Musikatik tiraka adiskidetasuna oinarri duen eleberria
Eszenako esperientzia eta itxialdiko hausnarketetatik abiatuz ondu du Lide Hernandok 'Izotz ura' (Susa), estreinako liburua duena
Musikaren munduan murgilduta ibili da azken hamarkadan Lide Hernando eta ostiral honetan aurkeztutako 'Izotz ura' (Susa argitaletxea) eszenako giroaz erabat busti badu ere, eleberriaren ardatza «bi emakumeren arteko laguntasuna» dela argitu du. Hori bai, «musikarik gabe ez zukeen berdin funtzionatuko».
Saioa eta Mara pertsonaia nagusiek gorpuzten duten istorioaren oinarrian Hernandok barnean nabaritu dituen «bi ideia zaku kontrajarri» dauden. Batetik, «Lide zentzudun eta moralki zuzena, musikari gisa bere misioa euskal kultura defendatu eta zaintzea uste zuena»; eta, bestetik «Lide ausart eta buru-irekia, musikan egiten zuen jardun guztia bere ogibide bezala ulertu nahi zuena eta apur bat friboloa bezain hotza». Ostean, «haragia eta odola jartzeko imajinazioari tira egin» dio eta 'Liher' edo 'Bele' proiektuekin bildutako bizipenak baliatu ditu «han eta hemen gertuko eta urrutiko jendeari ikusi nizkion ezaugarriak» gehitzeko.
Istorioa martxan jarriko duena Saioa eta Mararen aspaldiko lagun baten heriotza da. Urteak dira elkarren berririk ez dutela, baina gertakariak elkarrengan pentsatzera eramango ditu. Bi emakumeak klasekide izan ziren herriko ikastolan nahiz abesbatzan eta ostean musikari gisa ibilbidea egin bazuten ere, ez daude egoera berean: Saioak musika utzi zuen eta bikotearekin eta umearekin bizi da; Mara musikaren industrian guztiz murgildua dabil herria utzi zuenetik; Saioa irakaslea da eta aspaldian grabatutako diskoak entzutean zerbait pizten zaio oraindik; Mara Londresera joatekotan da hurrengo diskoa grabatzera eta han geratzeko asmoa du bere musikari ibilbidean urrats bat gehiago egiteko.
'Izotz ura'
-
Egilea: Lide Hernando.
-
Argitaletxea: Susa.
-
Estiloa: Nobela.
-
Orrialdeak: 248.
-
Prezioa: 19 euro.
-
Azala: Lander Garro.
Hala jasoko ditu gorabeherak irakurleak 'Izotz ura' osatzen duten 19 ataletan barna, Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak azaldu bezala, «pertsonaia bakoitzari hurbiletik jarraituta», egitean dutenaz gain pentsatu eta sentitzen dutena ere irakurriko baitu irakurleak. Saioa eta Mararen bizitzak tartekatuz, denak hirugarren pertsonan kontatuak, protagonisten umezarotik hauek 35 bat urte dituzten bizitzan eta «harreman bihurgunetsuaren» zehar aurrera egingo du. «Musikan egin duten ibilbidea, gertukoekin duten harremana, gaztetxeko nahiz musika eszenako giroa, diskoen grabazioak, kontzertuak, nazioarteko birak, talde bat sortzeko arrazoiak eta desegiteko unea, promozioa edo musikari lotutako erabaki konplikatuak», xehatu du Ziluagak.
Ildo horretan, editoreak «pertsonaien eta denboren arteko plano nahasketa» nabarmendu du lotura horrek egituratzen baitu eleberria. Eta azken atalean kamera objektibo bihurtzen da narratzailea pertsonaia biei gertatzen zaiena kanpotik kontatzeko.
'Izotz ura' izango zenaren lehen ideiak itxialdi garaian egin zuten agerrera eta «ideia kontrajarri horietatik» sortutako bi emakumeen bitartez bete-betean bizi izan duen «euskal musikaren barrunbeak» kontatzea erabaki zuen Hernandok, behinik behin hasieran. «Gogoa nuen kontatzeko zer zeraman pertsona bat talde bat sortzera edo desegitera, zein erabaki eta dilemari egin behar dioten aurre ibilbidean zehar, musikariak nola eraldatzen doazen eszena eraldatu ahala edo nor geratzen den eta zergatik aurreko moldeetan trabatuta», azaldu du.
Ordutik istorioa bere baitan izan du donostiarrak «isilean garraiatzen» tartean zenbat frenorengatik. Izan ere, musikan egiten ari den ibilbidearen aurretik jada idazten zuen, baina testu hau amaitu arte ez du izan «beharrik edo ausardiarik» argitaletxe batekin elkarbanatzeko. Sormen, entsegu eta etengabeko gurpila bat-batean geratu eta bere «jardunaren fruitua sare sozialen ispilu beltzetik» jasotzeko aukera izateak «pentsamendu intrusibo andana» eragin zizkion, besteak beste industria musikalarekiko, musikarekiko, musikariekiko eta emakume musikariekiko harremanari buruz.