Amatasuna ikuspegi feministatik lantzeko saioa
Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek 'M ama* eme* ume*' eleberria ostegun honetan Kutxa Kultur Kluban (Tabakalera, 1. solairua) aurkeztuko dute
J. A.
Asteazkena, 30 azaroa 2022, 12:30
Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek «feminismotik eta amatasunetik pentsatu eta gauzatu» duten eleberria da 'M ama* eme* ume*'. 2021ean Debako Udalak Elkar argitaletxearekin batera antolatzen duen duen Tene Mujika saria irabazi zuten liburu bilakatu berri den proiektuarekin eta ostegun honetan Kutxa Kultur Kluban (Tabakalera, 1. solairua) aurkeztuko dute lana. Saioa euskaraz garatuko da eta aforoa bete arte sarrera doakoa izango da.
Ekitaldian liburuak jorratzen dituen gaietatik eztabaidarako hamaika gako landuko dira. Nola ez, 'M ama* eme* ume*' lanak jasotzen dituen hamahiru testigantzak, denek amatasuna feminismotik lantzen dutenak, puntu garrantzitsu izango dira ostegun honetan.
Noticia Relacionada
«Amatasunaren instituzioa da emakumea zapaltzen duena, ez amatasuna bera»
Eleberriak hamahiru lekukotasun jasotzen ditu, ugariak iritziak eta desberdinak mundu-ikuskerak baina guztiak ere aberasgarriak. Ama anitzek ikusiko dute beren burua islatuta haren edo honen kontakizunean, eta era berean sentituko dute beren ikuspegia edo eskarmentua falta dela, nork bere modura bizi izan duelako amatasuna. Horientzat denentzat, bai ama izan ez diren emakumeentzat (beren erabakiz edo ezinez) nahiz gaiarekin sentsibilizaturik sentitzen diren gizonezkoentzat da liburu hau, inertziak apurtuz, geure buruarekin adiskidetzeko eta denon artean mundu justuago eta bizigarriago bat eraikitzeko gonbita egiten diguna.
'M ama* eme* ume*'
Egileak: Erika Lagoma eta Estitxu Fernandez.
Argitaletxea: Elkar.
Orri-kopurua: 324.
Prezioa: 23 euro.
Haurdunaldia, erditzea, erdiondoa, umearen zaintza, tradizioz emakumeari egokitu zaizkion eginkizunak dira denak ere, batzuk biologiaren indarrez, beste batzuk gizartearen antolamenduaren erruz. Horrenbestez, ez da harritzekoa, feminismoak andrazkoen emantzipazioaren alde egiten duen borrokan, amatasunari destainaz edo gutxienez deserosotasunez begiratu izana, patriarkatuaren tresna bat delakoan, emakumeak betiko betebehar eta menpekotasunei loturik mantentzeko. Alabaina, ezin da ukatu, era berean, haur bat mundura ekartzea, bere zailtasun guztiekin ere, esperientzia guztiz eder eta zirraragarria dela emakume askorentzat, edo hala izan liteke eta izan beharko luke.