Barne munduak islatzen dituzten bi lan
Kutxa Irun Hiria Literatur Sarien 44. edizioan Alaine Agirreren 'Karena' eleberria eta Leire Vargasen 'Dena ametsa den irudipena' saritu dituzte
Literatura istorioak kontatzea eta irakurlearen barrua ukitzea bada ezin hobe asmatu dute Alaine Agirrek eta Leire Vargasek. Agirreren idazkera «indartsu, sentibera eta gogorra» nabarmendu du Antxine Mendizabal editoreak, lanei aurre egiteko duen «pudore» falta eta horri esker nola lortzen duen «emozio eta sentipen ilunena» argitara ekartzea «emakume ahotsez». 'Karena' lanaren kasuan amatasunaren alde ezkutua, ama izan nahi eta ezina eta bikotean sortzen diren arrakalak. Vargasek, Xabier Mendiguren editoreak zehaztu bezala, bere ahots poetikoa «mintasunetik» ateratzen du, «beldurrak, zalantzak, arrakalak, noraezak eta minak azalduz. Eta hortaz idaztea arte bat da», azaldu du Elkarreko editoreak.
Liburuan bakarrik ez, bi idazleek euren barreneko sentipen horiei irteera eman diete gaur astelehena Donostiako Kutxa Kultur Plazan egindako Irun Hiriko Kutxa Literatura sari-banaketa ekitaldian. Hitza hartzen lehena Vargas izan da. Liburuaren muina «hotza, izotza» dela kontatu du, «norbere baitan gertatutako galera bat, errealitatetik urrun zaudenaren sentipena». Harengan, inguruarengan eta ingurukoengan eragin eta nahi ezina jasotzen dute poemek, «mugek eragindako ezina eta ondorioz sortzen den gatazkaz».
«Eragin nahi eta ezinaren mugak eragindako ondorioak gatazkak sortzen ditu. Hori landu dut poemetan»
Leire Vargas
Kontzientzia hartze hori abiapuntu bezala, gatazkak hiru zentzutan materializatu ditu 'Dena ametsa den irudipena' bilduman, bakoitza atal batean. Lehenean, 'Zuloak', elikadura nahaste batek zeharkatutako gorputzaren markoan espazioaren kontzientzia hartzearen ondoriozko «hauskortasun fisikoaren muga eta mina» dira mintzagai, egileak «hotzarekin eta isolamenduarekin» estuki lotzen dituenak. Bigarren atala, 'Ateak', begirada kritikotik idatzia dago eta ideologiari buruzko zalantzak eta berau zalantzan jartzeko gurak bultzatua da, «pentsatzen denari fidel izatea eta horri men egitea ekintza eta sentimenduetan». Hirugarren eta azken atala, 'Zubiak' harreman interpertsonalei buruzkoa da, inertziei eraginak eta guk nahi eta besteek nahi dutenari buruzkoa.
Idatzi «tabuak biluzteko»
Amatasuna gizartean oso presente den gaia da eta neskei «txikitatik nahi horren hazia» sartzen zaiela salatu du Agirrek, «presio sozial hori hor dagoela». Horregatik, oso errotua dagoen «kontakizun hegemoniko eta idealizatu horretatik aldendu eta hertzetara» jo du idazle bermeotarrak 'Karena' eleberrian. «Tabuak biluzteko idazten dut, ilunpetik argitara eramateko». Asmo horrekin amatasunari buruzko zalantzak, galderak eta kontraesanak ikus daitezke idatzian, baita «bikote mailan» zein baiezkoa hautatu ostean ematen direnak ere. «Askotan asimetrikoak dira eta horrek arrakala ireki dezake».
Sara izeneko neska da protagonista eta haren bitartez biziko dugu prozesua. Beste neska batekin erabakitzen du ama izatea eta une horretan hasten da espero ez duten bidea. Barnean daraman haurrari gaitza detektatzen diote lehen lerroetan eta sei atal nagusitan sailkatuta dauden 60 atal laburretan, modu ez kronologikoan, albo kalteak eta kostuak ageri dira. «Ez dira debalde, maila psikologikoan, fisikoan, maila sozialean eta ekonomikoan nabari dira».
«Kontakizun hegemonikotik aldendu eta albo kalteak eta kostuak islatu nahi izan ditut»
Alaine Agirre
Hori bai, argi utzi du bere asmoa ez zela «tesi edo aldarri» bat egitea. «Zeharkatzen nauten gaiak nire literaturan azaltzen dira eta kasu honetan min horren ukazioa ikusarazi nahi nuen». Aldarrikapen horretan salaketa argia egin baitu Agirrek. «Konturatzen naiz ugalketak sostengatzen duela gizartea, baina era berean gizarteak ez duela sostengatzen ugalketa prozesu guztia. Ez da emakumea zaintzen».
Agirrek 2014an argitaratu zuen helduentzako lehen nobela 'Odol mamituak'. Ostean idatzi ditu 'X hil da' (2015) eta Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama (2017). Haur literaturan ere ibilbide oparoa izan du eta sarritan izan da saritua. Bere lanak gaztelaniara, katalanera, ingelesera, danesera edo korearrera itzuli dira. Vargasen kasuan, aldiz, 'Dema ametsa den irudipena' argitaratzen duen lehen lana da.
Edizio honetan 36 poesia-lan eta 25 eleberri aurkeztu dira, azken ekitaldian baino 17 eta 5 gehiago, hurrenez hurren. Poesia epaimahaia Iñaki Aldekoak, Lourdes Otaegik eta Itxaro Bordak osatu dute eta eleberrikoa Felipe Juaristi, Jon Martín Etxebeste, Jon Kortazar, Arantza Urretavizcaya eta Joxe Mari Iturraldek.