Urrats berri bat egin du 'Familia milakolore' egitasmoak

Proiektuan parte hartu duten ia denak egon dira aurkezpenean./MÓNICA RIVERO
Proiektuan parte hartu duten ia denak egon dira aurkezpenean. / MÓNICA RIVERO

Orain dela 15 urteko proiektuari heldu diote berriro Pirritx, Porrotx eta Marimotsek, Miren Amurizaren eta Txakur Gorria kolektiboaren parte-hartzearekin

'Pack' bikaina dakarte Pirritx, Porrotx eta Marimototsek 2018. urtearen amaierarako... Orain dela aste batzuk, 'Musua' kaleratu dute eta izen bereko ikuskizuna ere berriki estreinatu dute. Oraingo honetan, 12 kantaz osatutako disko-liburuan uztartu dituzte Leire Bilbaoren olerkiak, Xabier Zabalaren musika, Maite Mutuberriaren ilustrazioak eta, jakina, pailazoen interpretazioak eta produkzioa.

Ikuskizunaren bira Iruñeko Baluarten hasiko da, azaroaren 30ean, eta hurrengo hitzorduak izango dira Gasteizko Buesa Arenan, abenduaren 1ean; Bilboko Euskaldunan, abenduaren 26an, eta Donostiako Kursaalen, 2019ko urtarrilaren 3an. Natura eta kultura ardatz dituen lan berrian urteari errepasoa egin diotenez, «urte osoko pertsonaiak oholtzaratuko dira», aurreratu zutenez.

'Musua', dena den, ez da bakarrik etorri, 'Familia milakolore' gehitu baitzaio, CD-liburu bikoitza osatuz. Familia ereduaren aniztasunaren lanketa 2003an egin zuten estreinakoz pailazoek, bost ipuineko bilduma osatuz. «15 urte beranduago, etengabe eraldatuz doan gaia dela ikusita, familia ereduei berriro heltzea erabaki dugu», azaldu dute. Horretarako argitaratu dituzte astearte honetan Donostian aurkeztu den kartoizko ipuin bilduma bat (Miren Amurizak idatzitako 'Mattin eta Kattin', 'Larunbata', 'Hodei' eta 'Kukuenea' liburuek osatzen dute), karta-jokoa eta abesti bilduma bat. Ilustrazioak, ohi denez, Julen Tokerorenak dira.

Katxiporretak 'Musua' disko-liburuarekin batera argitaratu duen CDanipuin antzeztuak bildu dituzte, eta horien artean tartekatu dituzte 12 kantu, pailazoak euren ibilbidean plazaratzen joan direnak. Askoren hitzak aurki daitezke 12 abesti horietan, Joxan Ormazabal zenarenak, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Miren Amuriza eta Xabier Euzkitzerenak... Eta paizaloenak beraienak ere bai, jakina.

Nerea Ibarzabal, Mariñe Arbeo, Malen Amenabar eta Ane Labakak osatzen duten Txakur Gorria kolektiboak ere hartu du parte 'Familia milakolore'-ren azken entrega honetan. Hain zuzen ere, 'Zebra kolorezalea' abestiarekin bideoklipa osatu dute.

Temas

Euskera
 

Fotos

Vídeos