Hiru bertsolari realzale eta hiru athleticzale, aurrez aurre
Derbiaren atariko hamaikagarren bertso saioa, hiriburu batean jokatzen ez den aurrena, Azpeitiako Soreasu antzokian egingo da datorren ostiralean, 22:00etan
ELI AIZPURU
AZPEITIA.
Asteazkena, 25 apirila 2018, 10:05
Zapatuan Anoetan jokatuko den Realaren eta Athleticen derbiaren atarian, hamaikagarrenez eta 'Bat egin!' lelopean, Bertso Derbia ospatuko da. Berritasun nabarmena izango du gainera. Lehen aldiz, saioa hiriburuetatik atera eta Gipuzkoako herri batean, Azpeitian, ospatuko da. Soreasu antzokiak hartuko du bertsolarien arteko derbia, ostiralean, 22:00etatik aurrera. Iker Iriarte izango da gai-jartzailea sei bertsolarientzat, hiru bertsolari izango dira talde bakoitzean. Aurtengo edizioan ondorengoak izango dira: Reala ordezkatuz Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Maddalen Arzallus. Athleticen aldetik, bestalde, Etxahun Lekue, Jone Uria eta Anjel Mari Peñagarikano.
Sarrera doakoa izango da, baina aurrez gonbidapenak eskatu behar dira kulturaz.eus atarian edo Sanagustin kulturgunean.
-
Real Sociedad Andoni Egaña, Amets Arzallus eta Maddalen Arzallus.
-
Athletic club Etxahun Lekue, Jone Uria eta Anjel Mari Peñagarikano.
-
Gai jartzailea Iker Iriarte.
-
Antolatzaileak Real Sociedad Fundazioa, Athletic Fundazioa, Kulturaz kooperatiba, Azpeitiko Udala eta Lanku.
Real Sociedad eta Athletic Fundazioek, Kulturaz Azpeitiko Kultur Mahaiaren kooperatibak, Azpeitiko Udalak eta Lankuk elkarrekin lan egingo dute derbiko aurreko jardunaldia sendotzeko eta lehen aldiz hiriburuetatik aterako dela nabarmendu dute. Bertso Derbiaren orain arteko edizio guztiak Donostian edo Bilbon egin dituzte. Hori dela eta, Real Sociedad Fundazioko kide den Joseba Ibarburu «oso gustura» agertu zen atzo Soreasu antzokian egindako aurkezpen ekitaldian, egitasmoa, sei urteren ostean, hirietatik atera izanagatik.
Saioa hiriburuetatik atera eta herri batera doan lehen aldia da ostiralekoaSarrera doakoa da eta gonbidapenak aurrez eskatu behar dira kulturaz.eus atarian
Bi futbol taldeen fundazioek duela sei denboraldi erabaki zuten, elkarlanean, egitasmoa abian jartzea, «kirola, kultura, futbola eta euskara batzeko» asmoarekin. Derbiak konpetizioak izateaz gain «batasuna» ere badirelako. Ordutik aurrera, partidak jokatu diren guztietan ospatu da ekitaldi hau. Hemendik bi astera emakumezkoen derbia ere jokatuko dela gogorarazi zuen Ibarburuk, eta Realaren aldeko apustua egin eta faboritotzat eman zuen realzaleen taldea Bertso Derbiaren lehia honetan. Izan ere, zapatuko derbiari men eginez, sailkapenean Reala Athleticen aurretik dela gogoratu zuen realzaleak. «Reala aurrean da sailkapenean, baina zein izango da faborito bertsotan?», esan zuen, «guk bi txapeldun ditugu eta Maddalen izango da kapitaina», gogoratu zuen hitza hurrengoari eman aurretik eta bertsozaleei Soreasu betetzeko deia eginez.
Aitor Bengoetxea Kulturaz Kooperatibako kideak ere saioa hiriburuetatik ateratzeko keinua eskertu zuen, «lurraldetasun hori gehiago landu» behar delako, «bai kirolean eta baita kulturan ere».
Azpeitiko Udalaren aldetik, Iosu Labaka Kultura batzordeburuak ere esker onak luzatu zituen. «Ekitaldia erakargarria da guretzat ere, Azpeitian realzale asko dago, athleticzale batzuk ere bai eta bertsozale ugari», baina batik bat, hiriburutik atera eta saioa «euskararen hiriburura eta bertsoaren unibertsitatera» datorrela aipatu zuen, Landetako bertsolarien eskola gogora ekarriz. «Euskal kulturaren aldeko espresio hauei babesa ematea beti da pozgarria», jarraitu zuen, eta azkenik «herritarrak eta herritarrak ez direnak» bertso saioan parte hartzera eta gozatzera animatu zituen.
Bi taldeetako kapitainak izango diren Anjel Mari Peñagarikanok eta Maddalen Arzallusek bertsotan amaitu zuten agerraldia. Mezu berdintsua luzatu zuten biek ala biek: «...Larunbatean dugu derbia eta esaldia 'Bat egin!' / Ordu eta erdian nork irabazi ez da izango atsegin / Gero guztiok bat egin daigun besarkada haundi batekin», abestu zuen Peñagarikanok. «..kultura eta kirol mundua askotan dira etsaitu / Athletic eta realzaleek ere zenbat gaizto aipu / Emakumeak berdin gizonak gaiten arreba anaitu / Bertso Derbiak banandu baino elkartu egiten gaitu», aldiz, Arzallusek.