Konformidadetik egin dio aurre beldurrari Juan Luis Zabalak 'Mina hartzeko ere' poema-liburuan
«Bizitza zer den jakinda bizitzeko nahi bat» islatzen dute liburuko 58 poemek, Leire Lopez Ziluaga Susa argitaletxeko editorearen hitzetan
nerea azurmendi
Osteguna, 7 apirila 2022, 18:39
Poesia ez da Juan Luis Zabalak (Azkoitia, 1963) 1985an hasi zuen literatura-ibilbidean gehien landu duen generoa, Susarekin ekarri duen 'Mina hartzeko ere' liburu formatuan emandako bigarren poema-bilduma baita (badu beste bat digitala, Booktegin), orain dela 22 urteko 'Hautsia natza'-ren ondotik.
Ez da kopuru handia hitz lauz idatzi eta argitaratutakoarekin alderatuta baina, azkeneko honen aurkezpenean entzundakoaren arabera, esan liteke bi liburu horiek irudikatzen dituztela gehienon bizitzan garrantzitsuak izaten diren bi mugarri. «Alde handia dago bien artean, adinagatik eta bizitzari buruzko esperientziagatik –esan zuen Zabalak–. Hura zen gaztaroaren amaierako poema-liburua, munduari oldartzen zaion poeta batena. Hau da munduari oldartzen baino gehiago mundura egokitzen saiatzen denarena».
LIBURUA
-
Generoa. Poesia.
-
Izenburua. 'Mina hartzeko ere'.
-
Egilea. Juan Luis Zabala.
-
Argitaletxea. Susa.
-
Orrialdeak. 88.
-
Salneurria. 13,50 euro (papera); 3,12 euro, e-booka.
Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak esan bezala, «bizitza zer den jakinda bizitzeko nahi bat, bizitzaren zailtasunak ukatu gabe» islatzen dute denak segidan eman diren eta «liburua osotasun bat bezala irakurtzea» ahalbidetzen duten 58 poema gehienetan laburrok.
«Misioa beteta egongo balitz bezala»
Hainbat gai nabarmendu zituen editoreak: «Haurtzaroa, ama, etxe aurreko aulkia, haurtzaroa, mundua zer den jakin aurreko garaia... Denboraren iragatea eta heriotza ere agertzen dira poemetan, sarritan umoretik, umorea delako beldurrari, atsekabeari, aurre egiteko modu bat». «Tonu propioa» duen liburu honetan nabaria da, hain zuzen, Juan Luis Zabalaren testu askotan antzeman daitekeen umore berezia.
Idazlea bera, berriz, gerora konturatu da, liburua osorik irakurtzean, «beldurra dela poema denak zeharkatzen dituen gai nagusia». Beldurra «minari, zahartzeari, hiltzeari, ingurukoak hiltzeari eta gaixotzeari; giza harremanetako gaizki-ulertuei, erdi-ulertuei eta ondoegi ulertuei; nostalgiaren nagusitasunari; txikitako hizkuntzaren galerari; euskararen galerari, kasik gehiago euskarak indar espresiboa galtzeari...».
Beldurren katalogo zabala landu du Zabalak 'Mina hartzeko ere' liburuko poemetan –hiru Garik musikatu dizkiola aurreratu zuen–, baina ez die izutik eta ikaratik heldu, adin batetik aurrera gaztetan baino hobeto ulertzen den 'konformidadetik' baizik.
Hiztegiek kontrakoa badiote ere, konformidadea ez da ezinbestean etsipena, baizik eta «beldur horren aurrean distantziamendu» moduko bat, «bizitzari zirrikitu batzuk irekitzeko» gogoari eusten diona. Bizitzarekin bakeak egin ostean datorrena, nolabait.
Idatzi ere hortik idatzi du: «Idatzi behar zuena idatzi zuenaren ikuspuntutik, misioa beteta egongo balitz bezala. Garai batean idazten nuen irabazteko, orain idazten dut kontroletik kanpo ez iristeko». Txirrindularitza horrenbeste maite duen idazleak berak esan bezala, luxuzko gregarioen moduan.