Azken hitzorduak galtzaile arrakastatsuenekin
Jon Plazaolak eta Aitziber Garmendiak irailaren 1etik 4ra eskainiko dituzte Victoria Eugenia antzokian 'Losers (Galtzaileak)'-en azken lau emanaldiak
nerea azurmendi
Larunbata, 27 abuztua 2022, 20:11
Oporrak irribarretsu amaitu nahi dituztenek antzerki eskaintza ezin aproposagoa dute hurrengo egunotan Donostiako agertoki nagusian, Victoria Eugenia antzokian. Datorren astearte eta asteazkenean 'Kutsidazu bidea, Ixabel' fenomenoan oinarritutako musikalarekin barre egiteko aukeraren ondotik, alegia, beste fenomeno bat helduko da eszenatoki berera irailaren 1etik 4ea: 'Losers (Galtzaileak)' antzezlan arrakastatsua.
Kasu honetan, gainera, baliteke azken aukera izatea Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia eszenatokian estreinakoz elkartu dituen antzezlana ikusteko. Ez dago esaterik modu guztiz kategorikoan Donostian eskainiko dituzten lau funtzioak azken-azkenekoak izango direnik. Ziurtatu daiteke, ordea, bolada luze baterako lozorroan geratuko dela, beste proiektu batzuetan murgilduta baitabiltza bi protagonistak.
Bikote bat, bi momentu
'Losers (Galtzaileak)' 2019ko abuztuan estreinatu zen Donostiako Antzoki Zaharrean, Aste Nagusian. Txalo Produkzioak konpainiak ekoitzia eta Begoña Bilbaok zuzendua, hiru urteko ibilbidea egin du, pandemia bat tartean, euskarazko eta gaztelaniazko bertsioekin.
Katalanez sortu zen, baina, Marta Buchacaren testuan oinarrituta, eta 2014ko udaberrian heldu zen lehen aldiz oholtzara. Idazleak berak sailkatu zuen antzezlana komedia erromantikoaren kategorian, eta zehaztu zuen bi atal zituela: «Aurrena, maitemintzearena; bigarrena, ondoren datorrena».
Telefonoak saltzen diren denda batean ezagutuko dute elkar bi protagonistek, bata erosle eta bestea saltzaile; biak ere galtzaile galantak, 40 urteen bueltan ezkongabe, pisu gabe, seme-alabarik gabe, anbizio handirik gabe... Giroa batere erromantikoa ez izan arren, hantxe piztuko da, bat-batean, elkarrenganako erakarpena, elkarrekiko maitasuna.
Hilabete batzuen buruan, ikusiko da zertan den harremana egunerokotasunaren eta bizikidetzaren bahetik igaro ostean; zer gelditzen den, zerbait gelditzekotan, lehen une hartako liluratik, zerk eusten dion benetan bikoteari.
Hori guztia, jakina, Garmendiak eta Plazaolak menderatzen duten komedia erregistroan, bi pertsonaiak –Sandra eta Manuel– aktoreon neurrira idatzita daudela ematen baitu. «Egokitzapen txiki batzuk egin genituen Marta Buchacaren baimenarekin, eta biek obra beraien terrenora eraman dute, izugarri potentea da bien arteko konbinazioa», dio Txalo Produkzioak konpainiaren zuzendari Xabier Agirrek.
Aitziber Garmendiaren eta Jon Plazaolaren profilen konbinazioak bestelako onurak ere ekarri dizkio proiektuari, bertsio bietan erakarri baititu ikusle asko, euskarazkoan zein gaztelaniazkoan. Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpo.
Ukaezina da 2020ko udaberrian mundua hankaz gora jarri zuen covid-19ak sei hilabete lehenago estreinatutako antzezlan bati egin zion kaltea. «Bolada oso txarra izan zen. Emanaldi asko suspenditu behar izan genituen, aurreneko hilabeteetan zein ondorengo gorabeheretan», dio Agirrek, baina erruz eman diete buelta zailtasunei.
Izan ere, 130 bat emanaldi eskaini dituzte. Hiriburuetako antzokietan egon dira –Donostiara hirugarrenez datoz–, jakina, baina herriz herri ere ibili dira, aretoak betetzen eta, maiz, aurretik finkatutakoei funtzioak eta egunak gehitzen, inor ez zedin gelditu 'Losers (Galtzaileak)' ikusi gabe.
Ikusle gazteak
Testuaren, oholtzarako egokitzapenaren eta antzezleen lanaren «freskotasuna eta gertutasuna» dira, Agirreren ustez, arrakastaren gako nagusiak. Lortu dutenak, besteak beste, antzokietara publiko gaztea erakartzea: «Sare sozialetan ere ikaragarrizko segimendua izan du, jende gaztearekin konektatzea lortu du».
Eta jarraituko luke ikusle gehiagorekin konektatzen, oraindik ere jasotzen baitituzte emanaldi gehiagorako eskaerak. Erabakia, baina, hartuta dago. Estreinatu zen tokian esango du agur. Edo gero arte. Momentuz, Victoria Eugenia antzokiko lau funtzio hauek –laurak euskaraz, ez da apustu makala– dira azkenekoak. Aitziber Garmendiak eta Jon Plazaolak oholtzan osatzen duten bikoteak, berriz, izango du segida, baina 2024 urtera arte itxaron beharko da lankidetza hori zertan gauzatuko den jakiteko.