Borrar
Hilaren 1eko omenaldia. Ezkerraldean, euskaltzainak, tartean Urrutia euskaltzainburua. Erdian, Mendigatxaren ondorengoak. Gotzon Pérez Artutx, berriz, ate ondoan ageri da, eskuinaldean, niki urdinez. Alkatea, Tomás Pasquel, eskuan papera duena Jesus Perez Artutx
Haiza bulgua = udala

Haiza bulgua = udala

Orain ehun urte hil zen Mariano Mendigatxa, Bonaparte eta Azkueren berriemaile prestua. Berari esker dakigu nolakoa zen erronkariera

Félix Ibargutxi

Donostia

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Domingo, 16 de septiembre 2018, 11:07

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Mariano Mendigatxari (1832-1918) omenaldi egin zioten hilaren 1ean, heriotzaren lehen urteurrena zela eta. Bidankozen bertan izan zen, hura jaio eta hil zen herrian, eta jaiotetxean plaka ezarri zuten.

Erronkariko euskararen berri baldin badakigu, neurri handi batean Mendigatxari esker da. Jakina da hango hizkera -'uskera' esaten zioten- hogeigarren mendearekin batera ahitzen-ahitzen joan zela, eta azkenean hil.

Mariano Saturnino Mendigatxa Ornat nekazaria zen, euskal hiztun oso egokia, eta Bonaparte printzearen eta Azkueren berriemaile izan zelako ezaguna. Idatzi zituen gutunak erronkarieraren lekukotzat gorde dira.

Bonaparte hil eta gero, Resurreccion Maria Azkuerentzat lan bera egiten jarraitu zuen, eta gutunen bitartez ipuin, kanta eta esaera zaharren berri eman zion; orduko ohitura eta usadioak ezagutzeko ere material baliotsuak dira. Adibidez, eskutitz haietako batean kontatzen du otsail hasieran bazutela ohitura bat liskarrak baretzeko balio zuena: etxeen izenak txapel baten barruan sartzen zituzten eta binaka ateratzen zituzten. Baten etxean bazkaria egin behar zuten, bestean afaria.

Mendigatxak harremanak izan zituen bere garaiko euskalari askorekin. Azkuerekin lau aldiz elkartu zen gutxienez -Zuberoan eta Bidankozen- eta adiskide egin ziren.

Hona hemen, adibide gisa, Azkueri idatzi zion gutun baten hasiera, euskarazko Wikipediak eskaintzen duena:

«Bidankoze, 1904-ko garagarzoaren 29-na.

Dn. Resurreccion Maria.Ene gein ona: Eltugra osagarriregi Sn. Pedro gore patronaren eguniarat. Kemen fiestak ekutentigu anitx alegre; aurten ere animazione andia dago gentiaren artian, anke antzinako egun kuetan izandela aski sendimentu; koreengatik ezta izagun fiestetako disposizionian. Sendimentiua izanda; atzo zortzi erori zen ur erauntsi andi bat, eta ugaltian zunr drezatruk zauden guziuak arrankatako saltra erribrara, erreketarik xuntatu zen urbultziuak eramaztion; orai dabiltza nausiak zunr eramanen biltan, baia aurten xa, ezdozkei sal, tenpra igari baita; guk ekun ginion suerte; erauntsiaren bezperan xin zen errena azken zunra saltruk».

Mendigatxaren azken urteak erronkarieraren beraren azken urteak izan zirela esan daiteke. Jaio zenean, 1832an, uskara eguneroko hizkuntza zen herri haietan, baina ordurako gizonezko gehienek ongi ezagutzen zuten gaztelania ere. Artzainek Bardeetara eramaten baitzuten artaldea, negu osoa han ematen zutelarik; eta almadietan ari zirenak ere herritik urrun joaten ziren egurra saltzera, baita Aragoi eta Kataluniaraino ere. Hemeretzigarren mendeko Erronkariko emakumezkoek, aldiz, apenas zekiten gaztelaniaz. Herritik irteten zirenak Maulera joango ziren apreta-fabriketara.

Badirudi gerrate karlistek atzerakada handia eragin zutela, batez ere azkenak (1872-1876). Gerra hura bukatu eta handik gutxira hil zen Bidankozek izan zuen azken erretore euskalduna, bertan jaiotako Prudencio Hualde. Harekin batera ezkutatu zen erronkariera herriko pulpitutik.Mendigatxa etxeari dagokionez, Marianoren seme-alabek -1854 eta 1863 bitartean jaioak- ikasi zuten mintzaira hori, ez ordea 1883tik aurrera jaiotako bilobek.

Beraz, erronkariera ezkutatzen joan zen. Gelditu ziren hiztun oso bakan batzuk, eta azken hiztuna, Fidela Bernat, 1991n zendu zen. Honek, berriz, umetan ikasi zuen, baina helduaroan apenas izan zuen egiteko aukerarik.

Duela gutxi egindako omenaldi-ekitaldiko hizlari printzipala Gotzon Pérez Artutx izan zen, berau ere bidankoztarra, baina Arbizun bizi dena. Sekula ez du eten jaioterriarekiko harremana eta badu Bidankozarte izeneko webgunea, non jakingarri asko publikatzen dituen. Honela adierazi dit zertan den gaur egun Erronkariko euskara:

«Erronkaribarko haurrek D ereduan ikasten dute, baina batua, ez besterik. Irakaslegoa oso aldakorra da eta momentuz behintzat ez dago erronkariera txertatzeko ekintzarik martxan. Hala ere, esan behar da elebitan idazten diren hainbat kontu eta iragarki publikotan uskararen hainbat hitz erabiltzen ditugula oraindik: onki xin (ongi etorri), aiza bulgua (udala), neskaneguna (larunbata), zenbait hilabete-izen, eta abar... Eguneroko hizkeran, gainera, ugariak dira uskararen arrastoak. Baina zehazki uskara berpizteko berezko ekimenik ez dago gaur egun. Duela urte gutxi batzuk, Alberto Angós ikerlariak erronkarierako ikastaro bat eman zuen eta nahiko harrera ona izan zuen, 25 bat lagun eta erdiak Bidankozekoak, baina lan-kontuak direla eta, ezin izan du jarraipenik izan».

Baina tira, ez gaitezen tristatu. Duela hiru urte, Aingeru Epaltza idazleak 'Mendigatxaren sindromea' aipatu zuen artikulu batean. Euskararen inguruko galera-sentimendua izendatzen duen esamoldea omen da, Nafarroan erabiliagoa hemen baino. Noski, ez nuke nahi artikulu hau sindrome horrek joa izatea. Sortuko dira berriak.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios