Joseba Intxausti historialari eta euskaltzalea hil da
Historialarienak ez ziren hamaika lanetan ere nabarmendu zen segurarra Jakin Talde historikoko kide zen Paulo Agirrebaltzategi, Joxe Azurmendi eta Joan Mari Torrealdairekin batera eta UZEIren sortzailea ere izan zen
Joseba Intxausti (Segura, 1936) historialari eta euskaltzalea hil da 87 urte zituela. Hamarkada luzetako ibilbide oparo eta ugarian, historialaria bazen ere, historialarienak ez ziren hamaika lanetan ere nabarmendu zen segurarra. Besteak beste, Jakin Talde historikoko kide zen Paulo Agirrebaltzategi, Joxe Azurmendi eta Joan Mari Torrealdairekin batera eta UZEIren sortzailea da. Ohorezko euskaltzaina zen 2004tik. Euskararen historia sozialaz idatzi zuen eta Euskal Herriko erlijiotasunaz eta bertako Institutu Erlijiosoez.
Arantzazuko eta Foruko seminarioetan aurreneko ikasketak egin ondoren, 1955ean Erriberriko seminario nagusira iritsi zen Filosofia ikasketak egitera, eta bertan hasi zen euskalgintzan lehen pausoak ematen. 'Gure Izarra' aldizkarian hartu zuen parte, esaterako.
Arantzazura 1958an itzuli zen, Teologia ikastera, eta Jakineko sortzaileek erreleboa behar zutenez, zuzendaritza hartzea egokitu zitzaion. Ordukoak dira bere garbizalekeriaren kontrako aurreneko kezka aitzindariak. Bartzelonara Historia Garaikide eta Modernoko lizentziatura egitera joan, eta ez zen 1970 arte itzuliko Euskal Herrira.
«Ataka estuan» topatu zuen Jakin: Espainiako Gobernuak aldizkaria argitaratzea debekatu zuen 1969an, eta geroztik liburuak argitaratzea izan zen irtenbidea. Zuzendaritza hartu zuen egoera horretan Intxaustik eta Europako unibertsitateetan sakabanatuta zeuden Joan Mari Torrealdai, Joxe Azurmendi, Paulo Agirrebaltzategi, Manolo Pagola eta horiek bezala atzerrian ziren beste hainbatekin lankidetzan argitaratu zituzten liburuak. 1973-1974 urteetan ere 'Anaitasuna' aldizkariaren zuzendaria izan zen.
Frankismoaren bukaeran, aldizkari bihurtu zen 'Jakin' berriro, Joan Mari Torrealdairen zuzendaritzapean. Joseba Intxaustik, aldiz, UZEIren sorrera bultzatu zuen euskararen terminologia arazoari irtenbidea emateko. Hamar urte eskaini zizkion Intxaustik UZEIko lanari, lehenengo bost urteak zuzendari, eta ondorengoak langile. Bitarte horretan historiari buruzko hainbat lan eta hiztegi sortu, gidatu eta bultzatu zituen, baina Terminologia eta Lexikografia Zentrotik bere itzala askoz harago heldu zela nabarmendu dute. «Eredu izan zen, aitzindari, beharrak detektatzen eta egitasmo ugari abian jartzen jakin zuen, baita egoerarik zailenetan ere, horretarako «eragile ugariren inplikazioa eta lankideen parte-hartzea» lortuz.
Euskararentzat eta euskal kulturarentzat erabakigarriak izan diren egitasmo ugari abian jartzeko gauza izan zen, beharrak detektatzen jakin zuen». Ez hori, soilik, hauek garatzeko giltzarri izan gaitzen «eragile ugariren inplikazioa eta lankideen parte-hartzea bideratzeko gaitasun paregabea» zuela erakutsiz, baita egoerarik zailenetan ere». Horri esker, besteak beste, izan zen posible UZEI sortzea
2017an omenaldia
Hala, 2017an merezitako aitortza eta omenaldia jaso zuen Intxaustik, bere obra osoa digitalizatu zuenean Jakinek dokumentalki tratatu eta hedatzeko asmoarekin. Guztira, Intxaustik sei hamarkadez argitaratutako 504 dokumentu eta 11.684 orrialde sareratu ziren: 36 liburu osorik, 103 liburu zati eta 365 artikulu. Aurreneko dokumentu digitalizatua 1957koa da ('Arantzazu-Euskalerri Arantzazu poeman', Jakin 4, 1957: 62-68), eta dokumenturik berriena, aldiz, 2017ko urrikoa ('Musulmanak Europan', Arantzazu 999, 2017-10: 28-29).
Urtebete beranduago, 2018an, plazaratu zuen 'Asisko Frantzisko' (Arantzazuko Edizio Frantziskotarrak) liburua, frantziskotarren ordena fundatu zuen santuaren biografia. «Hutsune kultural bat betetzera dator», nabarmendu zuen aurkezpenean. Izan ere, Asisko santuaren euskarazko lehenengo biografia ez bazen ere, aurreko saio horiek baino balio historiografiko askoz handiagoa du argitalpenak. 2002an, Frantziskotarren Itzultzaile Taldeak euskaratutako Asisko Frantziskoren idazkiak izan zituen oinarri kanonizatu aurreko gizon eta kristauaz hitz egiteko eta, bide batez, orain dela 900 urteko italiar gizartearen berri emateko irakurleari.
Digitalizatutako obran lan mugarria izan zen 1985ean argitaratutako Euskal Herria lan entziklopediko. Intxausti proiektuko zuzendari eta koordinatzaile izan zen, bi liburuki eman zituena emaitza modura: 'Historia eta gizartea' eta 'Errealitatea eta egitasmoa'. Lankide Aurrezki Kutxak finantzatu zuen eta lan korala izan zen, Euskal Herriko maila guztietako eragile eta norbanakoren kolaborazioarekin.
Ia garrantzia maila bera du eta 2011n plazaratutako 'Euskararen historia soziala' lanak, Euskaltzaindiak sustatutako Joanes Etxeberri egitasmoan garatua. Intxaustiren lan kuttunetako bat izan zen.