Jaurlaritzak 700.000 eurorekin finantzatuko literatur ekoizpena
515.000 euro izango dira euskarazko literatur argitalpenetarako, 125.000 euro gaztelaniazkoetarako, eta 60.000 euro euskarazko literaturako audioliburuen argitalpenetarako
Asteartea, 15 martxoa 2022, 14:18
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 700.000 euro bideratuko ditu euskarazko eta gaztelaniazko literatur lanak eta euskarazko audioliburuak argitaratzea laguntzera, aurreko urtean baino 60.000 gehiago. Euskarazko audioliburuen ekoizpena sustatzeko modalitate berria sortu da eta horretarako bideratu da batez ere dirulaguntzen igoera. Apirilaren 2tik aurrera hilabeteko epean aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
Jaurlaritzako arduradunek zehaztu dutenez, 515.000 euro izango dira euskarazko literatur argitalpenetarako, 125.000 euro gaztelaniazkoetarako, eta 60.000 euro euskarazko literaturako audioliburuen argitalpenetarako.
Euskarazko literatur argitalpenen modalitateko dirulaguntzak eskatzen dituztenek euskararen eremu geografikoan establezimendu egonkorra irekita edo irekitzeko asmoa edo konpromisoa izan behar dute (Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroako Foru Erkidegoa eta Iparraldeko Euskal Hirigune Elkargoa). Dirulaguntza gaztelaniaz eskatzen dutenek, aldiz, establezimendu egonkorra izan beharko dute EAEn.
Era berean, euskarazko audioliburuen argitalpen ekoizpen literariorako laguntza jasotzeko, pertsona edo erakunde eskatzaileek laguntza jaso behar izan dute laguntza deialdi honetako euskarazko argitalpen ekoizpenaren modalitatean.
Argitaletxeek aurkeztu beharreko edizio planetan zehaztu beharko dituzte 2022an argitaratuko diren euskarazko edo gaztelaniazko literatur liburuak paperean edo formatu digital irakurgarriak edo 2022an argitaratuko diren giza ahotsez grabatutako euskarazko literaturako audioliburua.
Edizio planetan sartutako liburuek ezin izango dute dirulaguntzarik izan aurreko urteetako dirulaguntza hauen edizioetan eta eleberri, ipuin, poesia, antzerki, haur eta gazte literatura, komiki eta literatura saiakera generoetakoak izan beharko dira.
Joan den urteko deialdian 35 edizio proiektu lagundu ziren diruz, 21 euskarazko modalitatean eta 14 gaztelaniazkoan. Elkar, Erein, Alberdania, Txalaparta, Astisendo edo Pamiela izan ziren dirulaguntza jaso zituzten argitaletxeetako batzuk.