Historia handiko ostatuak

Goiko-Benta da Arantzazuko eraikin zaharrena. Ezkerreko aldea, altuxeago dena, 1955ean egindakoa da, hala ere/F. I.
Goiko-Benta da Arantzazuko eraikin zaharrena. Ezkerreko aldea, altuxeago dena, 1955ean egindakoa da, hala ere / F. I.

Arantzazuko ostatu-etxeak sendoak dira, historia aldetik ere handiak. 1836ko Mendizabalen Desamortizazioak arrasto sakona utzi zuen

Félix Ibargutxi
FÉLIX IBARGUTXI

Arantzazuk ostatu-etxe sendoak ditu, sendoak materialen aldetik, sendoak historiari dagokionez. Zaharrena Goiko-Benta dugu. Aspaldiko bide baten ondoan dago kokatua, Duru aldetik datorren bidea, alegia. Goierriko eta Urola Garaiko erromesak handixe agertzen ziren santutegira. Benta honen paretik igarotzen ziren eta, santutegira jaisteko, Milikua paretik pasatzen ziren.

«Benta hau sekula ez zen fraideena izan», dio bertako Miren Maiztegik. «Gure arbasoak errentero ziren, uste dut nire birraitonak-edo erosi zuela etxea. Bergaratik etorriak ziren maiztegitarrak». Orain jangela den zati bat jangela izan zen lehengo garaietan ere, baina beste parte bat ukuilu izan zen 1969ra arte.Eraikin hau benta izan da aspalditik, baina baserri ere izan da aldi berean. Behiak, ardiak eta behorrak izan ditu eta oraindik ere halaxe ditu.

1955ean asko aldatu zen eraikina. Handitu egin zen eta Oñati aldeko partean altuera handiagoko zati bat erantsi zioten. Parte berri horretan bezeroentzako logelak ipini zituzten. 1968an, Jorge Oteiza bigarren aldiz izan zenean santutegian bere apostoluak jartzeko, Goiko-Bentan hartu zuen ostatu. Urtebete baino gehiago eman zuen, eta hainbat bisita jaso ohi zuen. Ostatu honek, orduan, irakinaldia bizitu zuen.

Logeletako korridorean, hantxe dago historia oso bitxia daukan artelana, Carlos Pascual de Lararena. Rodrigo Baltzategikoa ageri da, Ama Birjinaren ondoan. Arantzazuko santutegiko absidea egiteko ideia-lehiaketa egin zenean, 50eko hamarkadan, Vallecaseko Eskolako artista madrildar figuratibo honek irabazi zuen. Baina 1958an hil egin zen eta beste lehiaketa bat jarri zen abian, Lucio Muñozek irabazi zuena.

Lara pozik zegoen Goiko-Bentakoek emandako tratuarekin, eta hango pareta batean aipatutako irudi hori margotu zuen. Geroko hondamendia ikusi gabe joan zen mundu honetatik. Izan ere, halako batean, Oteizak, hartu metalezko objektu bat eta goitik behera urratu zuen Lararen lana. «Ez dauka batere indarrik, ez du ezertarako balio!», oihukatu omen zuen. Eta Goiko-Bentakoei oparia egin zien: Arantzazuko Ama Birjinaren erreplika. «Esaten dute ni ez naizela gai lan figuratiboak egiteko. Orain ikusiko dute horretarako ere balio dudala», adierazi omen zuen Orioko artistak.

Milikua da beste ostatua, hau ere historia handikoa. Ateburuan ipintzen du eraikitze-urtea: 1781. Bertako fraide frantziskotarrek eraiki zuten, eta Hospedería Nueva izenarekin bataiatu. Manuel Martín Carrera beasaindarra izan zen arkitektoa, zenbait parroki elizatako dorreak diseinatu zituena, hala nola Oñati, Ordizia eta Zegamakoak. Ostatu hau eraikin irmoa da, beheko solairuan 1,10 metroko paretak dituena.

1836an, Mendizabalen Desamortizazioa etorri zen, Madrilgo gobernuak ondasunak kendu zizkien Elizari eta ordena erlijiosoei, eta Arantzazuraino ere iritsi zen dekretua. 1848an Antonio de Sanoner delako batek Arantzazuko fraideen ondasun guztiak erosi zituen eta, halaxe, 'Casa Sanoner' bihurtu zen ospederia. Berak 'Casa de la Justicia' deitu ohi zion, izan ere garaile atera zen Bergarako epaiketa batean. Nonbait, batzuek salatua zuten Arantzazuko erosketan irregulartasunen bat egin izanagatik, baina gizona onik atera zen.

Antonio Sanoner haren alaba Petra, berriz, Domingo Milikua Berrizbeitiarekin ezkondu zen eta, beraz, XIX. mende erdialdean hasi zen milikuatarren presentzia etxe horretan. Harrezkero deitura desberdinak izan ditu: Fonda de Mochón, Pensión Milikua, Fonda Milikua, Milikua Taberna Jatetxea… 1950ean banandu zituzten sukaldea eta jangela; ordu arte dena bat zen. Anjel Mari Milikua (historiazale amorratua) eta emazte Beatriz Ugarte dira oraingo nagusiak, asteburuetan Arantxa Mikiluak laguntzen dielarik.

Sindika izeneko ostatua ere bada Arantzazun. Izen bitxia, horratik. Bertan bizi zen, itxura denez, sindikoa izeneko pertsona. «Adrian Lizarralde frantziskotar historialariak idatzi zuenez, Arantzazun bazen Sindika izeneko etxea, fraideena zena», adierazi dit Jerardo Elortza historialariak. «Mendizabalen Desamortizazioaren ostean, handik urte gutxira, Oñatiko Udalak Madinabeitiatar bati eman zion alokairuan». Gero esku pribatuetara pasatu zen eta egun Jose Mari Otxoa da jabea. Duela hogeitaka urte obra handia egin zen bertan eta hainbat logela eskaintzen du harrezkero. Zergatik Sindika izena? «Ez dago argi. Seguru asko, Elizari nolabaiteko zerbitzua ematen zion etxea izendatuko zuten horrela -dio Jerardo Elortzak-. Guk dakigula, beste bi Sindika bazeuden, bata Oñatiko Santa Ana komentu ondoan, bestea Deban, Sasiolako komentu ondoan».

Eta, bukatzeko, hor dugu Ospederia ere, XIX. mende bukaera aldera frantziskotarrek eraikia, eta egun Fundazioaren jabetzakoa dena. Garai batean mojek gobernatzen zuten, orain enpresa batek.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos