Ver 34 fotos
Antolakuntzaren deiari erantzunda gaztez bete da Ikasle Goiza
Sortzaileekin batera «dagokien tokia» hartzera animatu zituen Durangoko Azokak eta lehen unetik nabaritu da. Hainbeste, aurreikuspen guztiak gaindituta 11:20ak aldera Landako guneak ateak itxi behar izan dituela tarte baterako
Heldu DA!, hemen DA!, euskal kulturaren 59. edizioa, beste behin ere Durango musika, literatura eta diziplina anitzen plaza bihurtzeko. Eta aurreikuspen guztiak gaindituta. Gerediaga Elkartetik hainbatetan egin zuten deia behin sortzaile gazteek lekua hartu dutela «adinkideak» behar zirela. «Dagokien tokia hartzera animatzen ditugu», esan zuen Beñat Gaztellurrutiak eta enbidoari heldu diote. Hala, 11:20ak aldera Landako guneak ateak itxi behar izan ditu edukiera bete baita. Eta ez une puntual batean, minutu luzez, ilarak sortuta.
Sorpresaz harrapatu ditu ateen itxierak bertaratu diren zaleak, bai barnean erakusmahaiak aztertzen zein kanpoan itxaroten zeudenak. Bigarren talde honetako asko inguruan buelta bat eman edo zerbait hartzera zihoazenean ireki da berriro aukera. Hala ere, ilarek luze iraun dute eta sartu-irten horren bueltan joan dira minutuak edukiera ez gainditu eta une oro segurtasuna bermatze aldera.
Harridura ere izan da sortzaile eta langileen artean. Hasieran zenbait ez dira ohartu, baina berria azkar zabaldu da. «Belaunaldi berriei» atea irekitzearen alde denak, harrobi hori «sortu eta finkatzeko» balio izango duenaren esperantza azaldu dute. 'Hartzea ematea DA!' dio leloak eta mezua ez doa baldean. Interesgarria behintzat euskal kulturaren aktore ezberdinak bat datozela neurrian. Hau da, urtez urte azoka ikasleei harrera eginda irekitzearekin, plaza eurei ematearekin.
Giroa, hasieratik
Goiza girotsu hasi da, Durangon zen hotzari aurre eginda ikasle andana heldu baita Landako inguruetara 9:30etarako. Antolakuntzak emandako datuen arabera «50 ikastetxetatik heldutako 1.300 ikasle baino gehiago». Nagiak kenduta, denetarik zen. Gogo biziz heldu direnak, batik bat tailer batean izena eman zutelako, baina bazen ere oraindik Durangoko Azokari tamaina hartu ez dionik.
Ohi bezala, txupinazoa 10:30ean izan da ate irekierarekin, nahiz eta ez den izan betiko irudia. Barnean ziren 274 erakusmahaiak 933 nobedadeekin. Horien artean Ereingo stand-ean Toti Martinez de Lezea eta Jon Arretxe ohi bezala irakurleen jomugan, liburuak sinatu eta sinatu. Ez da atzean geratu Nerea Loiola. Musika alorrean gazi eto gozotik izan du goizak: Josune Arakistain Sünek ilara luzeenetakoak izan ditu, ETS, Bulego edo ZETAKekin batera. Eta Izarok, nola ez, nahiz eta gaur goizean ezin izan duen bertaratu.
Transmisioa bilatu eta belaunaldi erreleboa bermatze aldera Ikasle Goizak jendetza bildu du. Aspaldiko mailatik koska pare bat gora agian, erakusmahai askotan 2-3 pertsonako ilarak izan baitira. Zorionerako, pazientzia bi alboetan. Bai sinatu eta selfiak kudeatzeko; bai hauek itxaron eta nahi den hori ordaintzeko.
Dena, noski, ez da gazteen kontua izan soilik. Estreinako eguna izanik askok gorriz markatua zuten eguna, elkartu eta beste sortzaileen berri izan edota hausnartzeko esparru bihurtu baita azken urteotan, Beñat Gaztelurrutia Gerediaga Elkarteko koordinatzaileak azpimarratu bezala.
Tailerrak arrakasta
Landako lepo, jendez gainezka. Gazteak albo batera eta bestera korrika ari zirela, gynkana moduan galderak erantzun eta hainbat kontu argitu behar baitituzte. Baina badira ere Ikasle Goiza dela-eta haientzat espresuki antolatu diren tailerrekin gozatu dutenik. «Nik lotura edo interes gehiago sentitzen dut honekin erakusmahaietara joatearekin baino», aipatzen zuen 'Antzerkia sorkuntza partekatzen inprobisazioaz' tailerreki partaide batek. Lau egun hauetan Szenatoki bihurtu den San Agustin kulturgunean izan dira bi saioak, goizeko 10:30ean eta 12:00etan eta bakoitzean 100 bat ikasle bildu dituzte.
Noticia relacionada
Kontsulta ezazu 59. Durangoko Azokaren programazioa
Horixe da tailerretako bat, baina ez bakarra. Izan ere, etorkizuna bermatze aldera, azken hiletan lanketa berezia egin du antolakuntzak, ikasleei bideratutako ogiko programazioan espresuki haiek eskatutako gaiei buruzko tailerrak eta aktibitateak proposatu baitira: teknologia ardatz duten 'Digitalizazioa jokoan' gymkhana edo 'Eduki digitala euskaraz DA!' solasaldia Irudienean; sorkuntza sustatzeko 'Txoriak Txori collage' Saguganbaran edo aipatutako 'Antzerki sorkuntza partekatzen inprobisazioaz!' Szenatokian; erakusmahaietan izango diren nobedadeak eta atzean duten lana ezagutzeko 'Bideoklipa DA!' tailerra Irudienean; hausnarketa sustatzeko 'Popperra, Afterra, Utopia' ikuskizuna Plateruenan... Eta iaz arrakasta iturri izan zen Gamer gela Landakon ezarritako Kabi@n.
Publiko guztientzako egitaraua
Noski, DBH eta Batxilerreko ikasleak ez dira publiko bakarra, agerraldi orotan nabarmendu duten bezala guneetako ateak «publiko orori» irekiak baitaude. Hala, liburu aurkezpenak, musika emanaldiak, etab. ere izango dira. Lehentan nabarmendu daitezke Eneko Bidegainen 'Kepa Anabitarte', Pamielaren 'Kokoak', Fermin Erbitik ondutako 'Iñaki Perurena. Harria bidelagun' edota Joseba Zulaikaren 'Aberriaren inpaseak'; eta musikan Eneritz Furyaken 'HHH' edo Eiderren 'Nola aldatu gara'.
Inaugurazio ekitaldia ofiziala arratsaldeko 19:00etan izango da San Agustin kulturgunean 'Hartzea ematea DA!' lelopean. Hitzartze instituzionalez gain Miren Amurizak, Aner Peritzek eta Lumi musika taldeak parte hartuko dute.