Inaxi Etxabe bertsolari aitzindaria hil da
XX. mendeko emakume bertsolarien aitzindarietako bat izan zen, bertso idatziak landutakoa gehienbat
DV
Donostia
Astelehena, 13 uztaila 2020, 12:52
Inaxi Etxabe (Zumaia, 1937) bertsolari oikiarra hil da larunbat honetan, uztailak 11. XX. mendeko emakume bertsolarien aitzindarietako bat izan zen. Bertso idatziak landutakoa da gehienbat, hau da, bertsopaperak. Emakumeei plazan eta tabernetan bertsoak kantatzea ukatzen zitzaien garaian plazan bertsotan egin zuen lehenengo emakumeetako bat izan zen.
Isilarazitako emakume bertsolarien belaunaldi oso baten lekuko izan zen, eta 2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean izan zen oholtza gainean azkenekoz, bera izan baitzen Beñat Gaztelumendi txapeldunari txapela jantzi ziona.
Hitzetik Hortzera telebista saioak joan den martxoan elkarrizketatu zuen Etxabe, eta programa oso bat egin zuen bere bizitzaren eta bertso ibilbidearen inguruan.
Ezagunak dira Basarri bertsolariak 'Aitonaren malkoak' izenburupean, Anaitasuna aldizkarian, argutaratutako bertsoak, emakumeek gaizki egiten zituzten kontuen ingurukoak. Inaxiren erantzuna ere aldizkarian argitaratu zen 1955eko azaroan, 139. zenbakian.
Ahots eta ideia argiko emakumea izan da Etxabe, eta bere garaiko bertsogintzaren lekukotza utzi du. Honela zioen 1991. urtean plazaratutako bertso batek:
Gertatzen dena ez gaituztela
aintzakotzat ere hartzen,
Gogorra baina, hori hala dala
sarritan da nabarmentzen.
Lana egin bai neurririk gabe
baina hori ez da ordaintzen,
Emakumea esklaba izanaz
aspertua da bizitzen.