Hainbat emakume ilunpetik atera dituzten gutunak
Bata bestearengandik urrun egon arren, '1.362 km EURI' gutun-liburua osatu dute Garazi Goia eta Goizalde Landabaso idazleek
Goizalde Landabaso Bilbon bizi da. Garazi Goia, berriz, Londresen. Idazleak dira biak, eta komunikazioarekin zerikusia duten lanak dituzte. Ogibidez kazetaria da Landabaso bilbotarra, Radio Euskadin diharduena. Goia segurarra, berriz, telekomunikazioetan aditua da, ia bederatzi urte BBCn aritu ostean orain urte eta erdi SKY konpainian ardura berri, eta handiak, hartu zituena. Idazleak dira biak, eta lagunak.
Bazuten tarteka elkarren berri. Whattsapp-ez, e-mailez, presaka, hala moduz... Horrela gainditzen zituzten Bilbo eta Garazi Goiaren Londreseko etxearen artean, lerro zuzen bat marraztuz gero, dauden 1.362 kilometroak.
Halako batean, elkarrekin zerbait egitea otu zitzaien. «Komunikazio ariketa desberdin eta zintzo bat egitea erabaki genuen», gogoratu zuen atzo Landabasok, elkarrekin osatu duten '1.362 km EURI' (Elkar) liburuaren aurkezpenean. Komunikazio ariketa desberdin hori izan zen elkarri gutunak idazten hastea; solaskidearekin behar bezala harremantzeko «denbora hartzea, gaur egun denbora delako gure altxorrik preziatuena». Emakumeari buruz jardutea ere adostu zuten.
'Alter ego' bila
Denbora, eta Goiak aldarrikatu zuen «norberarentzako espazioa». Espazio hori topatzeaz gain, «sentsazio ahaztuak» berreskuratu zituen ariketa burutu ahala. Esate baterako, «zain egotea, eskutitza noiz iritsiko zen eta zer ekarriko zidan jakin gabe». «Barrua husteko» ere balio izan dio ariketak, eta eman dio halaber. 2017ko uztailean ekin zioten gutun bidezko harremanari, eskutitz katea gidatuko zuen galdera adostu ondoren: bigarren bizitza bat bazenu, bizitzeko beste bizitza bat... zein emakume izatea aukeratuko zenuke zuk?
'Alter ego' baten bilaketa, eta gutunez osatutako katea, G.-k hasi zuen (Goizaldek, G puntuarekin-ek) Lekeitiotik, egun euritsu batean, idatzitako gutunarekin. Eulalia Abaitua (1853-1943) argazkilari bilbotarraren berri ematen zion Garazi Goiari, beste zenbait burutazio partekatzearekin batera.
Ez zitzaion segituan iritsi G-ren (Garaziren, G punturik gabekoaren) erantzuna. Irailean idatzi zion bueltan, Leedsetik Londresera bidean trenez zihoala, euripean. Abaituaren garaiko margolari alemaniar bat ekarri zuen eskutitzera, gazterik hil zen Paula Modersohn-Becker (1876-1907), arte modernoaren aitzindarietako bat kontsideratua, nahiz eta ez lortu bere garaiko hainbat gizonezko margolariren sona. Urtebete ibili ziren horrela, gutuna gora, gutuna behera.
Erabakia zuten, hain zuzen, azkenean urtebetez luzatuko zen ariketa baliatzea «historian zehar ekarpen bikainak egindakoak izan arren ahaztuta dauden edo gizon baten itzalean egon ziren emakumeak» berreskuratzeko. Horretarako, «dokumentazio lan ikaragarria» egin behar izan dute. Kasu askotan, Goizalde Landabasok gogoratu bezala, propio joan behar izan dute oso agerikoak ez ziren erreferentzien bila, alboko aipamenen batean edo bestelako txokoren batean atentzioa eman dieten emakume askoren inguruko informazioa urria baita.
Egindako lanari eta deskubritu dituzten emakume horiei guztiei esker berretsi dute, Garazi Goiak azaldu zuenez, «ze informazio gutxi dagoen urrats handiak egin zituzten emakumeen inguruan». Bakoitzak aukeratu ditu bereak, ez da egon aurretik adostutako zerrendarik. Eskutitzak berezkoa duen ezusterako gaitasunari eutsi diote horrela, ez baitzekiten aurretik zein emakume ekarriko zien hurrengo gutunak.
Gogoetak, bizipenak...
Hor ibili dira, punta batetik bestera, Cristina Kahlo, Fridaren ahizpa; Josephine Butler Victoriar garaiko feminista; Maurizia Aldeiturriaga pandero jotzailea; Natalia Sedova iraultzailea, Trotskyren bigarren emaztea... Eta beste asko, azkenaurreko ataltxoan G.-k prestatutako zerrenda luze-luzean aipatu baino egiten ez diren emakumeak barne.
G.-g eta G-k euren arteko harremanetara gonbidatu dituzte emakume ugari eta denetariko horiek ez dira korrespondentziaz jabetu, eta haien inguruko datuek –gehiago nahi duenak, hor du Google, iradoki zuten– ez diote tokia jan literaturari. Bakoitzak eutsi dio bere estiloari, eta biek lortu dute beraien bizipenak irakurlearekin partekatzea.
Bi egileen gogoeta, aldarte eta egunerokotasunetik ere asko dute eskutitzek. Euria ere bai gogotik, bat izan ezik dena baitaude, hala tokatuta, egun euritsuetan idatzita. «Amatasuna, bizitza pertsonala eta erronka profesionalen arteko oreka» eta horrelakoak ditu maiz hizpide eskutitz dezente hegazkin eta aireportuetan idatzi zituen Garazi Goiak. «Bakardadea, aurreko belaunaldietako emakumeen lanarekiko miresmena, bizitza erosoegia eta errazegia» tokatu ote zaigun errezeloa dira, besteak beste, Goizalde Landabasok eskutitzetara ekarri dituen burutazioak. Osagai gisa, proiektuan oinarritutako ikuskizun bat prestatu dute, martxoaren 31an Bilboko Loraldia jaialdian aurkeztuko dutena.