Borrar
Beatriz Fernández ikertzailea, 'Ariadnaren haria' saiakeraren egilea. Gorka Estrada
Hizkuntza den labirintoan irteera aurkitzeko «lihozko hiru hari gorri»
Beatriz Fernández | 'Ariadnaren haria'

Hizkuntza den labirintoan irteera aurkitzeko «lihozko hiru hari gorri»

Beatriz Fernández hizkuntzalariak «euskararen tipologia eta erabilera soziala generoaren edo sexuaren ikuspegitik» aztertu du 'Ariadnaren haria' (Susa) saiakeran

Jon Agirre

Donostia

Jueves, 27 de febrero 2025, 13:19

Nahasmasa edo labirintoa izan daiteke maiz hizkuntza eta honen erabilerari buruz aspaldian hasitako «hausnarketa kolektiboei» ekarpen argigarria egin die Beatriz Fernández hizkuntzalariak, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileak 'Ariadnaren haria' (Susa) saiakeran «ezagunak diren alderdiak birpentsatuz eta ezezagunak direnak erakutsiz». Batik bat «euskararen tipologia eta erabilera soziala generoaren edo sexuaren ikuspegitik» aztertu ditu Fernándezek, Leire Lopez Ziluaga Susa editoreak esan bezala hartarako «lihozko hiru hari gorri» baliatuta eta «zenbait emakume ahaztezin» bidaide izanda.

Lisipe bildumako 16. zenbakia da lana eta honek mitologiarekiko duen loturari jarraipena emanez -Amazonen erregina da-, «labirintotik onik ateratzeko» lagungarriak diren gakoak jorratu ditu Fernándezek, hizkuntzaren labirintoak ez baitu «bide bakarra», ez baita «sarreratik bertatik irteten uzten dizun labirinto klasikoa. Askotariko bideak ditu, bidezidor estuak, gelaxkak, pasabide ezkutuak», defendatu du egileak. Izan ere, sarritan «euskara genero gramatikalik gabeko hizkuntza bezala» aurkeztu bada ere, «genero aztarnak ere erakusten» dituela ohartarazi dute agerraldian. Mitologiaren hariari tiraka, «sexuari eta generoari buruzkoak diren» galderak gehitzeak «arriskua» areagotzen dela azaldu du, «Minotauroa nonbait zain» baita.

'Ariadnaren haria'

'Ariadnaren haria'
  • Egilea: Beatriz Fernández.

  • Estiloa: saiakera.

  • Argitaletxea: Susa. Lisipe 16 zenbakia.

  • Orrialdeak: 144.

  • Prezioa: 13 euro.

Harengandik ihes egiteko dira «lihozko hiru hari gorriak», liburuaren ataleko bana. Lehenean genero gramatikala duten hizkuntzetan, hala nola erromanikoak, antzeman eta salatu izan diren genero arrakala aztertu ditu; bigarrenean maiz genero gramatikalaren itzalpean ezkutuan geratu baina bete-betean erakusten duen beste alderdi linguistiko bat, jokabidea, aztertu ditu; eta, hirugarrenean, azkenik, tabu hitzak ditu mintzagai, nork, noiz, non eta nola erabiltzen dituen.

Bide horretan erabilitako estiloa goraipatu du Lopez Ziluagak, batetik erabilitako «zorroztasun zientifikoa», baina baita «prosa gozagarria» ere. «Katalina Erausoren kontura, Utergako Joana abiapuntu izanda edota Frantziako anderearen balada erabilita. Haragizko zein fikziozko emakume asko ditu bidelagun».

Hiru hari

Testuinguru orokorra eman eta sarrera lanak egiten dituen hitzaurrearen ostean 'Katalina Erauso eta genero (gramatikalaren) gatazka' atalak irekitzen du liburua eta, besteak beste, genero marka duten «hizkuntzen itzalpean euskarak pairatzen dituen ajeak» islatzen dira, esaterako «aita-amak esan ordez aitak esatea 'padres' itzalpean». Ildo horretan, 1992an Miren Azkaratek salatutakoa bere egin du eta haren hitzak erabiliz azaldu du sarri «ez dela gramatikaltasun kontua, sentiberatasun kontua baino». Era berean, «genero-aztarnak» deiturikoak, esaterako 'jainkosa' hitzean dagoena bezalako generoa markatzeko atzizkia edo «tipologikoki munduko hizkuntzen artean bitxiena» den hitanoa ere aztertzen ditu. Honi buruz maiz lagunartekoa dela esaten bada ere, Garbiñe Bereziartua eta Beñat Muguruzak egindako azterketa zitatuz, «tokaz ez gain lagunartekoa» dela adierazi du.

Bigarrenean, 'Etxeko aingerua hil', Virgnia Woolfek erakutsitako bidetik «emakumeen eta gizonezkoen jokabidea» aztertu du. Azaldu duenez, «hizkuntza bera partekatzeak ez dakar ondorioz elkarrizketan jokabide bera izateak», eta kontrakoa pentsa dezakeenari ingurua aztertzeko ariketa proposatu dio: nork betetzen duen soinu espazioa, nor isiltzen den, nork eskatzen duen txanda, nork ez duen eskatzen... «Genero arrakala nabarmena dago, ez dut spoilerrik egingo. Misterioa hor utzi nahi dut zuek esplora dezazuen».

Hirugarrenean, 'Izena, izana, ezina', Berri Txarrak taldearen kantutik hartua, tabu hitzak dira ardatz. «Hunkitzen, aztoratzen, lotsatzen gaituzten» hitzak. Hari horri tiraka emakumeek madarikatzen ote duten aztertu du eta, hala bada, nork, non, noiz eta nola. Letraren aipuak dioen bezala «behin eta berriz inausi digute hitza, debekuaren artaziekin».

Azkenik, liburua «sexuaz eta generoaz gogoetatzen duten, emakume, gizon zein bata ez bestea ez diren pertsona bitarrei» eskaini die eta eskerrak eman dizkie bai aurrez lan egin dutenei zein atzetik datozenei. Adibide modura jarri du gazteek 'bollera' hitza birsignifikatu eta bereganatzeko egindako lana.

Leire Lopez Ziluaga Susa editoreak esan bezala, 'Ariadnaren haria' liburuak Lisipe bildumak izandako bederatzi urteko ibilbidean «landu gabeko gai bat jorratzen du» eta oso pozik azaldu da Fernándezek egin izanagatik. «Gai hori jorratzeko ezin idazle aproposagoa dugu. Pasioz maite ditu hizkuntzak eta hizkuntzen inguruko zertzelada eta misterioak. Horrekin batera bere pasioaren bulkada besteei transmititzeko eta kutsatzeko gogoa ere modu apasionatuan bizi du».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Hizkuntza den labirintoan irteera aurkitzeko «lihozko hiru hari gorri»