Borrar
Lourdes Oñederra, Donostian egindako agerraldiaren aurretik. Lobo Altuna
Lourdes Oñederra | 'Azken batean'

«Nahi denetik» baino «ahal denetik» ondu du hirugarren eleberria Lourdes Oñederrak

Aspaldian zuen Oñederrak indarkeria gai bezala jorratzeko asmoa eta orain «nobelaraino iristeko indarra» hartu duela azaldu du. 'Azken batean' (Erein) izan da emaitza

Jon Agirre

Donostia

Asteazkena, 1 urria 2025, 17:29

Comenta

Nobela bat «nahi denetik» baino «ahal denetik» eta «ahal duen moduan» idazten dela argi du Lourdes Oñederra (Donostia, 1958) hizkuntzalari, ikerlari eta idazleak. Edo behintzat bere kasuan hala dela. «Ez zait batere erraza gertatzen istorioaren muntaketa, buruan egituratzea istorioa eta idaztea gero. Eta alderantziz, idatzi ahala muntaketa hori moldatu eta birmoldatzea», azaldu du 'Azken batean' (Erein) liburuaren aurkezpenean.

Idazketa prozesua eta eleberria «protagonistetatik», Elisa eta Elixabete ama-alabatik eta haien harremana edo harreman ezatik egin du. Agerraldian xehatu zuenez haien arteko erlazioaren «korapiloetan harrapatuta» geratu da eta «txangoa haien eskutik, isiltasunetatik» egin duela, nagusiki «indarkeria giro» horrek, ETArena zein bestelakoak sortua.

Indarkeriaren gaia aspalditik jorratu nahi izan du, esan duenez. «Eugenio del Río pentsalariari irakurri nion gaizkia izan ote zitekeen ETAren sorreraren arrazoietako bat eta luzaroan utzi zidan hura esploratzeko arra». Hala, «marra lodiekin marraztutako gaiztoa eta kaltegarria» den X pertsonaia sortu du. Haren heriotzak Elisari «barrua mugitzen» dio eta oroitzapen «fragmentarioen» uholdea piztu. Irakurleak ama-alabenak modu txandakatuan jasoko ditu, biak ala biak hirugarren pertsonan bilduak. Horiek utzitako zaurien zama, sekretu mingarriak tarteko, agerikoa egingo zaio irakurleari.

'Azken batean'

'Azken batean'
  • Egilea: Lourdes Oñederra.

  • Argitaletxea: Erein. Narratiba, 159.

  • Orrialdeak: 160.

  • Prezioa: 19,5 euro.

Orain arte «mikrofono aurreko aukerak», esaterako hedabideetan idatzitako iritzi-artikuluetan, izan dituenez gaia landu du, baina «nobelaraino iristeko indarra» har zezan denbora behar izan du. «Nobela ez da nahi denaz idazten, barrenetik ateratzen denaz baizik. Emozio horrek jarraitzera bultzatzen zaitu edo ematen dizu erregaia ibilbide baten barrena abiatzeko. Ni ulertu nahiak eramaten nau idaztera», azpimarratu du.

Bidean, kontatu duenez, funtsezkoa izan zen biktimekin izandako harremana. «Gesto Por la Paz nire bizitzan gurutzatu izanak nire mundua eta giroa zabaldu zituen. Biktimak ezagutu eta lehenestea ekarri zidan. Beti egon naiz ETAk egindakoen aurka, baina pasarazi zidan, eskematikoki eta oso zabar, gauza batzuk pentsatzetik sentitzera. Ekarri zidan nire oso barreneko perspektibaren berrantolaketa, oso gogorra, nire ordura artekoa mina hartzerainokoa».

Emakume ikuspegia

Aurreko bi eleberrietan bezala, protagonista nagusiak emakumezkoak dira, eta erabakia ez da ausazkoa izan. «Emakumeon gorputzaren aldarrikapena, gure lekuarena, kalera» ateratzen ari dela argi du, nahiz eta oraindik bidea egiteko geratzen den «gizartean eta batez ere gure bakoitzaren artean». Hala, indarkerien alderaketa egin du, bata, «indarkeria patriotiko» deitu duena», bestea baino barkagarriagoa» dela. «Norbaitez emakumeak fisikoki molestatzen dituela esatea adarrak eta buztana jartzea da. Herri honen askatasunarengatik egindako mina isilpean gorde nahi genukeela dirudi. Gizarteari egindako kaltea maila kolektiboan emakume bati eraso matxistak uzten dion orbanarekin edo zauriarekin pareka daitekeela uste dut. Agian horregatik utzi dut nobelaren istorioa atera zitzaidan bezala, bere horretan», gehitu du.

Agerraldian zen Ramon Saizarbitoriaren aipu bat baliatu du hausnarketa abiatzeko. «Ondo esan zuen, eta baten batek ez zuen hain ondo ulertu, normala zela euskaraz idatzitako literaturan presenteago egotea ETA, etakideak, etab. haien biktimak baino, hain zuzen ere gertuago izan genuelako, izan dugulako eta dugulako. Mundu eta giro horretan geundelako, ados egon ala ez, baina hori nobelan bigarren mailakoa da, ez da saiakera. Beste gauza bat da idazleak bestelako adierazpenetan honetaz edo hartaz zer pentsatzen duen».

«Eleberri honek begirada sakona eskaintzen die indarkeriaren zauri oraindik irekiei, baina baita oroimenari, familiari eta Euskal Herriko historia hurbilean emakumeak izan duen paperari ere. Pertsonaien bidez, isiltasunaren eta erruaren pisua arakatzen du, erakutsiz nola biktimak askotan ikusezin bihurtu diren eta nola gizarteak aurre egin dien indarkeriari, justifikazio ideologikoari eta adiskidetzearen beharrari», laburbiltzen du Erein argitaletxeak.

Familia eta isiltasuna

Tartean dira, noski, bestelako gaiak ere indarkeria giroaz gain: familiarteko oroitzapen, isiltasun, giro eta ika-mikak; denboraren kontzepzioa eta zurrunbiloa, zahartzaroa eta bakardadea -Donostian da Elisa eta AEBetan Elixabete-, biek bizi duten maitasunaren galera -alarguna lehena, banandu berria bigarrena- eta honekin loturik senar eta aita zenaren bizitza eta memoria «in-absentzia» bada ere eta bizitza berari buruzko hausnarketa. Guztia «idazlearen estilo intimotik, xehetasunez josia», Erein argitaletxeko Inazio Mujikak goratu bezala.

Azkenik, agerraldian azaldu du uste duela idazleak ez lukeela bere lana defendatu beharko, behin idatzita bere lana amaitu dela eta hitza irakurleak izan beharko lukeela. «Agian nire lotsa justifikatzeko ari naiz», gehitu du umorez, izan ere aerobikeko irakasleak bezala, idazleek «nartzisismo» puntu bat badutela iritzi du. «Nartzisismoaz gain kontatzeko gogo eta beharra badut, neurrigabea batzuetan. Gainera dago euskaraz idaztearena ere hor da, hizkuntza bultzatzeko berritzeko, garatzeko, bazkatzeko... osoa izan dadin. Oraindik behar dela uste dut».

Asteazken honetan aurkeztutako eleberria Oñederraren hirugarrena da. Estreinakoa 'Emakumeari sugeak esan zion' (1999) izan zen, hainbat sari eskuratu zituena, tartean Euskadi Saria zein Kritikaren Saria edo Beterriko Liburua -gerora 111 Akademia Saria berrizendatu zena- edo Zilarrezko Euskadi. Ostean heldu zen 'Intemperies (Babes bila)' (2013). Tartean, Inazio Mujika Erein argitaletxeko kideak esan bezala narrazioak 'Anderson anderearen gutizia' (Mende berrirako ipuinak. Antologia, 2005) eta hedabideetan iritzi artikuluak ere argitaratu ditu «han eta hemen».

Oñederra Hizkuntzalaria da (Filologia Hispanikoan lizentziaduna eta Euskal Filologian doktore). Gasteizko EHUko Filologia Fakultatean Fonologiako irakasle izan da. Katedradun eta Euskaltzain osoa da.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Nahi denetik» baino «ahal denetik» ondu du hirugarren eleberria Lourdes Oñederrak

«Nahi denetik» baino «ahal denetik» ondu du hirugarren eleberria Lourdes Oñederrak