezpena martxoaren 18rako zeukaten aurreikusita, baina bertan behera geratu zen larrialdi egoeraren ondorioz. Hala ere, labean gelditu diren beste askok ez bezala, liburuak izan du normaltasunera itzultzen ari diren liburu-dendetara heltzeko aukera, eta eskura dute irakurleek.
Internet bidezko liburu-aurkezpen ezohikoen bolada ireki duen saioan, Xabier Mendiguren editoreak adierazi du aurretik bederatzi eleberri argitaratu dituen Joxean Agirreren «liburu anbiziotsuena» dela oraingo hau: «Itxuraz nobela errealista bat, eta izatez gauza asko dena, aldi berean: errealista, surrealista, sentimentala, erotikoa, intelektuala, ironikoa... eta beste hainbat».
Bihurgunez beteriko istorioa abiarazten duena Agirrezabal abizeneko idazle bat da. Zarauztarra, urte batzuk badituena, Argiñanoreneko terrazan gustura egoten dena, eta ez dena sekula kapaz izan nobela errealista bat idazteko. Idazten jarraitzeko gauza ere, hortxe-hortxe... Joxean Agirreren 'alter ego' aitortua, pertsonaia autoparodikoa. Agirrek adierazi zuen gogotik eta gustura eman diola egurra Agirrezabali.
Eleberria egituratzen duen istorioa Agirrezabalek idatzitako nobela oso errealista batek abiarazten du. Editoreak eskatuta, bere ohiko eremutik urrun dagoen lana burutu du, estreinako saio horretarako gai korapilatsua aukeratuz: Mikel Lejarza 'El Lobo' infiltratuaren inguruko gorabeherak.
Liburuan agerian utzi dituen kontuen izaera ikusita, berehala piztuko dira susmoak Agirrezabal auto-istripu batean hiltzen denean. Haren omenezko gauzak ezin direla bere horretan utziekitaldian bertan erabakiko dute , argitu egin behar direla.
Nobelaren mugak
Esku bitxietan geldituko da enkargua: argitaletxean lan egiten duen Leire izeneko neska gazte baten eta izenik gabeko taxilari baten kargu. Narratzailearena azken horrek egiten du: taxira igotzen direnei Euskal Herriko zenbait eragile ezagunen (Xabier Arzalluz, Mario Onaindia, Jon Idigoras eta beste asko) biografietatik ateratako istorio laburrak kontatzen dizkien gidariak.
Leire eta taxilaria Agirrezabalen heriotza argitzen eta haren lan postumoa epilogo baten bitartez osatzen saiatuko dira. Arriskuz eta mehatxuz inguratuta egingo dute aurrera bilaketan, inteligentzia zerbitzuak eta beste tartean dabiltzan sekulako eskandalua azaleratu arte. Pentsatuz, alegia, zerbaitetarako balioko duela egia agerian uzteak, «bonbazo bat izango dela». Baina ez da ezer gertatuko, ez literarioki, ez politikoki.
Ondorio ezkor hori uzten du 'Nobela errealista bat'-ek. Ildo beretik, Joxean Agirrek uste du nobelak, orokorrean, ez duela balio «gatazkaren errelatoa egiteko». Bai, ordea «gure bizimodua modelatzeko, munduaren ikuskeraz hitz egiteko, bizitzaren konplexutasuna jasotzeko...». Eta gauza gehiagotarako, batez ere gidaria taxilari bitxi eta berritsua bada.