«Zerbitzu gisa ikusten zuen Isidrok txistua»
Aritz Gorrotxategik idatzitako 'Hiru Txulo: Donostia eta txistua' liburua aurkeztu dute gaur goizean Donostian
1922ko bi gertakari abiapuntu bezala hartuta Donostiako hiriak eta txistuak izan duten eta duten harremana laburtu du Aritz Gorrotxategik 'Hiru Txulo: Donostia eta txistua' liburuan eta gaur goizean egin dute aurkezpena Udaleko prentsa aretoan Eneko Goia alkateak, Inazio Mujika Erein argitaletxeko editoreak eta Jose Ignazio Ansorena Txistulari Taldeko Zuzendariak.
Duela ehun urte Donostiako Udalaren Txistulari Taldearen zuzendari kargua hartu zuen Isidro Ansorenak eta postu horretan lehenengo saioa urtarrilaren 20an egin zuen, hiriaren patroiaren egunean. Haren bilobak, Jose Ignazio Ansorenak, urte luzetan egindako lana nabarmendu nahi izan du gaur, besteak beste txistulari elkartea indartzeko egindakoa.
Izenburua Gorrotxategik bilatutako paralelismoa da. Batetik, Hiru Txulo hiria «maitasunez deitzeko modua, etxekoentzako izena» izan da –Ansorenak ondo gogorarazi bezala Donostiako martxan hala abesten da–; eta, bestetik, txistuak ere hiru zulo ditu. Liburuak berak ere hiru atal ditu, metafora biribiltzeko.
Liburuak ere hiru atal
Lehenean txistuak izandako ibilbide eta testuingurua jaso da xehetasun mordoarekin Ansorenak berak Gorrotxategiren esku jarritako dokumentazioari esker Mujikak zehaztu duenez. «Ez da flauta bat, tresna bikotea da Erdi Aroan inork asmatu zuen kontua». Hiru zulo soilik izanda flauta esku bakarrarekin jo zitekeen eta, honela, bestea libre geratzen zen «harekin aritzeko». Ansorenaren esanetan hura «modernitatearen leherketa» izan zen, nahiz eta egun txistua antzinako kontuekin lotzeko joera dugun. Asmakuntza hark Europan barrena ziztu bizian zabaltzea ekarri zuen, nahiz eta gerora gorabeherak izan dituen «lekuen arabera».
Esaterako, gurean. «Euskal Herrian erro sakonak bota zituen eta oso maitea izan da. XVIII. Mendearen amaieran ilustratuek hartzen dute tresna eta egokitzen dute beren erara». Garai hartan, Donostian «leku egokia» topatu zuenekoa, defendatzen du Ansorenak sortu zela txistua, «danbolin unibertsalaren euskal aldaera» edo behintzat haren errealitatea, izena bera beranduagokoa baita, «XX. mende amaierakoa». Ostera «zorioneko aroa» egokitu zaio konpositore handiekin Txistulari Taldeko Zuzendariaren ustetan, «Guridi, Solozabal, Bastida, Ondarro...» eta gaur egun «berpizkunde bat» bizitzen ari gara.
'Hiru Txulo: Donostia eta txistua'
-
Egilea: Aritz Gorrotxategi.
-
Argitaletxea: Erein.
-
Orri kopurua: 128.
-
Salneurria: 14 euro.
'Hiru Txulo: Donostia eta txistua' liburuko bigarren atalean Isidro Ansorenaren biografia jasotzen da, txistuaren bilakaeran «ikur eta aktore garrantzitsua» aurkezpenean azpimarratu bezala. «Pertsona apala baten historia da eta apalenak izaten dira handienak», nabarmendu du Ansorenak, bertan kontatzen direnek «gauza asko ezagutzeko eta gauza askotaz pentsatzeko aukera» ematen duela aurreratzeaz gain.
Hirugarren eta azken atalean txistulari elkartearen eta Donostiako hiriaren arteko harremana azaltzen da. Aurrerapen modura kontatu du Ansorenak Gerra Zibilak errotik eten zuela elkartean jarduna eta Club Vasco de Camping-i esker berreskuratu ahal izan zutela. Honelakoak eta askoz gehiago topatuko ditu irakurleak.