Eneko Barberena: «Nire nobelak indiferentziak familia batengan duen eragina kontatzen du»
Ondarruko Udaleko Augustin Zubikarai beka irabazi izanaren fruitua da Eneko Barberenaren lehenengo nobela 'Afrikanerrak' (Elkar)
KEPA OLIDEN
ARRASATE.
Asteazkena, 30 urria 2019, 00:13
Eneko Barberenak nobelara egin du jauzia eta bere lehenengo eleberria aurkeztuko du datorren eguaztenean, azaroak 6, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan 19.00etan. 'Afrikanerrak' (Elkar) 2018ko Ondarroako Udaleko Augustin Zubikarai beka irabazi izanaren fruitua da. Idazle arrasatearraren hirugarren lana da 'Igogailuak, Dow Jones eta beste droga batzuk' (2002, Apokaliftin Elkartea) konketa laburren bildumaren eta 'Lurrunak ez du oraindik kristalik estali' (2004, Gaztesarea)' olerki liburuaren ostean.
-Europar Batasuneko tropek Afrikako iparraldea inbaditu, gerra, euskal konpainiak, funtzionario bikote baten ezkonbizitza errutinarioa... zer da eta zer kontatzen du 'Afrikanerrak' zure nobelak?
-Nobela indiferentziari buruzko lana da. Kontatzen da etorkizun hurbilean, 2030 urtearen bueltan, Europa gerran dagoela eta gerra horrek eragina du gurean. Testuinguru horretan batez ere familia baten ibilbidea kontatzen dut, indiferentziak eurengan duen eragina, izan gerrarekiko izan gauza arruntagoekiko.
Andaluziako hondartza batera patera bat iristen deneko irudiari jarraika ehundu du argumentua
Kontatzen da etorkizun hurbil batean Europa gerran dagoela, eta eragina du gurean
-Zein da zure iritziz eleberriaren sakoneko hausnarketa? Distopia bat eta egungo gizartearen kritika zorrrotza?
-Nik indiferentziaren hariari tiratu diot eta hona ailegatu naiz. Ez dut uste kritika zorrotza denik, soilik pertsonaia batzuen hondamendi txikiaren kontakizuna. Helburua ez da izan hausnarketa, fikzio lan batean erantzun batzuk aurkitzen saiatzea besterik ez.
-Nola ehundu duzu argumentua?
-Buruan iltzaturik dudan irudi bati jarraika, Andaluziako hondartza batera patera bat iristen denekoa. Pentsa zelako kontrastea, gozamena den hondartzak hil ala biziko bidaia batekin topo egitea. Mediterraneokoa hain da izugarria, Mondragoetarrok gainera Ane Irazabal kronikagile aparta dugu horren berri emateko, zaila dela beste alde batera begiratzea. Eta halere, honekin ari gara bizitzen. Erantzun horien bila etorri zitzaidan ideia.
-Idazketa prozesua nola eta noiz lantzen duzu?
-Galdera ona. Kasu honetan argumentuaren eskema egin, pertsonaien bizitza irudikatu eta hauetako bakoitzaren fitxa egin dut. Pertsonaiak baitira gogoeta egiten dutenak, ez ni. Beraiek egoera bakoitzean nola erantzungo zuketen pentsatu beharra izan dut. Ondorenean ostiral gau eta asteburu asko pasa ditut idazten.
-'Igogailuak, Dow Jones eta beste droga batzuk' kontaketa laburren liburua 2002 urtean atera zenuen. Zer moduzko esperientzia izan da?
-Gaur egungo esperientzia arras ezberdina, 2002an ume moko bat bainintzen. Halere, gozatu egiten dut idazten.
-Zerk bultzatu zaitu oraingoan narratibara jauzia egitera?
-Ba sari baten bultzadak, zintzoa izateko. Horrez gain, uste nuen banuela istorio on bat zukua atera ahal izateko eta denborak hala dela erakutsi dit.
-Euskal literaturan izen propioa lantzen ari zara. Aurrera begira baduzu beste proeikturik esku artean?
-Nik ez nuke hainbesterako esango. Lan txiki ezberdinak egin arren, hasiberritzat dut nire burua. Badakit zein den nire tokia euskal literaturan. Baditut proiektu pare bat, olerki goxo eta kostunbrista batzuk eta narrazio motz sorta. Halere, idazle batek ez daki maiz ea bere proiektuak gauzatuko dituen. Denborak esango du hori.