'Heriotzak Eduardo du izena', ostiralean Oiartzunen
Formol laborategiak ondu du «ez-errezitaldi» emanaldia Susaren MPK bilduma oinarri
J. A.
Astelehena, 1 iraila 2025, 15:00
«Esperimentu bat da, soinu instalazioa, performancea eta antzerkia uztartuko dituena, fisikoa eta birtuala denaren arteko mugak esploratuz eta publikoa eta eszenatikoaren arteko barrera tradizionalak ezabatuz». Hala aurkeztu zuten 'Heriotzak Eduardo du izena' urte hasieran, ordutik bira izan dena eta ostiralean, irailak 5, arratsaldeko 19:00etan Oiartzungo poesia jardunaldietan performatuko dena.
«Ez-errezitaldi» bezala aurkeztuko duten proposamena ospakizunetik jaio zen, Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaiera bildumak 50 ale kaleratu eta 2024an 10 urte bete zituenetik. Munduko Poesia Kaierak bildumako poemek gai unibertsal eta sakonak lantzen dituzte, hala nola, bizitza eta heriotza, eztanda eta bakea, gelditasuna eta bibrazioa edota isiltasuna eta kantua bezalako dualidadeak. Horiek proposamen dramaturgiko bilakatu dira, bizipen sentsorial bat eragiteko paisaia (edo pantaia) bat marraztuko da oholtzan, bideo-joko batean bezala. Hari horri tiraka ondu du Formol Laborategiak. «Susako lagunek bizirik dauden poetak hil nahi zituztela esan zieten Formoldarrei. Haiek metaforikoki esan omen zuten, baina, Formolekoek lana serio hartu dute...», dio sinopsiak.
Sareetan amu bezala gehitu dute ondorengoa: «Poesia ez-errezitaldia da goi mailako scrolla, frogatu zure atentzio sasoia gure poeten hitz zorrotzekin eta egin dantza Oliver Laxek erretratatu nahi izan dituen rave horietako batean egongo bazina bezala!».
Sarrerak Oiartzungo udalaren webgunean eskura daitezke bost euroko prezioan.