«Isturitzeko txirularekin jotzen dut. Hori zer da? Tradizioa? Modernitatea?»

Mixel Etxekopar, eskuan ttun-ttuna eta txirula dituela/X. Pinon
Mixel Etxekopar, eskuan ttun-ttuna eta txirula dituela / X. Pinon

'Lau sasuak' musika-emanaldia eskainiko dute hilaren 23an, igande arratsaldez, Larraulgo elizan. Alegia, Vivaldiren 'Lau urtaroak' euskal galbahetik pasata. Biolinekin batera, txalaparta, txirula, zintzarriak...

Félix Ibargutxi
FÉLIX IBARGUTXIDonostia

- 'Lau sasuak' du izena emanaldiak. Lau sasoiak edo lau urtaroak esan nahi du, noski. Zuberoako hitza al da 'sasu'?

- Bai. Hogeigarren mendearen hastapenean Larrañen bazen koblakari bat, Luis Ligetx, besteak beste 'Lau sasuak' izeneko bertso sorta ondu zuena. Horregatik aukeratu genuen diskoaren izenburu bezala.

- Eta horko berso bat edo beste eskainiko duzue Larraulen, ezta?

- Bai. Parte bakoitzaren joaldia irekitzeko bertso bat joango da, nik emango dudana. Bertso horiek aski ezagunak diera Zuberoan.

- Disko hau egiteko ideia biolinjole batena izan zen, ezta?

- Bai, Marina Beheretxe du izena, Baionako Kontserbatorioan lan egiten du eta Baionako Okestrako lehen biolina dugu. Berak izan zuen ideia ero hau, Vivaldiren lan honi euskal kutsua ematea. Azken urteotan Arranoa izeneko soka laukote batean ari da Marina. Laurak emazteak dira.

- Beraz, disko horretan eskarmentu handiko musikari profesional batzuk jardun ziren; baina maila amateurreko beste batzuk ere bai, ezta?

- Hor azpimarratu behar da Arranoa laukotearekin batera, bakarlari moduan, oso biolinjole on bat aritu zela, Stéphane Rougier. Bordeleko Orkestra Sinfonikoko bakarlaria da. Eta Larraulgo emanaldi horretara ere azalduko zaigu. Poztekoa da.

- Pentsatzen dut zuk naturaren usaina, naturaren presentzia ekarriko zenuela ekimen honetara.

- Marinak deitu zidan hastapenean, aipatu zidan Vivaldiren obra hori eta nik esan nion: «Barkatu, hori ez na nire baratzea. Vivaldi ezagutzen dut, baina obra hori inoiz ez dut zuzenean osorik entzun. Gainera, zer ekar dezaket nik?». Orduan, berak esan zidan naturari estuki lotua dagoela obra hori, eta ni kolaboratzaile egokia nintzela, hain zuzen ere horrexegatik, naturaren zalea naizelako. Gero, laukote hori eta bakarlaria entzuten hasi eta, bai, hor dago natura, metaforikoki. Gure ikuskizunean, egiazki hor dago natura, zeren artzainak eta trumoia entzuten da, kukua entzuten da, beste txori batzuk ere bai... Oso emanaldi narratiboa da.

- Aipatzen dituzun hegazti-hots horiek zure eztarritik sortuko dira, noski. Oraindik denbora azko ez dela, entzun nizun Donostiako San Telmo Museoan, Artzeren omenezko ekitaldian.

- Bai, ahots-txistuaz eta txirulaz ari izan naiz. Baina ikuskizunean zintzarriak ere badira, naturatik urrun ez den tresna. Gero jakin dut Vivaldi barroko aroko musikaria dela, eta orduko giro musikala askea zela eta inprobisazioak ontzat hartzen zirela. Erran nahi baita: dena ez da finkatua, bada espazio bat inprobisaziorako. Eta horixe egin dugu: inprobisazioa baliatu.

- Zuberotarrak artelanen bat egiten duzunean, gero Gipuzkoara etorri eta harrera beroa izan ohi duzue.

- Bizkaian ere nabaritzen dugu berotasun hori. Jendeak maite du kantua, maite du natura. Euskaraz bizi ahal izatea Zuberoan eta Zuberoako ez diren tribuen artean atseden eta atsegin handia da. Biziki estimagarria da deitzen digutenean, geure herrian askotan arrotz gara eta.

- Paxkal Indo ere taldeko partaide duzue. Seaskako lehendakari gisa ezagunagoa, noski.

- Txalapartaria da, aspalditik, eta fina. Emakume batekin jardun ohi da: Paxkalin Sabagno. Gainera, Paxkal bera da ekoizlea, berak atera baitu diskoa ZTK etxearen bidez. Baigorrin du muntatua ZTK enpresa hori, txikia baina oso emankorra, zeren eta CD, liburu eta beste ekoizpen kultural andana atera-tzen da handik urtero.

- Bestela, zertan da zuk sortutako Hebendik kultur elkartea?

- Gaur egun? Irauten. Aurten Xiru festibalerako egin dugu lan, 1914ko Mundu Gerrari buruzko ikuskizun metaforiko bat eskaini genuen. Baditugu proiektu batzuk abian, horietako bat, asko maite dudana, Euskal Herriko Atlas Geopoetikoa. Lau lagun aritzen gara, joaten gara herri batera eta bertako soinu -hitzak, kantak- eta argazkiak biltzen ditugu bi egunetan; eta hirugarren egunean herriko uzta hori eskaintzen dugu, geure begiez ikusirik. 2012an hasi giren egitasmo honekin eta, Pagola, Arnegi, Aginaga, Hendaia, Barkoxe, Iruñea eta Berako esperientziak jasoak ditugu plazaratu genuen liburu-CD batean, hori ere ZTK argitaletxearen bitartez. Azken atala maiatz honetan egin dugu, Otxandion, eta gozamena izan da.

- Harrigarria da daukazun kemena.

- Bai, ahal txikia, baina kemen handia.

- Zuk tradizioa gorde duzu, baina modernitate kutsua erantsita, nik uste.

- Batzuek esaten didate nik egiten dudana ez dela benetako musika tradizionala, eta nik erantzuten diet esplikatzeko zer den tradizioa. Mundu garaikideko batzuek, aldiz, esaten didate arkaikoa naizela. Nik Isturitzeko hezurrezko txirula maite dut. Norbaitek fabrikatu zuen orain 25.000 urte, eta orain zer da? Tradizioa? Modernitatea? Batek daki!

- Erabiltzen duzun erreplika hori zer da, putre-hezurraz egina?

- Bai, Isturitzekoa bezalaxe.

- Eramango duzu Larraula?

- Ez dakit. Ez baitakit horrekin joko dudan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos