Biktimen eta hiltzaileen ikuspegitik hurbildu da Itxaro Borda 'berunezko urteetara'

Bere hamabigarren eleberria aurkeztu du Itxaro Bordak Donostian. /MORQUECHO
Bere hamabigarren eleberria aurkeztu du Itxaro Bordak Donostian. / MORQUECHO

«Euskal literaturan gutxitan egin den ariketa» burutu du 'Susmaezinak' nobelan, liburua argitaratu duen Alberdaniako Jorge Giménez Bech editorearen hitzetan

Nerea Azurmendi
NEREA AZURMENDI

«Bake urratsetan gabiltzala, euskaldunon partetik zekenkeria liteke, bidegabekeria handia, barkaezina, ETAren borroka armatuak errepide bazterrean erailik eta betirako zauriturik utziak oro gure diskurtsoetan begirunez sartuko ez bagenitu. Fikzioaren sarea liteke lehen urratsa...».

Intentzio-aitortza kutsuko paragrafoa Itxaro Bordaren (Baiona, 1959) 'Susmaezinak' nobelaren azken kapitulukoa da. Aurrenekoan, berriz, honakoa irakur daiteke: «Damu soila aitortzeak ez du munta handirik. Gauzak horrela pasatu ziren eta ez da iragana aldatzen ahal. Zurrunbilo ilun batean gatibu aurkitu ginen eta horrek eraman gintuen, uste ez genuen lekuetara, bortizkeria politikoa, adibidez, isilik onartzera».

«Zailena izan da 'gutarrak' ez direnen tokian jartzea, zein distantziatan idatzi behar nuen asmatzea»

«Ez dut estilo ariketarik egin. Erabili dut hiztegi minimo bat, hotza, akaso batzuentzat eskasa»

Bi kapitulu labur horietan mintzatzen da soilik lehen pertsonan narratzailea. Idazle bat da, eta aurreneko atalean galdetuko du ea merezi duen iragan mendeko 80ko hamarkadan Euskal Herrian indarkeriak izan zuen eragin itogarriari buruz literatura egitea. Azkeneko kapituluan, nobela bukatuta, jarraitzen du argi eduki gabe «erabaki egokia zenez gerra eta sufrikarioa aletzen zuen nobela horren plazaratzen tematzea, gure bazterrak hain baketsuak, distiratsuak eta etorkizunari irekiak ziren une honetan».

Itxaro Bordak uste du merezi duela, eta uste oso horren emaitza da bi urtez landu duen eleberria, Alberdaniaren eskutik Donostian aurkeztu duena. Jorge Giménez Bech editorearen ustez, «euskal literaturan gutxitan egin den ariketa burutu du» Bordak.

Azalpenez eta zalantzaz beteriko bi atal horien artean, gertaera-segida kutsua duten atalak aurkituko ditu irakurleak, jazoera- eta ahots-pilaketa kaleidoskopikoa. Izan ere, ikuspegi denak aintzat hartuz eta ahots guztiak entzunaraziz hurbildu da Borda karga izugarria utzi zuten 'berunezko urteetara': 400dik gora pertsona hil zituen ETAk 1980tik 1989ra; jardunean 1983tik 1987ra egon zen GALek, 26; ETAko 60tik gora kide ere hil ziren urte odoltsu haietan.

«Ausardia literarioa»

Jorge Giménez Bechek 'Susmaezinak'-en aurkezpenean esan duenez, «ausardia literarioa da Borda hobekien definitzen duen tasuna». Ausardia, eta «askatasuna sortzeko eta idazteko garaian, erosotasunetik urrun arrisku literarioak bere gain hartuz».

Editoreak gogoratu duen moduan, oraindik ere tabutik asko duen gaia «ez da askotan tratatu fikzioaren ikuspegitik». Are gutxiago Itxaro Bordak landu duen bezala, ikuspegi jakin bat eskaini beharrean askotariko ikuspegiak –ezinbestean muturrekoak eta kontrajarriak–, bildu baititu. «Errealitate poliedrikoaren xafla bakoitzari bere ahotsa eman dio; biktimak mintzatzen dira biktima bezala, hiltzaileak hiltzaile bezala», Giménez Bechen hitzetan.

Bordak irakurlea eramaten du, esaterako, ETAk eraildako guardia zibil batzuen hileta elizkizunetara, eta entzunarazten dizkio haien amen negar eta madarikazioak. ETAko komando ibiltari bateko –hiru gizonezko, emakume bat– kideen gorabehera ageriko eta isilpekoen lekuko ere bilakatuko du irakurlea, detailerik aurreztu gabe. Ardatz finkoa Felix Sutarregi 'susmaezina' buru duen komandoa da, baina errealitatearen beste alderdi batzuk dakartzaten beste hamar bat pertsonaia ere sortu ditu.

Horietako zenbaiten ahotsak aurkitzea eta entzungarri egitea izan da hain zuzen ariketa nekezena «tragedia haietan osotasunaren bila sartzeko saioa» egin duen Bordarentzat. «Zailena izan da 'gutarrak' ez direnen tokian jartzea, zein distantzian idatzi behar nuen asmatzea». Azkenean erabaki zuen «jendea jende gisa» tratatzea, juzku eta inolako aurreiritzirik gabe. Formari dagokionez, «ez dut literatur estilo ariketarik egin. Erabili dut estilo minimo bat, hotza, akaso batzuentzat eskasa», adierazi du idazleak. «Gordina eta batzuetan bortitza» da liburu honetan Itxaro Bordaren idazkera, editorearen ustez.

Egunen batean, agian, «Iparramerikarrek egiten duen moduan, kontatuko ditugu gertakariak izan ziren bezala, 'thriller' baten moduan. Heldu den idazle belaunaldiak ere guk baino libreago landuko du gaia, distantziarekin», azaldu du Itxaro Bordak. Bera arriskatu da eta egin du bere ekarpena, Giménez Bechek nabarmendu bezala «fikziotik ere eraiki baitaiteke 'errelatoa'».

Temas

Euskera