Durangoko Azoka 2023
Komiki uzta oparoa adin-tarte orotako zaleentzako lanekinEuskarazkoak, 'Irati' edo 'Artxipelagoa', zein itzulpenak, 'Persepolis' edo 'Palestina' izango dira nobedadeen artean
Komiki zein album ilustratuek bizi duten bolada on eta loraldiak erreflexua izango du nobedadeen eta, ziurrenik, salduenen artean, 2023ko uzta oparoa izan delako: 'Irati' (Erein), 'Artxipelagoa' (Elkar), 'Surflaria' (Ikastolen elkartea) edo 'Puta gorda' eta 'Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez' (Erein) zein komiki-kazetaritzako 'Persepolis' edo (Elkar) 'Palestina' (Astiberri).
Paul Urkijok zinemara eraman zuen 'Irati'-ren «unibertsoa zabaltzen jarraitzeko» berrargitaratu du Ereinek komikia eta podkastaren arrakasta «publiko gazteagora» egokitu du Elkarrek. Uxue Alberdik «bizitzaren eta heriotzaren urez» hausnartu du eta Yolanda Larreateguik «lodifobia radarra martxan jartzera» gonbidatuko du irakurlea.
Ohi bezala Astiberri argitaletxeak katalogo oparoa eramango du. Sei urtetik aurrerako irakurleei begira agortuta zituzten Biga bildumako titulu guztiak berrinprimatuko ditu eta gaztetxoagoentzako Lucas Ferreyraren 'Piqo-Piqo eta Indotxinako txipiroi erraldoi izugarria'; Josephine Markenaren 'Txangoan txiripaz' edo Martín Romerore 'Uxio eta lagunak' eskainiko ditu.
Noticia relacionada
Komiki kultura zabaltzeko, manga euskaraz
Bere aldetik, mangaz gain Harrietek euskarazko 'Hiru etxe Santa Monikan', 'Dortokaren promesa 3', 'Lehoi ogroa 2' eta 'Iker eta Ixone 1' eta lehen hiruen gaztelaniazkoa aurkeztuko ditu.
Komiki-kazetaritza
Euskarara ekarri diren lanek ere presentzia izango dute erakusmahaietan 'Persepolis' (Elkar) eta 'Palestina' (Astiberri) bezalako komikiekin. Marjane Satrapiren len erreferentzial eta autobiografikoa frantsesetik euskarara ekarri du Irene Arratsek eta itzultzaileak nabarmendu bezala «lan mardula» da bai bolumenez zein mamiz eta maila pertsonaletik harago doa Iranen 1979an izan zen iraultzaren «kontakizun historiko eta politikoa» baita. 'Maus' inspirazio izanda, umorea eta narratzeko modua zein zuri-beltzezko irudi sotilak goraipatu zituen Arratsek.
Zuri-beltzezko gordin hori da Joe Saccoren komiki-kazetaritzako klasikoaren ezaugarri nabarmenetako bat. 'Palestina' komikian Astiberrik iaz 'Maus' euskaratzean hasitako bideari jarraipena eman dio, berriro ere Julen Gabiria bidaide izanda. Ia dokumental kontsidera daitekeen komikian 1990ean Palestinan igarotako bi hilabeteetan bizitakoak eta ikusitakoak jaso zituen.