Bertso-eskolen inguruan bildu diren datuek «ate berriak irekiko dituzte»
Bertsozale Elkarteak EHUrekin elkarlanean egin duen lanak erakutsi du, besteak beste, dezente dagoela egiteko generoaren arloan
Inork gutxik jarriko du auzitan bertso-eskolek bertsolaritzak bizi duen garai gozoan izan duten eragina. Bertsolariengan izan duten eragina agerikoa da. Bertso-eskolan ibilitakoak dira, esaterako, Gipuzkoako Txapelketaren finala jokatu zuten zortziak, eta hainbatek bertso-eskolei lotuta jarraizen dute. Bertsozaleen profila ere aldatu dute.
Bertso-eskolak.eus webgunean badago informazio nahikoa horien kopurua eta hedapena bistaratzeko. Bertan aurki daitekeen maparen arabera, 142 bertso eskola daude Euskal Herrian -44 Gipuzkoan, 22 Bizkaian, 28 Nafarroan, 15na Araban eta Lapurdin, 5 Nafarroa Beherean eta 2 Zuberoan-, eta nabarmenagoak dira eskolen arteko hutsarteak hegoaldera egin ahala.
«Asko zabaldu da mapa hezkuntzatik bertso-eskolara modu naturalean heldu direnei esker»
Oihana Iguaran
Urrats bat gehiago egin du Bertsozale Elkarteak, eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin duen elkarlanari esker burutu duen datu bilketaren emaitzak zabaldu ditu berriki. 2019-2020 ikasturteko datuak dira; oro har baikorrak; aurretik zeudenak baino zehatzagoak; betiere irakurketa sakonagoa behar, eta izango, dutenak.
Bertsozale Elkartean Transmisio saileko ardura duen Oihana Iguaran bertsolariak dioenez, lanaren garrantzia ez da mugatzen argazkia asko findu duten datu horietara. «EHUrekin elkarlanean aritu izana berrikuntza handia da. Lan honek eman digu aukera xehatzeko, ikusteko ze herritan duten indarra bertso-eskolek, zein izan den bilakaera, zein diren dinamika nagusiak... Baina, batez ere, jaso ditugun datu horiek ate berriak irekiko dituzte, eta neurri txikiko ikerketekin joango gara bertso-eskolei buruz dakiguna osatzen eta irakurketa sakonagoak egiten».
Azalekotik sakonera
Datuak datu, esan daiteke ikasturte honetan 1.796 lagun elkartzen direla 117 herritan dauden bertso eskoletako 259 taldeetan. Deigarria da, ezaguna izan arren, gaztetxoen nagusitasuna kopuruari dagokionez, bertso-eskoletara hurbiltzen diren 1.800 horietatik 1.300dik gora adin txikikoak baitira. 'Gu ere bertsotan' ekimenaren bidez bertsolaritzak hezkuntza arautuan duen presentziaren ondorioetako bat da hori. «Hezkuntza arautuaren bitartez, 28.000 ikaslerengana iristen da bertsolaritza. Horrekin gelditzen dira asko, baina afizioa hartzen dutenek, edo azalekotik sakonera igaro nahi dutenek, bertso-eskoletara jotzen dute», azaldu du Iguaranek.
Euskararen lurralde guztietan daude bertso-eskolak, baina egia da horien dentsitatea ez dela bera denetan: «Lurraldeei begira, hartu bertso-eskolen mapa eta ikusten da arnasguneetan daudela gehienak. Gune horietan bertsoaren bidez lantzen dute euskara, gozamenari lotuta. Hala ere, asko zabaldu da mapa, eta hezkuntza arautuaren bitartez modu naturalean iritsi dira bertso-eskolak lehen ez zeuden lekuetara». Bilakaerak, mapa betetzen eta osatzen joateaz gain, aniztasuna ekarri du: «Talde berriak sortu dira, beren buruak modu desberdinean ulertzen dituztenak, eta horrek aberastu egin du mugimendua».
«Garrantzitsua da argitzea zergatik uzten duten bertso-eskola emakume helduek»
Oihana iguaran
Kontuan izanda mugimenduaren ezaugarrietako bat bertso-eskolen autonomia dela -Elkarteak «baliabideak eta zerbitzuak» eskaintzen dizkie, baina bakoitza da bere buruaren jabe-, aniztasuna denetarikoa da. Hala ere, talde gehienak bat-batean trebatzen aritzen direnenak eta hasiberrienak dira: 259 taldetatik 125 eta 87, hurrenez hurren. Kide denak ez dira bertsolari bilakatuko, baina horixe da bertso-eskolen ekarpen interesgarrienetako bat: «Gazte asko euskara lantzera hurbiltzen dira bertso-eskolara, eta bide batez ikasten dute plazan egoteko modu bakarra ez dela bertsotan aritzea, badaudela oholtza eta bertsolaritza bizitzeko beste modu batzuk. Entzule bezala ere gehiago gozatuko dute, konpartituagoa izango da esperientzia».
Zantzuak zantzu, abiapuntua baino ez dira datuak, eta arlo askotan sakondu beharko da aurrerantzean «indarrak non jarri» erabakitzeko. Bertsozale Elkartea bereziki lantzen ari den generoaren esparrua da horietako bat.
Badago datu oso esanguratsu bat: haurren artean, nesken eta mutilen kopuruak antzerakoak dira; helduen artean, berriz, %30 dira emakumeak eta %70 gizonak. «Azterketa gehiago behar dira. Garrantzitsua da argitzea zergatik uzten duten bertso-eskola emakume helduek». 112 irakasletik emakumeak 30 baino ez izatea ere adierazgarria da. Eta inportantea, «batez ere erreferentzialtasunaren aldetik».
Irakurri gehiago