'Kris eta Krash ile-apaindegia' Poltsiko Antzerki Sorkuntza programaren irabazle
Nomofobikak konpainiaren proposamena eta finalista izan den 'Diskoberri txanel' bakarrizketa Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiaren hurrengo edizioan estreinatuko dira
m. imaz
Viernes, 7 de octubre 2022, 11:39
1991 urteaz geroztik Donostiako auzoetako taberna eta lokaletan egiten den Poltsiko Antzerkiaren Jaialdiak, formatu txiki eta ertaineko antzerki-ikuskizunei ikusgarritasuna emateaz gain, azken urteetan euskarazko antzerkigintza bultzatzeko ekimen bat ere badu, Poltsiko Antzerki Sorkuntza, Donostia Kulturak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak sustatua.
Bada euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena sustatzeko programaren 2022/23ko edizioak baditu irabazlea eta finalista, Donostia Kulturak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Hala, jasotako proiektuen artean, epaimahaiak Nomofobikak konpainiaren 'Kris eta Krash ile-apaindegia' antzezlana aukeratu du. Finalista izan den beste obra Txiki komikoaren proiektu berria da, 'Diskoberri Txanel: euskaldunon jatorria'.
Hurrengo edizioan estreinatzeko
Saritutako lanak hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatzeko eta antzezteko konpromisoa hartuko dute irabazleek eta finalistek. Antzezlanak garatzeko eta ekoizteko, proiektu irabazleak 1.500 euroko ekarpena jasoko du eta finalistak, aldiz, 1.200 eurokoa. Gainera, kultur etxeek abenduan zehar espazioak utziko dituzte aukeratutako sormen-proiektuak gauzatzeko. Era berean, 32. Poltsiko Antzerki Jaialdian egin beharreko estreinaldi eta emanaldien truke 2.500 euro jasoko ditu irabazleak, eta 2.000 euro finalistak.
Nomofobikak konpainiaren obrako aktoreak Amaia Lizarralde eta Asier Olaizola dira eta Olatz Beobideren kanpo begirada du. Kris eta Krash ile-apaindegian daude, elektrizitatearen erabilera mugatuta dute (lehorgailua, plantxak…) ordaindu behar dituzten faktura altuengatik (argiarena, urarena) eta trikimailuak egitera behartuta daude. Hala ere, bezeroek ez diote joateari utzi, ile-apaintzaileen gomendioei esker beraien arazoak hobetzen baitira.
'Diskoberri Txanel: euskaldunon jatorria'-ri dagokionez, Euskal Herriko historia kontatuz, umorezko bakarrizketa berri bat egitea izango da Txiki-ren, Ion Martinez Esnaolaren, proiektuaren asmoa. Espazioaren Big Bangetik, lehen kobazuloetako gizakietara; lehen artzainetatik, erromatar garaira; Nafarroako Erresuma,mundu gerrak, gerra zibilak, frankismoa, ETAren hamarkadak… Euskal Herrian eman den azken fenomeno historikora arte: Chill Mafia.