Borrar
Anari Alberdi Santesteban, ostegun goiz honetan Donostian. lusa

«Abestiak egiteko balio ez zidaten bi unek, bi testuk, piztu zidaten hasierako su txiki hura»

'Gari eta goroldio' lehen liburuan, emakume batek «zer gorde eta zer bota» erabakitzeko egingo duen bidaia kontatu du Anari Alberdi Santestebanek

Osteguna, 17 azaroa 2022

Comenta

Anari beti izan da Anari Alberdi Santesteban eta, Susako editore Leire Lopez Ziluagak esan bezala, aurretik ere «hitzari lotuta ezagutu dugu. Orain arte, letragile gisa; orain, beste forma bat hartu du bere ekarriak»: 'Gari eta Goroldio' (Susa, 120 orrialde, 15,20 euro) eleberria, «gero eta beteago dagoen erretrobisoreari begira» idatzia, «gaur eguneko Anarirekin oso lotuta» dagoen «selfie poliedrikoa». Ostegun honetan aurkeztu du Donostian, ondoan Jose Luis Otamendi poeta zuela eta aurrean hainbat familiarteko eta adiskide.

«Bere jardun eremuan erreferente den artista orain arte ezagutu ez diogun diziplina bateko lana hartuta dator plazara» adierazi du Otamendik, eta jarraian Anari Alberdiren liburua –barne- eta kanpo-bidaia baten kontakizuna- «bakun egiten duten alderdiak» nabarmentzeari ekin dio. Ez da horien artean hutsalena aurreneko saioan lortzea «berebiziko nortasun narratiboko liburua, erdietsi duena lehen kolpean ezartzea bide bat norberarena».

«Berebiziko nortasun narratiboko liburua da, erdietsi duena lehen kolpean ezartzea bide bat norberarena»

jose luis otamendi

«Bizitzak berez ez dira literarioak, baizik eta horiek kontatzeko modua. Niretzat literatura hori da, eta horretan ibili naiz»

anari alberdi santesteban

«Gainazaleko trama» nahiko arrunta da: «Mende erdiaren jiran dagoen emakume batek kostako hiri batean abiatzen du bidaia. Amaitu, amaren aldeko familiaren etxeko ganbaratik atera berritan amaituko da». Goroldiozko paisaiatik garizkorako bidaia egiten duen pertsonaia «beltzez jantzitako emakume beltzaran eta txiki» gisa deskribatu du Anari Alberdik berak, «antzekotasun oro kointzidentzia litzateke», gehituz.

Gau ekaiztsu batean ezagutuko du irakurleak Otamendiren hitzetan «goroldioa eta garia elkarri josirik nor bere erroen iturburura egindako bidaia» burutuko duen emakumea, zinematik etxerako bidean. Une horretantxe abiatuko den kontakizunak badu, editoreak nabarmendu moduan, «hari nagusi bat». Horri lotuta, edo hortik zintzilik, edo horri eusten, daude liburua osatzen duten txatalak. Badira 40ren bat, luzera eta tonu desberdinetakoak. «Nabarmentzekoa da osotasuna eta digresio txikiak josteko modu hori, ia nabaritu ere egiten ez dena», azpimarratu du Lopez Ziluagak.

Anari Alberdi Santestebanen kontatzeko era ikus-entzunezko narrazioarekin alderatu du. berroz, Jose Luis Otamendik, «travelling eta zoom efektuak» aipatuz, baita «oso barrura jo» dioten «gauzak erakusteko sakontasun dotorea eta sekuentzien muntaia ausartak» ere. «Film bat irakurtzen den moduan ikusi dut nik liburu hau», gogoratu du.

Otamendiren esanetan, «literatura ararteko hartuta, norbere genealogiaren bila egindako indusketa saio singular baten aurren gaude. Bizitzari eskainitako kantu gogor bat iruditu zait bitakora kaiera hau, ez baita komeni ahaztea ibilbide bat dagoela oinarrian, ibilbide biziduna, nor bere munduari bira bat, zainetako iturbururaino».

Kontatzeko era

Modu batera edo bestera, uneren batean ia denok izango dugu antzeko ariketa egiteko beharra. «Beste fase batera igarotzeko zer gorde eta zer bota erabaki egin behar da», alegia, «amaren etxeko sabaipean» zein «lepo gainean geurekin daramagun solairu laiotzean».

'Gari eta goroldio'-ren egileak, sortzen duena eta sortzen zaiona «era konsziente batean esplikatzea» zaila gertatzen zaiola onartu ondoren, bi une ekarri ditu gogora proiektuaren jatorriaz mintzatzean: «Abestiak egiteko balio ez didaten bi momentuk, bi testuk, piztu zuten hasierako su txiki hura. Alde batetik, orain dela 10 urte hasi nintzen testu bat idazten, eta konturatu nintzen oso gazterik hil zen nire aita baino zaharragoa nintzela. Hortik urte batzuetara, oraindik zaharrago, toles bat bezala egiten dit denborak eta jartzen nau nonbaitera begira. Garai horretan bertan 13 olibondo zaintzeko ardura hartzen dut».

Hori guztia ulertzeko eta kudeatzeko modua ere badira liburua osatzen duten testuak. Hala ere, zehaztu zuen egileak, «ez da niri edo nire familiari buruzko liburu bat. Saiatu naiz nik edo gutako edozeinek bizi dugun momentu horretan, bidaia egitean, ikusten ditugun gauzak deskribatzen».

Kontatzeko era da kontatzen dena baino bereizgarriagoa; tonua. «Bizitzak berez ez dira literarioak, baizik eta horiek kontatzeko modua. Niretzat literatura hori da, eta horretan ibili naiz, parrafoen estrukturan sartu eta trapu bat bezala bihurritzen. Transzendentalak liratekeen gaiei kontakizunaren eta kontatzeko eraren bidez pisua kentzen; arinago liratekeen gaiei beste tonu transzendentalago bat ematen, eta ekilibrio hori liburu osoan mantentzen».

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Abestiak egiteko balio ez zidaten bi unek, bi testuk, piztu zidaten hasierako su txiki hura»

«Abestiak egiteko balio ez zidaten bi unek, bi testuk, piztu zidaten hasierako su txiki hura»