Ibon Martínen 'Aurpegien lapurra' euskarara ekarri du Elkarrek
Idazle donostiarraren lanetan ohi bezala, Aiora Jakak itzuli du eta, aurerratu dutenez, saga itxiko duen eleberriarekin ari da jada
Liburu oso berezia da 'Aurpegien lapurra' (Elkar) Ibon Martin (Donostia, 1976) idazlearentzat. 2023ko urtarrilean kaleratu zuen gaztelaniaz 'El ladrón de rostros' izenburupean eta ia hiru urte beranduago oraindik emozioz hitz egiten du lanaz. Are gehiago orain Aiora Jakak euskarara ekarri eta beste bizitza bat eman dioenean. «[Irakurtzean] oso eroso sentitzen naiz, Aioraren eskuetan hobetzen dela nabaritzen dut», eskertu dio aurkezpenean. Elkar eta Travel Book, jatorrizkoa gaztelaniaz kaleratzen duen argitaletxearen arteko elkarlana izan da.
Pandemia betean girotua, Covid-19aren intzidentzia-tasa zela-eta udalerriek zuten kolorearen arabera itxi egiten zirenean, eta Arantzazun kokatua, agertzen den hilotza mutilatua eta hustua da, Oteizak egindako eskulturak oroitzen dituena. Biktimari, gainera, aurpegia lapurtu dio. Ane Cestero ertzainak ikertu beharko ditu gertakariak, oñatiarren urduritasuna hazten doan heinean.
'Aurpegien lapurra'
-
Egilea: Ibon Martin.
-
Itzultzailea: Aiora Jaka Irizar.
-
Argitaletxea: Elkar.
-
Orrialdeak: 512.
-
Prezioa: 23 euro.
Hain justu horren kontrakoa eman zion liburua idazteak Martíni. «Idatzi nuen momentuan ezin ginen gure herritik atera, bizitza arrunta zen baina zona gorriak eta bestelakoak ziren. Donostian itxita ginela salbokondukto bat nuen Oñatin lanean nintzela zioena eta ia egunero joan nintzen». Prozesu horretan herriko bazter berezi mordo ezagutu zituen, denak liburuan ikusten direnak: errepide txiki batetik 10 kilometro gora den zentral hidroelektrikoa, Aitzulo, Urbiako fonda, Sandailiko koba... Zein bertako ohiturak, azken honetakoa ugalketa erritualak edo Oñatiko Korpusa bezala. Orotara 10-11 hilabete prozesua izan zela azaldu du bidaietan denbora asko inbertitu zuelako.
Hala, idatzitako liburu guztiak eta bertako pertsonaiak «idazleontzat seme-alabak» direla azpimarratu badu ere, onartu du «tokiagatik, eszenatokiengatik» bereziena dela astearte honetan aurkeztutakoa. Are gehiago izan zuen harrerarekin. «Hondarribiko alardea gai nagusi zuen 'Kaioen ordutik' nentorren, bertako jende askorengandik boikota ekarri zidana eta ez zen batere aurkezpen polita izan. Oñatin jaso nuen maitasuna zoragarria izan zen. Benetan eskertu eta gozatu zuten eta nuen».
Agerraldian ere aurreratu du 'Aurpegien lapurra' ostean datorren 'Alma negra' eleberria jada itzultzen ari dela Jaka eta, dena ondo bidean, hurrengo urtean helduko dela Ane Cestero protagonista duen azken liburua. «Ez dakit nola ekarriko duen», bota du umorez. «'Arima beltza'», erantzun dio Mendigurenek. Martín itzultzailearen lanarekin oso eskertuta azaldu da, nobela beltzaz gain haurrentzako idatzitako Sira eta Oninen bildumak ere itzuli baititu, orotara 18 lan. «Lehen galdetzen zidan 'honekin zer esan nahi zenuen', baina guztiz ezagutzen nau. Gainera, gaztelaniaz badira errepikapen batzuk eta Aiorak beste irakurketa bat ematen dio, topatzen ditu eta zorrozten ditu. Garbiago da euskaraz. 'Honaino iritsi gara' esango balu arazo bat izango nuke». Era berean, Mendigurenek donostiarrak bere liburuak euskaraz ere egoteko duen konpromisoa goratu du. «Gaztelaniaz erosoago moldatzen bada ere, euskara ere bere hizkuntzetako bat da eta ahalegin ekonomikoa egin du».
Elkarreko editoreak oroitu bezala, egun Euskal Herrian nobela beltza idazten duten egileen artean «ezagun eta arrakastatsuenetako bat» bada ere, Martínek ez zuen literatura bidea genero honetan hasi, bidaietako gidak eta eleberri historikoekin baizik. «Ostekoak denak nobela beltzak dira, azken hiruak Cesterok protagonizatuak. Denak lotzen ditu Euskal Herriko txoko eder eta miresgarrietan kokatuak izateak», Pasaiako badian, Urdaibaiko badian eta Txingudiko badian lehen hiruak eta aipatutakoa «Arantzazuko bazterretan: Oñati, Araotz... Inguru magikoetan», xehatu du Mendigurenek.