

Secciones
Servicios
Destacamos
Herri orok du bere «heroi nazionala», lerroburu eta hedabideetan «iritzi publikoak goraipatzen duena». Aldiz, zer iritzi dute haren ingurukoek? Zer uste dute hain bizitza pribatuaz, egindakoaz, euren egunerokoan izan duen eraginaz? Halako galderak eta beste batzuk erantzuten saiatu da Goiatz Labandibar idazlea 'Eresia' (Elkar) lanean. Azpitituluak, 'hil-kanta aitari' ematen du planteamenduaren lehen pista. Etorkizuneko Euskal Herriko errepublika independentearen lehen lehendakaria, Aitzol Agirre, hil da eta haren alaba bakarrak, Talak, lehen pertsonan kontatuko du albistea jakin eta osteko egunetan bizi eta sentituko duena, «zer dagoen iritzi publikoak goraipatzen edo jainkotzen duen pertsonaia horren atzean».
«Erabateko fikziozko» den planteamendua idazketa «errazteko» eta jolas gehiago bilatzeko hautatu du Labandibarrek. Gaiak «errespetu handia» ematen ziola azaldu du, are gehiago «hezur-haragizko norbaiten bizitzan» sartu izan balitz. Izan ere, asko du «satiratik», heriotzak maiz duelako «lilura» bat, berriki Aita Santua hil denean ikusitakoa idazlearen esanetan. «Dena ontzeko eta barkatzeko gaitasuna du». Horregatik nahita bilatutako «umore edo ironia tonua» baitarabil idazterakoan. Ez hainbeste barreak sortzerakoan, gehiago «Tala erdigunean jarri dudalako eta irakurlearentzako pertsonaia sinpatikoa izatea nahi nuelako. Ez negartia». Erabaki horrek, Xabier Mendiguren Elkarreko editorearen esanetan, oreka handia ematen dio liburuari. «Gure gizarteaz, harremanez pentsatzen du istorioak, baina aldi berean ondo pasatzeko. Eta hori Euskal Herriko literaturan behar-beharrezkoa dugu», goraipatu du.
Funtsean, «dolu baten narrazioa» dela laburtu du idazle oiartzuarrak, «urruntze fisikoaz gain urruntze emozionala ere» islatzen duena. Rebeca Solnit idazle estatubatuarrak liburu batean egindako hausnarketak piztu zuen galdera. Martin Luther King hiru seme-alabentzat aita txarra izango zela zioen, baina nolabait gizarteari emandakoa garrantzitsuagoa zela etxean eman ahalko ziena baino. «Haiek zer pentsatzen zuten galdetu nion nire buruari». Hori bai, azpimarratu du ez dagoela inorengan inspiratua, ez Aitzol Agirre, ez haren itzala eta Talaren sentipenik. Ez du ispilu inor, baina gizartetik «oso gertu» dela nabarmendu du Mendigurenek. «Gure inguruari begiratzen dio begirada zuzen batekin, erretratu sozial zorrotzak, baina aldi berean umorearekin. Ez ebasiozkoa, errealitatetik abiatzen dena baizik».
Egilea: Goiatz Labandibar.
Argitaletxea: Elkar.
Orrialdeak: 112.
Prezioa: 13,50 euro.
Ildo horretan, Euskal Herriko errepublika horretan kokatzeak bi arrazoi izan ditu. Batetik, Labandibarrek «gaurtik eta hemendik» idazten duelako, «gure gizarteari begira», eta istorioa kokatzea errazagoa delako. «AEBetan kokatzea askoz zailagoa egingo zitzaidan». Era berean, etorkizun hori izanik, «hainbat gauza sortu edo eraikitzeko askatasuna» sentitu du, baita «gure gizartean dauden zenbait konturi buruz tonu jostalarian hitz egiteko».
Eleberria laburra da, baita kontatzen duen istorioaren iraupena. Apenas da astebete, baina kapitulu ia guztietan Talak denboran egiten dituen aurrera eta atzerek kronologiaren xehetasun gehiago ematen dituzte, haurtzarotik hasita eta gaztaroan barna aitaren heriotza arte «Aitzol Agirreren alaba izateak» nola eragiten duen kontatzeko. «Bada borroka hori, nola banatu bere izaera aitaren itzaletik», azpimarratu du Labandibarrek. Era berean, laburra izanagatik, argitu du «irakurlea Tala oso ondo ezagutzera heltzen» dela. «Aitzol Agirre pertsona bezala ez, aita bezala zer izatera iritsi zen bai».
Hala, egitura aldetik, sarrera edo abiapuntu eta amaierako atalez gain, gainerakoak lehen lehendakariari emango zaion agurreko pausoak dira. Ia hasiera-hasieratik izan zuen argi hala izango zela. «Hezurdura lehen atalean azaltzen da, hor egituratu nuen liburua, zein zati izango nituen: beilatokia, ekitaldi instituzionala, etab.». Hori bai, ostean pertsonaiari «hazten eta ibilbidea egiten» utzi diola gehitu du, baita bertsolaritza, pertsonaien filiak eta fobiak edo bestelako elementuak sartzeaz gain.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
No te pierdas...
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.