(H)ilbeltzaren baitan aurkeztuko du Eneko Barberenak 'Suak erreko ez balu' eleberria
Urtarrilaren 23an izango da, ekimenaren lehen egunean, 'Idazleekin solasean' zikloaren barnean
Euskal Nobela Beltzaren Astearen baitan aurkeztuko du Eneko Barberenak argitaratu berri duen 'Suak erreko ez balu' eleberria, 2021eko (H)ilbeltza bekaren laguntzarekin kaleratu zuena. Bosgarren deialdian gailendu zen Barberena 'Xukuneatik aldendu ahala' izenpean aurkezturako proiektuarekin.
Honen abiapuntua bi artzainen atxiloketa eta espetxeratzea da, Aezkoako mendi sute batean hil diren hiru mendizaleren heriotza argitzeko ikerketaren ondorio bezala. Urtebete geroago, Konpainia izeneko aseguru etxeak Ainhoa Sanz peritua bidaliko du Aezkoara sutea ikertzera, aseguru etxeko bezero diren artzainen inplikazioa argitzeko; Konpainiak diru asko baitu jokoan bezeroak errudun joz gero.
'Suak erreko ez balu'
Egilea: Eneko Barberena.
Argitaletxea: Txalaparta.
Bilduma: Amaiur.
Prezioa: 20 euro.
Orrialdeak: 392
Eneko Barberena Arrasaten jaio zen 1983an. Zuzenbidean lizentziatua da ikasketaz; hainbat kultur elkartetan jardun izan du, eta bere jaioterriko udalgintzan ere bai. Literaturaren alorrean hiru lan argitaratu ditu orain arte: 'Igogailuak, Dow Jones eta beste droga batzuk' (ipuinak, 2002), 'Lurrunak ez du oraindik kristalik estali' (poesia, 2004) eta 'Martin Larralde' (CD-liburua, 2011). Augustin Zubikarai nobela-bekaren 18. edizioa irabazi zuen 'Afrikaners' proiektuarekin.
Aste osoko egitaraua
Ekitaldia Arizkungo Medikuaren etxean izango da urtarrilaren 23an, astearen lehen egunean, 'Idazleekin solasean' zikloaren baitan azken urteetan ekimenak ohitura bihurtu duen bezala. Horretaz gain, antolatzaileek programa zabala aurkeztu zuten hilabete hasieran bederatzigarren edizioari begira. Berau urtarrilaren 23an hasi eta 29an amaituko da.
Ostean, asteazkena 25, Joseba Sarrionandiak 'Odol bearbaguea, agirtuco da eguia eurea' lana izango du mintzagai, ostirala 27 'KLAreletik' filmaren proiekzioaren txanda izango da; larunbata 28 'Zurian beltz, Literatur itzulpenak eta itzulpozak' izenburupean mahai-ingurua egingo da eta, topaketa ixteko zenbait liburu aurkeztuko dira: Jon Alonsoren 'Amaiur bat urtero', Mikel Alvarezen 'Euskalia' eta Leonardo Sciasciaren 'Todo modo'.