'F edo zurekin izan nuen azken ravea' nabarmendu du epaimahaiak
2.500 euroko ekarpena jasoko du antzezlana garatzeko eta ekoizteko eta beste 2.00 izango dira 'Famiglia' finalistarentzat
'F edo zurekin izan nuen azken ravea' eta 'Famiglia' antzezlanak nabarmendu ditu 2024ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza programako epaimahaiak. Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzea du ekimenak eta, hurrenez hurren, 2.500 eta 2.000 euroko ekarpena jasoko dute antzezlanak garatzeko eta ekoizteko. Era berean, hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatzeko eta antzezteko konpromisoa hartuko dute irabazleek eta finalistek. Bakoitzak lau emanaldi egingo ditu, eta horien truke, 3.000 euro jasoko ditu proiektu irabazleak, eta 2.500 euro finalistak.
Jasotako guztietatik Maite Aizpuruak zuzendutako 'F edo zurekin izan nuen azken ravea' antzezlanari eman diote lehen saria. Lantaldean egindako proiektua da, artista desberdinak bildu dituena laguntasuna ardatz duen ikerketa artistikoa sortzeko. Intza Alkain eta Aizpurua bera arduratu dira interpretazioaz eta dramaturgiaz, estua Mejillon Tigre kolektiboarekin landu da eta Matxalen de Pedro eta Edurne Azkarate bidelagun izan dira.
Poesia, performanzea eta umorea nahasten ditu, aurreratu dutenez, eta aktoreek elkar topatuko dute laguntasunaren omenaldi kritiko bat sortzeko. Honela dio sinopsiak: «Lagunak izatera jolasteko geratuta gaude. Euforiaren aparretan aurkituko ditugu betirako promesak, adiskidetasun erromantikoa, taldearen apologia, pertenentziaren subidoia. Zaratak utzitako tarteetan zalantzak, galderak eta galerak. Salbuespenezko komunitate bat osatuko dugu, mozorro festa edo fedezko erritualaren erreplika honetan. Zaurgarriak, hauskorrak, lagun efimeroak izango gara, benetakoak eta fikziozkoak aldi berean».
Era berean, Maider Diaz eta Xabin Fernandezen 'Famiglia' proposamenak jaso du bigarren saria. Komedia beltz honen protagonista nagusia familia arteko harremanak dira, baina baita belaunaldi arteko diferentziak edo gizarteak ezarritako presioak ere. Herri txiki bateko autobus geltokian Iñaki (40 urteko aita) eta Jone (21 urteko alaba) elkartuko dira, aitona Joxeren urtebetzea da eta zahar etxera doaz bisitan. Autobusaren zain daudela, espero ez duten berri bat jasoko dute, eta ondorioz, elkarrizketak ere espero gabeko bideetara eramango ditu aita-alabak.