Bigarren final laurdena, Oionen igandean
Manex Agirre, Xabi Igoa, Rikardo Gonzalez de Durana, Orlando Arreitunandia, Aroa Arrizubieta eta Maddi Agirre finalaurrekorako txartel bila arituko dira
I. M.
Ostirala, 2 otsaila 2024, 13:11
Igande honetan 17:30ean hasita 2024ko Arabako Bertsolari Txapelketako bigarren final laurdena jokatuko da Oioneko zineman. Eli Plazaola Zubizarretak jarritako gaiei kantuan erantzunez ariko dira Manex Agirre Arriolabengoa, Xabi Igoa Eriz, Rikardo Gonzalez de Durana Alzola, Orlando Arreitunandia Arinas, Aroa Arrizubieta Barredo eta Maddi Agirre Epelde. Sarrerak jada eskuragai daude bertsosarrerak webgunean.
Oholtzako bertsolarien mailaren adierazle da lortutako txapel kopurua. Batetik, Manex Agirre 2011 eta 2015eko Arabako Bertsolari Txapelketetan txapeldun izan zen. Horretaz gain, Arabako Eskolarteko hiru txapeldun izango dira saioan, Manex Agirre 2000an, Aroa Arrizubietak 2016, 2017 eta 2019an eta Maddi Agirre 2021, 2022 eta 2023an; eta Agirre zein Igoa Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketan txapeldun izan ziren Aramaioko talde ezberdinekin 2010, 2018 eta 2020an.
Pasa den igandean abiatu zen txapelketa Izarrako Kultur Etxean izandako saioan eta Peru Abarrategi Sarrionaindia aramaioarra nagusitu zen 259 punturekin, finalaurrekoetarako lehen txartela eskuratuz gainera. Aldiz, gainerako bost bertsolariek igande honetako eta hurrengo igandeko final laurdenak lehiatu arte itxaron beharko dute eta puntuazioaren araberako hurrenkeraren baitan osatuko da zerrenda. Abarrategiz gain honela da sailkapena: Aitor Ugarte eta Eli Zaldua 250 puntu, Paula Amilburu 249,5 puntu, Ekaitz Samaniego 242,5 puntu eta Danel Herrarte 238,5 puntu.
Txapelketa berezi -XVI. edizio honetan 40. urteurrena izango baita-honetako hirugarren eta azken final laurdena otsailaren 11n izango da Laudion eta Asier Otamendi Alkorta, Felipe Zelaieta Txurruka, Izar Mendiguren Cosgaya, Iñaki Viñaspre Simon, Martin Abarrategi Sarrionandia eta Unai Anda Delika izango dira. Ostean bi finalaurreko (Aramaion otsailaren 24an eta Dulantzin martxoaren 2an) eta martxoaren 16an Gasteizen lehiatuko den finala geratzen dira.