Borrar
Gotzon Loberak, legelaria eta erakusketaren koordinatzailea, aurkezpenean. Gorka Estrada
'Hitzak Lege'

Euskarak instituzioetan lekurik izan ez duenaren «mitoa gezurtatzeko» erakusketa

XV. mendetik egun arte euskaraz sortutako testu juridiko esanguratsuen esposizioa zabaldu dute Donostian eta maiatzaren 9ra arte izango da ikusgai

Jon Agirre

Donostia

Asteartea, 9 apirila 2024, 13:22

Comenta

«Erakunde akademiko eta administratiboetatik urte askoan erakutsi diguten mito bat haustea», zehazki «euskal instituzioetan euskarak ez duela sekula santan lekurik izan», da astearte honetan Donostian zabaldu duten 'Hitzak Lege' erakusketa ibiltariaren helburua nagusia Gotzon Loberak, legelaria eta erakusketaren koordinatzailea, azpimarratu duen bezala. «Hori gezurra baita», utzi du argi eta garbi bere hitzartzean.

Agerraldian izan dira ere Beronika Azpillaga, UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Euskararen eta Kulturaren arloko zuzendaria, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria eta Miriam Urkia, Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaria.

Erakusketa aurkeztean gain hitzartze oso dibulgatzailea egin du Loberak, baita panel askori buruzko xehetasunak azaldu. Besteak beste, ikerketa modu askotara egin daitekeela adierazi du, esaterako «belarriko ikerketa edo begikoa». Lehenaren ondorioz, «dauden datuak kontuan izan gabe baten batek beste bati entzun diona errepikatzea», sortu dira mitoetako asko. Horien aurrean begikoa egin nahi izan da eta bidea jorratzeko deia egin die bertaratu diren ikasleei.

25 panel

Hala, erakusketak garrantzi historiko nabarmena izan duten euskarazko liburu eta testu juridiko esanguratsuak biltzen ditu, modu erakargarri, ulergarri eta interaktiboan. «Guk dakigula 500 urtean egon den errealitatea jasotzen du, baina lagin txiki bat besterik ez da, askoz ere gehiago dago», aipatu du Loberak galdu direnei erreferentzia eginda. Dokumentuak 25 panel fisikotan jaso dira hiru ataletan banatuta: aldeen arteko harreman juridikoak, eragin kolektiboko testu juridikoak eta testu parajuridikoak. Besteak beste, ondare kontuak, ezkontza auziak, hileta arauak eta hainbat lege eta ebazpen garrantzitsu biltzen dira. Ia 600 urte dauzka euskarazko lege-izkribu zaharrenak eta Bizkaiko Foru Zaharrean jasota dago. Nazio Batuek Giza Eskubideen Adierazpena 1948an onartu eta berehala argitaratu zen euskaraz, 1950ean, Orixek euskaratua, eta hori ere badakar erakusketak.

Gipuzkoari lotutako dokumentu esanguratsuen artean 'Hileta-ondorengo elizkizunak' (Bergarako Udalbatzen 1783ko akta baten itzulpena, 'Españiaco uritar constitucionalen carrtilla civilla' (1820); Bergarako ituna (1839) edo Usurbilgo ordenantzak (1888) aurki daitezke.

Horiez gain, bertaratzen direnek erakusketa dinamikoa aurkituko dute. Batetik, sarreran panel elkarreragile bat dago testu juridikoak mendeka, lurraldeka zein aipatutako hiru izaeren arabera sailkatuak dituena. Era berean, areto fondoan beste panel elkarreragile bat kokatu da testu batzuen audiozko laginekin. Zortzi dira orotara. Erakusketa osatzeko hiru panel argiztatu eta bi bitrina daude.

'Hitzak Lege' 2022ko maiatzean aurkeztu zuen Euskaltzaindiak. Lehenik Gasteizko Legebiltzarrean ikusi ahal izan zen, ostean Nafarroako Parlamentuaren egoitzak hartu zuen, gerora Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzak eta jarraian Arabako eta Gipuzkoako foru parlamentuetan egon da.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskarak instituzioetan lekurik izan ez duenaren «mitoa gezurtatzeko» erakusketa

Euskarak instituzioetan lekurik izan ez duenaren «mitoa gezurtatzeko» erakusketa