«Arazoa ez dago pertsona transexualen gorputzean, jendartean baizik»

Kattalin Miner idazle eta kazetari hernaniarra./ARIZMENDI
Kattalin Miner idazle eta kazetari hernaniarra. / ARIZMENDI

Lagun handia zuen Kattalin Minerrek 2007an bere buruaz beste egin zuen Aimar Elosegi Ansa gazte hernaniar transexuala. 'Moio. Gordetzea ezinezkoa zen' liburuan haren heriotzak eragindako «mapa emozional, politiko eta poliedrikoa» jaso du

Nerea Azurmendi
NEREA AZURMENDI

Amaia Elosegi Ansa izena jarri zioten jaiotzean. Bera Aimar Elosegi Ansa zen. Suizidatu aurretik idatzi zuen eskutitzean, hala ere, esan zuen «nire oroitzapenerako funeralean Amaia eta Aimar izenak agertzea nahiko nuke, bi hauetaz bainago osatua». Lagunek, hurbilekoek, berriz, 'Moio' esaten zioten 2007ko apirilean, 21 urte zituela, bere buruaz beste egin zuen gazte hernaniar transexualari.

Deitura hori aukeratu du Kattalin Miner (Hernani, 1988) idazle eta kazetariak lagun minaren suizidioaren hamargarren urteurrena bete zenean idaztea erabaki zuen liburuaren izenbururako. Debako Udalak eta Elkarrek antolatutako 2017ko Tene Mujika bekaren laguntzaz gauzatutako proiektua Donostian aurkeztu dute asteazken honetan hedabideen aurrean Kattalin Minerrek, Debako Kultur zinegotzi Ane Egidazuk eta Xabier Mendiguren editoreak. Hernaniarren aurrean, berriz, arratsaldean aurkeztu dute Kattalin Minerrek berak eta Danele Sarriugartek, eta datorren igandean 'transbertso' saio bat ere egingo da herrian, liburuan planteatzen diren gai ugariei buruzko gogoeta, eta salaketa ere bai, ahalik eta eremu gehienetara eramateko-edo.

Minerrek berak esan bezala, «literaturaz haragokoa» da liburua. 2007an familiarentzat, adiskideentzat eta herrikideentzat zartako izugarria izan zen Aimarren heriotza eta haren ondorengoak, era berean, ikuspegi biografiko edo pertsonalaz haragokoak dira, Kattalin Minerrek uste baitu auzia politikoa dela, publikoa eta ez pribatua.

Familiaren eta lagunen babesa daukan gazte batek heriotza bizitza baino nahiago izatera eramaten duen arazoa ez dagoelako «pertsona transexualaren gorputzean, jendartean baizik». Horregatik, saiatu da «Aimarren heriotzaren eta ondorengo gertaeren mapa emozional, politiko eta poliedriko bat egiten».

Transmisioa bermatu

Moioren heriotzaren hamargarren urteurrenean lasai sentitu zen aurrenekoz Kattalin Miner. Aurreko urteetan ez bezala, ez zuen ezer berezirik egiteko beharrik sentitu. Zer ote zen hura, doluaren gogorrenaren amaiera, edo ahanzturaren hasiera? Egonezin horrek eraman zuen pentsatzera ea maila zabalagoan ez ote zen antzeko zerbait gertatzen, auzia ez ote zen «sozialki tapatzen» nahiz eta bere garaian hernaniarren erantzuna sekulakoa eta «aitzindaria» izan. Konturatu zen «transmisioa ez zegoela bermatua», eta are gutxiago gainditua –tamalez behin baino gehiagotan frogatu ahal izan den bezala– Aimar bere buruaz beste egitera bultzatu zuen egoera soziala.

«Ikusgarritasunean asko hobetu da, minimo batzuetara iritsi gara»

«Tolerantzia aipatzen da, baina ez gara iritsi denontzat bizigarria den jendartera»

Hainbat hipotesi bueltaka ibili ondoren, «aurrena niretzat idazten hasi nintzen, eta denbora batean esan gabe genuenaz hitz egiten ere hasi ginen gure artean». Hamar urteko «isiltasun beharra» gainditutzat emanda, azkenean liburuan gauzatu den proiektua jarri zuen abian, «modu oso intuitiboan». Gaiak batez ere galderak eragiten zizkionez, galderak egitea erabaki zuen.

Bederatzi elkarrizketatan oinarritzen da, hain zuzen, 'Moio'. «Ahots desberdinak jasotzeko eta denen artean memoriaren ertz desberdinak» biltzeko jaso zituen lagunen hitzak («ezizenekin, taldetasuna islatzeko»); familiarenak Ander Elosegi Ansa anaiarenak–; ikuspegi politiko eta teorikoena ekartzen duten Medeak-eko Ana Txurruka eta Josebe Iturriozenak; Aimarren heriotzaz bertsotan eta idatziz aritu ziren Maialen Lujanbio eta Iratxe Retolazarenak eta, azken hitz gisara, gaur egun Aimarrek bizi izan zuen prozesua bizi duen Brayan Altimasberes gazte hernaniar transexualarenak.

'Moio' ez da ordea elkarrizketa liburu bat, kronika, testigantza-bilketa eta gogoeta partekatu bat baizik. Galdera asko uzten ditu airean, baina erantzunak ere ematen ditu, eta egiten ditu modu pertsonalean zein kolektiboan oso lagungarriak izan daitezkeen proposamenak.

Jendarteari egindako azterketatik ere badu liburuak. Gauzaren batzuetan, azterketa hori gaindituta dago. «Orain askoz ere informazio gehiago dugu. Orduan gaur dakiguna jakin izan bagenu...», onartu du Minerrek. Tabuek, ordea, hor jarraitzen dute. Kasu honetan, gainera, tabua bikoitza da, deserosoa izaten jarraitzen baitute suizidioak eta transexualitateak.

«Ikusgarritasunean asko hobetu da, minimo batzuetara iritsi gara» eta «tolerantzia» edo dena delakoa «ere badago, baina ezezagutza handia dago oraindik». Eta gara iritsi, inondik ere, «guztiontzat bizigarria den jendartera», Aimarrena, tamalez, ez baita izan azken urteotan Euskal Herrian izan den gazte transexual baten suizidio bakarra.

Temas

Euskera