Borrar
Muere a los 96 años el arquitecto Frank Gehry
Joseba Apaolaza aktorek pisu handiko pertsonaiak eraman ditu oholtzara. F. DE LA HERA

«Bere sakontasuna duen ikuskizuna da 'Ergela'»

Txalo Produkzioak etxeak euskarara ekarri du Jordi Casanovas kataluniar idazlearen 'Idiota' antzezlan arrakastatsua

Larunbata, 20 urtarrila 2018, 11:31

Comenta

Txalo Produkzioak konpainiak 'Ergela' antzezlana ekarriko du Donostiara datorren astean. Aktore lanean, bi aktore oso ezagun: Joseba Apaolaza (Urretxu, 1960) eta Sara Cozar (Ordizia, 1980). Hona hemen istorioaren abiapuntua: froga psikologiko batzuetara aurkeztu da protagonista, diru pixka bat irabazteko asmoz. Psikologo misteriotsu batek galdera sorta tranpatia egingo dio, gure tontolapikoa urduritasunak jota utzi arte.

– Aurkeztu oraingo lan hau, 'Ergela' antzezlana.

– Jordi Casanovasek idatzia da eta gurea euskarazko bertsioa da. Estilo aldetik etiketatzeko zaila da. Komedia tonuan hasten da eta, aurrera egin ahala, beste gauza bat bilakatzen da. Bere sakontasuna duen ikuskizuna da. Protagonista muturreko egoera batean aurkitzen da. Gabinete psikologiko batera azaltzen da, ondo ordaindutako froga psikologiko batzuk egiteko, diruz gaizki baitabil, negozioetan porrot egin duelako.

– Zuzendaria, berriz, Begoña Bilbao.

– Bai, badira hamar urte gutxienez berak zuzentzen dituela Txalo Produkzioak etxeko lanak.

– Txalo Produkzioak etxearekin zer-nolako harremana izan duzu?

–Ni izan nintzen Kanpingags etxearen sortzaileetako bat. Hiru lagun ginen, eta gero Txalorekin elkartu ginen, Txaloko Xabier Agirrerekin, alegia. Baina konpainia utzi nuen eta azken hamar-hamabi urteetan lanik egin gabe nengoen haiekin. Enpresa utzi nuen eta neure kasa ari izan naiz.

– Calixto Bieitoren 'Obabakoak' antzezlanean lan handia egin duzu. Jendearen gogoan geldituko da.

– Lan handia izan da. Bitarteko aldetik, aktore kopuru aldetik-eta handia izan da. Obra oinarritutako liburua bera ere handia da. Autoreak, Bieitok, aukeraketa egin behar izan zuen Atxagaren testu multzo horretatik, eta hor jadanik interpretazio bat dago. Egia da bi ordu ematen dugula oholtzan, atera gabe, eta bai, obra esijentea da.

– Ikusleentzat ere esijentea zen. Liburua ezagutzen ez duen jendearentzat antzezlan trinkoegia, agian.

– Apustua hori zen. Ia-ia irakurketa dramatizatu bat zen, eta arreta handia eskatzen zuen. Bartzelonan ere izan ginen, Teatro Lliuren, eta han ere euskaraz jardun ginen, azpidatziak erabilita. Artean prestatu gabe baitzegoen gaztelaniazko bertsioa. Han ohituta daude –hemen baino gehiago– beste hizkuntza batzuetako antzezlanak ikusten.

– Emanaldi gehiago izango al ditu 'Obabakoak'-ek?

– Baliteke Madriletik pasatzea urrian-edo. Ez da gauza ziurra.

– Dramaturgia aldetik, oholtzan egoteko modua-eta, hori dena Calixto Bieitok erabaki zuen? Zuk zeuk ere erabaki al zenuen?

– Bieitok zerbait eman bazigun, izan zen askatasuna. Egia da prestaketa garaian gurekin ezin zuela denbora guztian egon, zeren bazituen Alemanian ere bere egitekoak, baina egon denean, beti konfiantza handia eman du. Nire kasuan, konkretuki, Bieitok zerbait erantsi zion Atxagaren testuari. Werfel ingeniariaren semearen kontakizunarekin hasten da, baina gero pertsonaiari jarraipena ematen dio, zer da eta erotuta bukatzeko.

– Nola bizi izan zenuen prestaketa lana? Oso neketsua izan zen?

– Ez nuke hainbeste esango. Baina, adibidez, testu bat defendatzea bizikleta baten gainean konplikatua da. Ez zaude lurra zapaltzen, baina horretara ere ohitzen zara. Bukaera aldera, erotuta dagoen tipo baten larruan sartu behar izan nuen. Sekula horrelakorik egin gabe nengoen. Baina zer du paper horrek? Izugarrizko askatasuna. Ero batek, azken batean, nahi duen guztia egin dezake. Bieitok esan zidan: «¡Te meas!» Gero ikusi ninduen sudurra ukitzen eta: «¡No, no, cómete el moco!»

– Eta eroarena inoiz egin gabe zeunden?

– Bai, inoiz ez. Gero, Oscar eta beste sari handi horiek horrelako paperak egindako aktoreei ematen zaizkie. Joko handia ematen dute horrelako paperek, adibidez nahi duzun bezala egin dezakezu barre.

– Eta 'Ergelak' antzezlaneko paperak ere joko handia ematen dizu dramatismo aldetik?

– Bai, guztiz muturreko egoera batera iristen delako pertsonaia hori.

– Iaz Bieitorekin egin zenuen lan, aurten Begoña Bilbaorekin. Zuzendari bakoitzak bere eskuliburua izango du, baina beti lagungarri aktoreontzat, ezta?

– Konfiantza oso garrantzitsua da, eta bai batak bai besteak konfiantza asko eskaintzen dizute. Baina, munduan baldin badaude bi zuzendari guztiz ezberdinak, bi hauek dira.

– Zu 80ko hamarkadan pasatu al zinen Antzerti eskolatik?

– Ez zidaten utzi, esperientziarik ez neukalako. Zer esperientzia eduki behar nuen 21 urterekin? (Barreak). Han, buru, Etxebeste eta Eujenio Arozena zeuden. «Zer esperientzia daukazu?», galdetu zidaten. Eta ni artean Magisterioko ikasketak bukatu berriak, horixe besterik ez. Ez ninduten hartu, baina zorionez bide luzea egin dut.

– Lehenbizi zer taldetan jardun zinen?

– Orain taldean. Bi lan egin nituen, bigarrena Madrildik etorritako José Carlos Plaza ospetsuarekin: 'Divinas palabras'. Saritua izan zen. Gero José Carlos Plaza honek 'Carmen Carmen' opera musikala sortu zuen, bi urte eta erdi iraun zuena. Bada, hasi eta handik sei hilabetera ni hasi nintzen bertan, Toni Cantóren ordezko. Hura izan zen nire soldaduska, José de Agirrebengoa pertsonaiarena egiten nuen, astean bederatzi funtzio. Kasik mila funtzio egin nituen.

– Zure ofizio honetan zaila izaten da egonkortasuna.

– Boladak izaten dira. Esango dizut: iazko lehen seihilekoa oso lan gutxirekin pasatu nuen. Eta 2016an, berriz, bost ikuskizunetan jardun nintzen. Ikasi dut ofizioa, antzerkian lan ederrak egin ditut, baina tamalez, telebistan eta zineman tamaina handiko pertsonaiak faltatu izan zaizkit.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Bere sakontasuna duen ikuskizuna da 'Ergela'»

«Bere sakontasuna duen ikuskizuna da 'Ergela'»