Borrar
Alberdaniako kide eta egileak, Donostiako aurkezpenean. Lobo Altuna

Irakurle hainbeste irakurtzeko modu

Alberdania argitaletxeak 14 audio-liburu aurkeztu ditu, «egitasmo berri bateko lehen sorta»

Jon Agirre

Donostia

Jueves, 15 de junio 2023, 17:35

«Irakurle hainbeste irakurtzeko modu» daudela jakitun, Alberdania argitaletxeak euskarazko 14 audio-liburu egin eta merkaturatu ditu. Ostegun honetan egindako aurkezpenean azaldu bezala, zerrenda osatzen duten lanak «adin guztietako irakurleak edo entzuleak kontuan hartuta» aukeratu dira eta etorkizunari begira, egitasmoa geratzeko etorri baita, plazaratutako labealdiak jasotzen dituen emaitzek zehaztuko dute eskaintza berria. Ildo horretan, Aritz Galarraga editoreak aurreratu du udazkeneko ohiko martxaz gain, «audio-liburuak argitaratzen jarraitzea» dela asmoa.

Hautatutako liburuak aurrez Alberdaniak paperean argitaratutako lanak dira, gehienak «etxeko autoreak» Aritz Galarraga editoreak zehaztu bezala, baina baita kanpokoren bat ere. Zehazki, honakoa da zerrenda: 'Lo potolo' (Uxue Alberdi, Leire Bilbao, Harkaitz Cano, Juan Kruz Igerabide, Anjel Lertxundi, Miren Agur Meabe, Mitxel Murua eta Patxi Zubizarreta), 'Puntera beltzak' (Almudena Cid), 'Aurkituko zaitut' (Teresa Calo), 'Pitzatuta gaude denok!' eta 'Haize lekuak' (Amaia Telleria), 'Zoaz Infernura, laztana' eta 'Gilles de Rais' (Anjel Lertxundi), 'Susmaezinak' (Itxaro Borda), 'Izarak' (Goizane Azpurua), 'Hauts bihurtu zineten' (Juan Kruz Igerabide), 'Dublindarrak' (James Joyce), 'Amez' (Goiatz Labandibar), 'Lilurabera' (Yurre Ugarte) eta 'Samuel eta Salawo (Karlos Linazasoro).

Egitasmoa audioliburuak.eus enpresa espezializatuarekin elkarlanean egin du Alberdaniak eta oraingoz bi izango dira berauek eskuratzeko moduak. Batetik, eLiburutegia zerbitzuaren bitartez; eta, bestetik, ebook-erako euskarazko liburuak eskaintzen dituzten webguneen bidez.

14 audio-liburu

  • Argitaletxea: Alberdania.

  • Audio-liburu bilduma: 'Lo potolo', 'Puntera beltzak', 'Aurkituko zaitut', 'Pitzatuta gaude denok!', 'Haize lekuak', 'Zoaz Infernura, laztana', 'Gilles de Rais', 'Susmaezinak', 'Izarak', 'Hauts bihurtu zineten', 'Dublindarrak', 'Amez', 'Lilurabera' eta 'Samuel eta Salawo.

Estilo aldetik, «bederatzi nobela, lau ipuin-bilduma eta genero desberdinetako piezek osatzen duten 'Lo potolo' haurrentzako bilduma» dira lehen sorta osatzen dutenak Oier Etxebeste Alberdania kideak xehatu duenez, denak «lehen mailako idazleen obren hainbat pasarte neurri bereko esatarien ahotan» entzuteko aukerarekin. Egitasmoa «ekimen berritzaile» bezala aldarrikatu du gainera, are gehiago «teknologiak eskura jartzen dizkigun baliabideak modu egokian erabiltzea hil edo biziko kontua» denean. Ataka horretan kokatu du Alberdaniak emandako pausua.

Alberdaniarekin elkarlanean aritu den egileetako bi izan dira agerraldian, Amaia Telleria eta Anjel Lertxundi idazleak. Lehenak «euskarri aniztasun honek dakarren aberastasuna» goraipatu du eta «irakurle gazteak motibatzeko eta irakurketara gerturatzeko» duen balioa azpimarratu. «Euskarri egoki bat edo gehiago irakurle bakoitzarentzat eta garrantzitsua dela uste dut gainera bakoitzak bere gustuko liburua hautatzen duen bezala irakurtzeko modua hautatu ahal izatea», adierazi du. Ildo horretan, Telleriak azpimarratu du azken ikerketak «joera aldaketa» erakutsi dutela eta, hauen arabera, «gero eta jende gehiagok, irakurle gazteek bereziki, formatu digitalen aldeko apustua edo audio-liburuen aldeko hautua» egin dutela. Hala, aldeko arrazoietan aipatu ditu «erosotasuna, irisgarritasuna, bidaiatzeko egokitasuna edo ahozkotasunaren aspektuak lantzeko aukera».

Bere aldetik, Lertxundik oroitu du literatura ez dela soilik idatzizko esparrura mugatu eta ahozkotasunaren aldarria egin du. «Kontsideratzen dugu literatura eta hau egitea liburu formatuan idatzita dagoena dela eta dudarik ez dago literaturarik inportanteena liburuetan jasoa dagoela, ahozko tradizioaren inportanteena ere liburuetan emana dagoelako», eta adibide modura jarri du Homerok idatzitako 'Odisea'. Alberdaniak aurkeztutako lehen sortaz, Lertxundik azaldu du «konbentzimendua dut jaiotza hau eta etorriko diren berriagoak» ekarpen oso garrantzitsua direla.

Gazteak «motibatzeko»

Literaturaren ibilbide oparo horretan izandako euskarri anitzak mintzagai, Telleriak «euskarazko materialak guztietan topatu ahal izatea» aldarrikatu du eta, horretarako, «euskarak gizartearen aldaketa eta teknologiarekin garatzen joan behar» duela ohartarazi. «Literaturak bide berriak zabaltzen baditu euskarak presentzia izan behar du bizirauteko sarean presentzia eta ikusgarritasuna izan behar duelako».

Zentzu berdinean mintzatu da Galarraga. Harentzat egitasmo honen garrantzitsuena «gozatzeko bide berri bat» irekitzen duela da, aurrez beste kultura batzuetan -Frantzian, Alemanian edo Ingalaterran, esaterako- «bidea egin eta indarrez sartzen ari dela irakurleen ohituretan» eta gurean pixka bat beranduxeago bada ere iristen hasi dela iritzi du. Hala, Alberdaniaren apustuak «oinarrian literatura» duela azpimarratu du, egile zerrendak eta «lehen mailako esatariak» erakusten duen bezala. Besteak beste, Iñaki Beraetxe, Ainhoa Ayerbe, Jose Felipe Auzmendi, Monika Erdozia, Maria Redondo, Klara Mendizabal eta Iñigo Arretxek jarriko dituzte ahotsak. Hauez gain, Amaia Telleria eta Uxue Alberdi egileak ere dira zerrendako kide.

Azkenik, eta Alberdania argitaletxeak bete duen 30. urteurrenaren harira Itxaro Bordak, Iban Zalduak edo Inaxio Mujikak, besteak beste, zorion mezuak bidali dituzte bideo bitartez.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Irakurle hainbeste irakurtzeko modu

Irakurle hainbeste irakurtzeko modu