«Gure lanak beste irakurketa modu batzuk eskaintzen dizkie helduei ere»

Maite Gurrutxaga, bere ilustrazioak ikus daitezkeen Tabakalerako aretoan./ARIZMENDI
Maite Gurrutxaga, bere ilustrazioak ikus daitezkeen Tabakalerako aretoan. / ARIZMENDI

Apirilaren 22ra arte Maite Gurrutxagaren ilustrazioak daude ikusgai Donostiako Tabakalerako Kultxa Kultur plazan, Katapulta Plataformaren bitarteaz antolatutako 'Txori bat leihoan' erakusketan

Nerea Azurmendi
NEREA AZURMENDI

Maite Gurrutxaga Otamendik (Amezketa, 1983), EHUn Arte Ederrak ikasi ondoren, ilustrazio ikasketak egin zituen Bartzelonan, eta lan horri emanda darama hamarkada bat, haur eta gazte literaturaren arloan batik bat, lan biribilak burutzen eta sariak pilatzen. Beste bide batzuk urratzeko gogoa du. Kartelgintzak erakartzen du, adibidez. Badaki etorriko zaizkiola aukerak, irekiko zaizkiola ate berriak. Momentuz, haren lanetara hurbiltzeko aukera paregabea dago Donostiako Tabakaleran.

–Zuen lanek gutxitan egiten dute liburuetatik areto zabaletarako urratsa. Ogibide honetan hasi zinenetik aldatu dira gauzak, edo besteen lanak argitzen dituzuenok itzalean jarraitzen duzue?

–Egia da artista bezala ez dugula izan kontsiderazio handiegirik, beti hartu izan gaituztela beste norbaiten lanari irudiak jartzeko lanabes soil bat bagina bezala. Dena den, pixkanaka badoa jendearen buruetan sartzen ilustrazioa beste diziplina bat dela. Ari da erakusten kontzatzeko eta eskaintzeko asko duela. Lehendik ere baziren hori argi zeukatenak, baina gero eta nabarmenagoa da.

–Argitaletxeek ere gero eta leku handiagoa ematen dizuete. Garai batean zuek ilustratutako liburuen aurkezpenetan azaldu ere ez zineten egiten.

–Ilustratzailearen izena azalean agertzea ere ez da oso ohikoa izan urte askoan.

–Aldaketa horretan badute eraginik modan dauden formatuek, album ilustratuek eta horrelakoek?

–Nik uste dut merkatua ari dela batez ere eragina izaten. Merkatuak eskatu du beste liburu mota bat egitea, etxean gorde nahi dituzun liburuak, ilustratuta eta ondo editatuta daudelako, ederrak direlako. Pantaila eta liburu elektronikoen garai honetan, beste zerbait eskaintzen duten liburuak nahi dituzte irakurle askok, eta argitaletxeek ere horren aldeko apustua egin dute.

«Libururako aberasgarriak badira, ilustratzaileari utzi egin behar zaio bere ekarpenak egiten»

«Poliki joaten naiz, baina aperarekin, arkatzarekin eta margoekin lan egiteak ez du niretzat parekorik»

– Haurrentzako liburuei eragiten die batik bat aldaketak edo, komikietatik eta nobela grafikoetatik harago, helduentzako liburuetara ere ari da heltzen?

–Orain arte jende asko egon da uste zuena helduentzako liburu batek ezin zuela ilustratua izan, hori umeentzako zela. Hala ere, gero eta irakurle gehiagok estimatzen dituzte liburu ilustratuak eta, horrenbestez, gero eta argitaletxe gehiago ari dira animatzen. Ilustratzaileak aspalditik ari gara horretan saiatzen, ulertuta gure lanak beste irakurketa modu batzuk eskaintzen dizkiela helduei ere. Haur literaturan gure lekua argi zegoen, orain agian ari gara terrenoa irabazten beste esparru batzuetan.

–Zure lan eremu nagusia, hala ere, haur eta gazte literatura da.

–Eremu denak dira interesgarriak ilustratzailearentzat, eta badut beste bide batzuk esploratzeko gogoa, baina haur eta gazte literaturak jarraitzen du arlo nagusia izaten. Hortik kanpo ez dago gauza asko, naiz eta ari diren apustu txikiak egiten.

–Zeuk marrazkiak egiten dituzu txiki-txikiak.

–1:1 eskalan egiten dut lan, ematen didaten liburuaren formatuan. Horrela kontrolatzen dut ondoen...

–Espazio zuri horretan irudia eta testua elkartzeko orduan hartzen da kontuan zuen iritzia?

–Denetarik dago. Lan batzuk formatu itxia dute, eta toki jakin bat daukate marrazkientzat. Beste batzuetan testua iristen zaizu soilik, eta zure planteamendua egiteko aukera duzu.

–Zer duzu nahiago?

– Planteamendua egiten uzten dizutenean. Azkenean, irudiak banan-banan landu behar dituzu, baina niri gustatzen zait ilustrazioak beraien artean konektatuta egotea. Lanketa narratibo hori asko interesatzen zait, gakoa zuk bilatzea eta osotasuna lantzeko aukera izatea.

Tabakalerako laugarren solairuan paratu dute erakusketa. / ARIZMENDI

–Beste horrenbeste gertatzen da idazlearen eta ilustratzaileren arteko harremanetan. Inportantea da zuretzat harekin batera lan egitea, edo horrek ez dio inporta?

–Liburu mota desberdinak daude, eta lan egiteko modu diferenteak ere bai. Album ilustratuetan, esate baterako, ilustrazioak erabat eragiten du. Izatez, lehenengo irakurtzen duzuna ilustrazioa da, eta kasi testua da irudiari laguntzen diona. Liburu horietan elkarreragina erabatekoa da. Besteetan uste dut ilustrazioak narrazioarekin batera joan behar duela, baina egin ditzakezu zure ekarpenak. Hor dago ilustrazioen egilearen aportazioa.

–Lan egiteko orduan, idazlearengandik gertu edo zure kasa?

–Gustatzen zait jakitea nondik datorren testua. Idazleak egin duenari buruzko azalpen guztiak ondo etortzen zaizkit, testuingurua ematen didatelako, baina gero, behin hori dena jakinda, asimilatuta, testua behin eta berriz irakurrita, nire kabuz aritzea gustatzen zait.

–Izan duzu tirabirarik idazleren batekin?

– Noizbait esan didate irudiena ez zaiela gehiegi interesatzen, egiteko nahi dudana, baina bestelako arazorik ez dut izan. Eta hasiko balitzaizkit esaten nola irudikatzen dituzten ilustrazioak ez nieke kaso handirik egingo. Ekarpen guztiak ongi etorriak dira, jakina, baina uste dut ilustratzaileari utzi behar zaiola bere iruditeria lantzen. Lana ondo eginda baldin badago, eta koherentea bada, idazleak ulertu behar du hori, ilustratzaileak idazlearena ulertzen eta errespetatzen duen bezala. Nik ez dut horrelako arazorik izan, suertez, baina ez nuke oso ondo eramango. Erabat aldentzen bazara idazleak eman dizkizun klabeetatik, zure lana ez da egongo ondo egina, baina horrek ez du esan nahi ezin dituzula egin irakurketa berriak. Libururako aberasgarriak izan daitezkeen neurrian, ilustratzaileari utzi egin behar zaio bere ekarpenak egiten.

–Liburuak ematen dion testuinguru horretatik kanpo, nola funtzionatzen dute zure ilustrazioek? Erakusketa honetan, esaterako.

–Egon nintzen pentsatzen jarriko ote nituen liburuak zintzilik originalen ondoan, Aieteko Kultur Etxeko erakusketan egin genuen bezala, baina azkenean marrazkiak bakarrik utzi ditut, eta uste dut ondo gelditu dela.

–Eskuz egindako marrazki originalak zintzilikatu dituzu, zure lanaren detaile guztiak bistan, ordenagailutik pasa gabe. Horrela egiten duzu lan?

–Bozetatu beti eskuz egiten dut, eta originala ere saiatzen naiz ahalik eta ondoen bukatzen eskuz, izan dadin, ahal den neurrian, liburuan azalduko dena. Ordenagailua erabiltzen dut koloreren bat konpontzeko, zikinkeriak garbitzeko eta listo. Horrek azalpen oso sinplea du. Batetik, ordenagailura eramaten badut aurretik ondo erresolbitu gabeko lana, han ez dut konpontzen. Oso iaioa ere ez naiz ordenagailuarekin...

–Marrazkien xehetasun maila eta koloreen erabilera kontuan izanda, ahalegin handia eskatuko dizu dena eskuz egiteak.

–Bai, eskuz egitean ez duzu kontrol Z-rik; izorratu baduzu, izorratu duzu. Gainera kapaka egiten dut lan, asko kargatzen ditut, zain egon behar dut akuarela lehortu arte...Poliki joaten naiz horregatik, baina paperarekin, arkatzarekin eta margoekin lan egiteak ez du niretzat parekorik.

Temas

Euskera