Borrar
Bixente Ameztoi pintorea, garo artean paseoan

Ira, iratzea, garoa

Iraila: ira edo garoa biltzeko hilabetea. Landare honek berebiziko garrantzia izan du gurean, eta baita indar sinbolikoa ere

Félix Ibargutxi

Donostia

Igandea, 23 iraila 2018, 12:05

Comenta

Irailean gaude. Ematen duenez, etimologia garbia da. Iraila = ira edo iratzearen hilabetea. Landare honek -Pteridium aquilinum- izen ugari ditu hala ere gurean: garo, ira, iratze, iraztor, iñaztor... Eta berebiziko garrantzia izan du baserrian, berarekin egiten baitziren ganadu-azpiak -eta ondoren simaurrak-. Irailean biltzen zen ira edo garoa, eta metak osatzen, bai mendi aldean bai etxe inguruan.

Meta, hara hor estanpa tipikoa, garai batean gauza guztiz funtzionala, gero bestelako kutsua hartutakoa: iraganaren oihartzun malenkoniatsua, objektu arkeologikoa ia-ia. Gipuzkoan batere ez, baina Nafarroako zenbait herritan ibili ezkero bi meta mota ikusiko ditugu: belar-meta eta garo-meta.

Sintomatikoa da: orain hainbeste hamarkada ez direla, askotan erabiltzen zen 'garo-usaina' esamoldea mundu zaharra edo baserri-mundua izendatzeko. Orotariko Euskal Hiztegiak adibide pare adierazgarria dakar: «Gure mendiko euskerak darion garo usai mardula» (Jon Etxaideren 'Alos Torrea'-tik hartua); «Larre-hizkuntza dena kale-hizkuntza bihur dedin, hain maite dugun garo-usaina [...] zertxobait galtzea nahitaezkoa izango du» ('Mitxelenaren idazlan hautatuak').

1912an 'Garoa' eleberria plazaratu zuen Txomin Agirre apaizak, guztiz kostunbrista eta denboraren poderioz erabat ajatua gelditu dena, egin behar ez den literaturaren paradigma bihurtzeraino. Baina hain da erraza oraingo betaurrekoekin aurreko belaunaldietakoen lanei tatxak bilatzea...

Askoz geroago, 1972an, Zarautzen 'Garoa' izeneko liburu-denda sortu zen, azkeneko urteotan zeresana eman duena toki dinamikoa izateagatik. Esango nuke liburu-denda honi esker hitzak konnotazio positiboagoa hartu duela, kultur mundutxoan behintzat.

Laburbilduz: guretzat, landare hau munta handikoa izan da. Jean Diharce (1920-2008) idazle lapurtarrak ere 'Iratzeder' hautatu zuen literatur goitizentzat. Joxe Mari Agirrek hau idatzi zuen 'Bidegileak' bildumarako egindako biografian -artean idazlea bizirik zegoela-: «Bere deitura Diharce izanik, aspalditik bila zebilen, zerbait asmatu nahian, eta Ihartz iratzetik etorriko zela pentsatzen zuenez, Iratzeder egokitu omen zitzaion, mendian, askatasunean bizi den iratzea edertu asmoz, eta horrela iratzea + eder bikoteak Iratzeder ematen du».

Dexente geroago, 1982an, Imanol Larzabalek 'Iratze okre geldiak' diskoa atera zuen, barruan iratzeei buruzko alerik ez zeukan diskoa, hala ere. Baina esamoldea gustatu, nonbait, gure abeslariari.

Arte plastikoetara pasatuz, gurean pintore landarezalerik izan bada, bat Bixente Ameztoi (1946-2001) behintzat. 'Karne&Klorofila' erakusketa antologikoa egin zuen 1993an Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, eta Foru Aldundiak katalogo ederra plazaratu.

Katalogo horretatik hartua da zuri-beltzeko argazki hori, non Ameztoi ageri den garo artean paseoan, basoko ilunean sartzen ari delarik. Behin baino gehiagotan islatu zuen iratzea bere koadroetan, eta Etxeondo arropa-markarako logotipoa egin zuen, non meta bat ageri den, baina seguru asko belar-meta, Paco Rodrigok -enpresaren sortzaileak- gogoratzen duenez.

Etxeondo enpresa Villabonan sortu zen 1970eko hamarkadan, Ameztoiren familiaren baserri-jauregiaren beheko partean, ukuilu izandako aldean. Kointzidentzia zegoen: baserriak Etxe-Ondo zuen izena. Hortik harremana Paco Rodrigo eta artistaren artean. 1998an Koloniako azoka batera joan zen Etxeondo, eta Ameztoik belar-meta paratu zuen bertan. Oso ekintza deigarria gertatu zen. Gero Italiako azoka batean beste hainbeste egiten saiatu ziren, baina ez zieten utzi.

Garai batean lege zorrotzak zeuden garoaren aprobetxamenduaren inguruan. Jende guztiak nahi izaten baitzuen garoa bere ukuilurako, eta herri-lurretako iratze biltzeak oso-oso arautuak egoten ziren. Adibidez, Patziku Perurenak atal luze bat eskaini dio landare honi bere 'Leizalarreko unaiak' liburuan, eta 'Ahotsak' adineko pertsonen testigantza bilduman sartuz gero ere aipamen ugari topatzen da. Batez ere Nafarroan, han herri-lurrak ugariago baitira, egun jakin bat ailegatu arte ezin izaten zen garoa moztu.

Patziku Perurenaren liburu horretan alderdi bat aipatzen da hemen Gipuzkoan ezagutzen ez dena: Goizueta-Leitza inguru hartan iraxigorra edo iratzimela izeneko gauza ere bazegoen.

Ganadu-azpitarako erabiltzen zenari 'ira' esan izan zaio -eta Gipuzkoan, oro har, 'garoa'-. Baina berdetan ere batzen zen, ganaduari jatena emateko. Ez zitzaion batu berritan ematen, pixka batean ihartzen uzten zen, hala ere kolore argiari eusten ziolarik. Ez zen gorritzen, alegia, eta horri 'iraxigorra' edo 'iratzimela' esan izan zaio Leitza-Goizuetan.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Ira, iratzea, garoa

Ira, iratzea, garoa