Ver fotos
Leitzarrak irabazle Nafarroako Bardoetako finalean
Leitzako 'Aldatzea komeni', Baztan eta Malerrekako 'Addams familia' eta Lesakako 'Unibertsolariak' lehiatu ziren Lekunberrin jokatu zen azkeneko saioan
Igandea, 25 martxoa 2018, 10:25
'Bardoak' Nafarroako taldekako bertso ekimenaren 2018ko edizioa otsailaren 2an abiatu zen, eta martxoaren 24an amaitu. 16 talde eta 113 parte-hartzaile izan dituzten 22 saioen ostean, hain zuzen, atzo jokatu zen finala Lekunberriko Toki Alai sagardotegian, ia 200 entzuleren aurrean, azkenean Leitzako 'Aldatzea komeni' taldea izan zelarik irabazle.
Baztan eta Malerrekako 'Addams familia' eta Lesakako 'Unibertsolariak' taldeekin batera heldu ziren finalera leitzarrak. Guztira, hamabi bertsolari izan ziren kantuan, eta talde bakoitzeko kide banak bete zituen gai-jartzaile zereginak. Azkenean, publikoko 20 lagunen eta Bardoetan parte hartu duten talde bakoitzeko kide banaren puntuak zenbatuta, Leitzako 'Aldatzea komeni' taldea izendatu zuen 2018ko Bardoetako txapeldun.
Leitzako taldea Diego Riaño, Mikel Azpiroz, Aitzol Eizmendi, Xabat Illarregi eta Joanes Illarregi bertsolariek osatu dute, aurkezle lanetan Migel Mari Elosegi Irurtia 'Luze' izan dutelarik eta ordezkari, berriz, Ander Fuentes Mujika 'Itturri'.
Ariketa puntuagarri guztiak bukatuta, eta Bardoetan parte hartu duten beste hainbat talde saritu ostean, jakinarazi zuten talde irabazlearen izena. Orduan izendatu zuten Leitzako 'Aldatzea komeni' taldea 2018ko Bardoetako txapeldun. Larraungo Bertso Eskolako, Nafarroako Bertsozale Elkarteko eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko hainbat ordezkarik banatu zituzten sariak. Saioaren kronika osoa hemen irakur daiteke.