Dantza garaikidea eta musika Tabakalerako Kutxa Kultur Terrazan
LABO UDA egitasmoaren barruan, 'Nun Zira?' ikuskizuna eskainiko dute ostiral honetan Marina Eskisabel eta Iker Sanzek, Easo Abesbatzarekin batera
m. imaz
Asteazkena, 13 uztaila 2022, 13:38
NODO dantza eta performance konpainiaren eraginez 2017an sortu zen LABO proiektuak hiru adar nagusi ditu, guztien helburua delarik sorkuntza sustatzea eta esperimentazioa bultzatzea. Horietako bat LABO UDA da, udako programa, sasoiari egokitua, kultura eta aisialdia uztartzen dituena. 2022ko udan, hitzordu bana dakarte uztailak, abuztuak eta irailak, eta Donostiako Tabakaleran kokatutako Kutxa Kultur Terrazak hartuko ditu denak, Kutxa Kultur Gauak egitasmoaren baitan.
Aurrenekoa, 'Nun Zira?' ostiral honetan iritsiko da, uztailaren 15ean, 20:00etan (ordu erdi lehenago irekiko dira ateak), eta dantza garaikidea eta musika uztartuko ditu. Iker Sanzen ideia batetik abiatuta, eta Xian Martínezen zuzendaritza artistikoarekin, zenbait eragileren arteko lankidetzaren emaitza da. Izan ere, ekoizpena eta gestioa DAB Elkarteak eta iXa dantza taldeak partekatu dute, eta kolaboratzaile berezi gisa agertzen dira zuzenean abestuko duen Easo Abestatza zein Gorka Miranta eta Aranzadi Zientzia Elkartea. Sarrerek 3 euroko prezioa dute (aurretik eros daitezke hemen). Emanaldia amaitzean, 20:40ak aldera, solasaldia izango da.
Ikuskizunak, sinopsiak dioenez, «gizaki izateaz hitz egiten digu, partekatzeaz, izatearen existentzia balorean jartzeaz eta maite ditugun pertsonekin elkar bizitza bat sortzeaz. Ikuslea ikuspuntu beliko batean kokatuz, bikote bat osatzen duten bi dantzariek, mementu intimoenetatik giza biziraupenaren borrokarik krudelenerarte bidai bat sortuko dute, non maitasuna izango den tramaren heldulekua». Musika Iñaki Palaciosena da, eta interpreteak, berriz, Marina Eskisabel eta Iker Sanz dira, Easo Abesbatzarekin batera,
Ostiralean ikusi ahal izango den proposamenaz harago, aipagarria da proiektua bultzatu duen DAB (Dantza, Artea eta Bitartekaritza) Elkartearen izaera. Izan ere. «gai sozialak eta ekintza sozio kulturalak» lantzen ditu, publikoarengana iristeko helburuarekin, eta «sormena eta mugimendua» esploratzeko espazio berri bat eskaintzen du.