Euskal Herriaren historia jasotzen duen antzezlana
Harkaitz Canok eta Ximun Fuchs-ek idatzia, Artedramak eta Axut!-ek gaurtik igandera taularatuko dute Gasteszena
Nortasunaren inguruko antzezlana da 'Nor naizen baneki', Harkaitz Canok eta Ximun Fuchs antzerki zuzendariak elkarlanean idatzitako «indusketatxo bat, ikerketatxo bat», dio idazle lasarte-oriarrak. Ikerlan horren emaitza Artedramak eta Axut!-ek taularatuko dute bihartik igandera Gazteszenan. Saio guztiak 19.30ean izango dira.
Euskal Herriaren historia du ardatz obrak, eta horretarako antzoki batean egindako indusketa arkeologikoa du hizpide, Arkeologo eta adituek, geruzaz geruza, antzokiaren historia sekretua aztertuko dute, erromatarren garaitik gaur arte. Honela, azaleratu egingo dira bi mila urtean pilatutako borroka ezagunak, kontu ezezagunak eta lurperatutako traumak. Ikusleak Inkisizioan, Frantziako Iraultzan, Gerra Karlistetan eta 1936ko gerran barneratuko dira hainbat gai lantzeko, hala nola familia, jabetza, mugak, herentzia genetikoa eta indarkeria koloniala.
Bi mila urte hauen historia familia sinple baten historien bidez azaltzen da, «familia herriaren metafora da», dio Ximun Fuchs-ek. Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Maialen Diaz, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Idoia Tapia eta Oier Zuñiga aktoreek parte hartzen dute antzezlanean, kasu gehienetan paper bat baino gehiago antzezten. Beraien jantzi aldaketek eta argi-jokoek garai desberdinetara eramango dute ikuslea.
Irulegiko eskuaren aurkikuntzaren ondoren bururatu zitzaien ideia Fuchs eta Canori, eta arkeologia eta antzerkiaren arteko harremana izan dute abiapuntu antzezlana idazterakoan. Izan ere, aurkitzen dituzten aztarnen bidez historia bat interpretatzen dute arkeologoek. Eta hori egin dute obra honetan, Euskal Herriaren historia idatzi, gero denen lanarekin ondu dutena. Baita Aranzadi Elkarteko kideek kontatutakoekin.
'Ximunekin lau esku lan egitera plazerra izan da», aitortzen du Harkaitz Canok, zuzendariak eman baitio idazleak ez duen «ikuspegi teatrala». Idazketa «joan-etorri askoko pin-pon partida» izan dela ere dio, «aldaketa asko» eragin dituena, «baina hori gustatzen zait».